Imanol Landa alkateak adierazi du "defizit eta zorpetzerik gabeko" aurrekontua dela, "osoko bilkuran onartzea bermatzen duten hiru sentsibilitate politiko desberdinen sostenguarekin lortua".
Bestalde, Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, "udal-zergak izoztu ditugu, ekitaldi honen hasieran Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk Getxon adostu zutenez".
Aurrekontuak herritarren ekarpenakaz aberastu direla esan du Amaia Agirre Komunikazio, Herritarren Parte-Hartze eta Gardentasun zinegotziak. José Luis Landa zinegotzi sozialistak gauza bera azpimarratu du: "Berdintasunaren aldeko gizarte justua izateari lehentasuna ematen dioten aurrekontuak dira".
Udaleko agintariek aldarrikatu dute egoera ekonomikoa saneatuta dagoela. "Beste urte batez, aurrekontuak ez dauka zorpetzerik aurrekontuko gastuak edo inbertsioak finantzatzeko". Maileguetan 3,05 milioi euroko murrizpena aurreikusten dute.
Inbertsioei dagokienez, handiena etxebizitzaren sustapenari lotutakoa da: 4.200.000 euro. Ignacio Uriarte Ogasun zinegotziak azpimarratu du kalitatezko oinarrizko zerbitzuetan 48 milioi euroko inbertsioa egingo dela.