Bestalde, milioi bat baino gehixeago bideratuko dute 2018ko parte-hartzea sustatzen duten aurrekontuetan herritarrek lehenetsitako proiektuak finantzatzeko, eta 200.000 euro Santa Anan (Areeta), Getxo Txukun egitasmoagatik eratorritako jarduketa batzuetarako.
Parte-hartzea sustatzen duten aurrekontuen kasuan, 90.000 euro irisgarritasuna hobetzeko bideratuko dira: igogailu berri bat ipiniko dute, Aiboako geltokiko malda arintzeko; 100.000 euro gehituko dira, 500.000 euroraino, zazpi komun publikotarako (lau berriak izango dira, bi berriztatuko dira, eta beste bat egokitu); eta 55.000 euro parke eta lorategiak hobetzeko partida gehitzera bideratuko dira.
Getxo Txukun prozesuan dauden 200.000 euroetatik 167.000 euro Bidebarrieta kalea (Amaia eta Ibaibide artean) berriztatzeko izango dira, plataforma bakarra bihurtuz. Gainerako 33.000 euroak Amaia kaleko autobus-geltokia (anbulatorioaren ondoan) berriztatzeko inbertituko dira, daborduko bukatuta dauden beste jarduketa batzuekaz batera.
Zuzenketak eta eztabaida
Aurkeztutako lau zuzenketak ezetsi egin ziren: lehenengoa, Guk, EH Bildu eta Ciudadanos alderdiek aurkeztu zuten, diruzaintzako gerakineko 300.000 euro Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteak erabiltzen duen eraikinaren saneamenduko eta mantentze-anei bideratzeko. Beste hiruak EH Bildurenak izan ziren: 500.000 euro eskatu zituzten, Romoko nagusien etxearen eraikinean eguneko zentroa eraikitzeko, Emakumeen Etxea sortzeko eta fidelizazio komertzialeko txartela martxan ipintzeko erabil daitezen, hurrenez hurren. Udal Gobernuaren eta PPren ustez, udal-eraikinen mantentze-partida nahikoa da, "aurreko urteetan frogatu denez". EH Bilduk planteatutako fidelizazio-txartelari dagokionez, Udal Gobernuak uste du indarrean dagoen GetxoBono proposamena askozaz ere eraginkorragoa dela eta, betiere, horixe bultzatu beharko litzatekeela.
Bai Gukek bai EH-Bilduk kreditu gehigarrietako askoren kontra bozkatu zuten; hala nola, bide publikoko inbertsioen aurka, "zehaztasun eta zorroztasun ezagatik, ez baita zehaztu noiz eta zelan gauzatuko diren planteatutako proiektuak". Udal Gobernuak erantzun zien "hain zuzen ere, galderak egiteko eta zehaztasunak emateko daudela informazio-batzordeak".
Beste kasu batzuetan, GUK eta EH Bildu abstenitu egin ziren: berbarako, 2018ko parte-hartzea sustatzeko aurrekontuetatik eratorritako aipatutako hiru jarduketentzako eta Getxo Txukun prozesuko kreditu gehigarriaren kasuan. Eztabaidaren erdigunea alderdi bakoitzak parte hartzeaz duen kontzeptua izan zen.
La Terraza udal-eraikina ostalaritzako esplotazio legez lizitatzea
Modu berean, osoko bilkuran, arauzko izapideak hastea baimendu zen, prozedura irekiaren bidez, Algortako Ereaga hondartzan dagoen La Terraza udal-eraikinaren esplotazio-zerbitzua emateko. Udalak, higiezinaren titularra den aldetik, hura lizitatuko du, 2. taldeko jarduerako ostalaritzako establezimendua (tabernak, kafetegiak, jatetxeak...) izan dadin. Kontratuak 10 urte iraungo du, beste 5 urtera luzatu ahal direnak; eta enpresa adjudikaziodunak 5.231,71 euro ordaindu beharko ditu hilean, gutxienez, gehi BEZa.
Kontratu berrirako, langileen subrogazioa ezarri da (gaur egun 20 dira), eta berdintasuneko eta hizkuntza-normalkuntzako klausulak ezarriko dira.
Mozioak
Udalbatzak lau mozio ontzat eman zituen; testigantza izaerakoak dira, ez lotesleak.
Horrela, Gukek mozio bi aurrera atera zituen. Lehenengoaren bidez, besteak beste, Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaie beharrezko jarduketak egin ditzatela, Europako Komisioaren plastikoaren inguruko helburuagaz bat egiteko: besteak beste, EBko merkatuko plastikozko ontzi denak birziklagarriak izan daitezela 2030erako, plastikoaren kontsumoa murriztea, mikroplastikoen erabilera mugatzea, eta bilgarri guztiak berrerabilgarriak edo birziklagarriak izan daitezela 2030. urterako. Horretan, daborduko lanean dabiltza Getxoko hondakinak kudeatzeko taldeak eta erakundeak, Hirigintzako zinegotziak adierazi zuenez. Guk-en beste mozioak, PPk trantsakzionatu zuenak, eskatu zuen Neguriko geltoki zaharreko eraikinaren titulartasuna har dadila eta haren erabilera definitzeko parte-hartzeko prozesua has dadila.
Beste mozio bateratu bat ere aurrera atera zen, Guk, EH Bildu eta Ciudadanos alderdiek aurkeztua, Udalak bitarteko material eta giza-baliabide nahikoak bermatu ditzan eta aurrekontua egin dezan Romoko Kultur Etxeak bere jarduera (gimnasioa, liburutegia...) Lope de Vega kaleko kokalekuan egiteko, eta Romo Kultur Etxe berrira eroandako ile-apaindegiko, podologiako eta fisioterapiako zerbitzuak hara bueltatzeko. Udal Gobernuak ez zuen mozioa babestu: "eraikinak irekita jarraitzen du eta Ibar Nagusien Etxea elkarteak hura erabiltzen jarrai dezake. Elkartea ez da lekuz aldatuko eta eraikina ez da itxiko, harik eta osoko bilkuran akordio bat lortu arte. Udalak adineko pertsonentzako udal politikak garatuko ditu, adineko getxotar guztientzat, Romo Kultur Etxean, legegintzaldiko planean jasotzen zenez". Gainera, Udal-gobernuak gogora ekarri zuen "aukera bikaina" dela "lurzorua askatzeko eta etxebizitza babestuak eraikitzeko gazteentzat, eraikin horretan".
Ciudadanos taldearen mozio bat ere onetsi zen, udal-gobernuari eskatzeko beharreko gestioak egin ditzala eta beharrezko baliabideak ezar ditzala datorren uztailaren 1ean Getxon Donizzetiren Lucía di Lammermoor operaren zuzeneko emanaldiaz gozatu ahal izateko; Teatro Real de Madrid-ek eskainiko du, bere 200. urteurrenean.
Jendearen galdera eta eskaeren txandan, Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko ordezkariak berba egin zuen eta bere aldarrikapenak azaldu zituen.