EH Bilduren arabera, Gobernu-taldearen eta PPren artean adostutako akordio horiek "atzerakoiak" ziren: "ez zizkieten inondik inora getxoztarrek egun dituzten arazo handienei erantzuten". Hori dela eta, aurrekontu horiek ez onartzea "pozteko" arrazoia eman dezakeela aitortu arren, horiek onartzeko egin den kudeaketa "lazgarria" salatu du taldeak: "seriotasun gabekoa dela irizten diogu gertatutakoari eta getxoztarren beharrizanekin jolastu baino ez da egin".
Hala, EAJren arduragabekeria ere agerian utzi gura izan du koalizio abertzaleak, "Espainia mailan gertatutakoaren menpe utzi baitituzte Getxoko herritarren gastuak, inbertsioak, eta udalerriaren eta herritarren bizitza garapena". Hori dena "konfiantza, seriotasunik ez eta egonkortasun faltsu bat" saltzen duen alderdi bategaz (PP) akordioa eskuratzeagatik gertatzen dela ondorioztatu du EH Bilduk.
Era berean, EAJren arduragabekeria ere nabarmendu gura izan du udal-talde horrek; deitoratu duenez, jeltzaleek bost hilabete daroatzate aurrekontuak negoziatu gabe, "gehiengo absolutua balu bezala gobernatu nahi du". Gainera, aurrekontuak osatzeko kudeaketan egindako "akatsak" azaleratu dituzte EH Bildukoek, herritarrentzako kalteak bihurtu dituztelakoan: "Akatsak eragin zuen ez-ohizko bi bilera deitzea, dirua xahutzea eta orain horrek guztiak ez du ezertarako balio izan".
Azkenik, aurrekontuen eztabaida eta posizionamendua Udalbatzan azaltzea eskatu du EH Bilduk, alderdi denek euren jarrera eta emendakinak azaldu ahal izateko. Horren harira, Imanol Landa Getxoko alkateak gaur egitekoa zen ezohiko osoko bilkura bertan behera utzi izana deitoratu du koalizio abertzaleak, "oposizioko udal talde guztiek egindako lana udalbatza prestatzeko mesprezatzen eta herritarrei eztabaida ukatu diolako".