Getxoko 2018ko aurrekontuetarako akordioa apurtu du PPk, EAJren "desleialtasunagatik"

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 6a, 16:10

Jose Luis Landak (PSE-EE), Imanol Landak (EAJ), Koldo Iturbek (EAJ) eta Eduardo Andradek (PP) aurkeztu zuten akordioa. © GETXOKO UDALA |

Getxoko udal-gobernuagaz (EAJ eta PSE-EE) 2018ko aurrekontuaren inguruan adostutako hitzarmena apurtzeko erabakia hartu du PPk. Gobernu-taldea "oso damututa" dago popularrek hartutako alde bakarreko erabakiagatik eta eskua luzatu die udal-talde denei, "elkarguneak eraikitzen jarraitzeko".

Raquel González Bizkaiko PPren presidenteak iragarri du gaur bere alderdiak Getxoko Gobernu-taldeagaz hartutako akordioak apurtuko dituela. Aurrekontuak eztabaidatzeko bezperan egin dute popularrek iragarpena; hartara, litekeena da aurrekontuak aurrera ez ateratzea, EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu-taldeak ez duelako behar besteko gehiengoa horiek aprobatzeko. Hartara, Imanol Landa Getxoko alkateak bihar, eguenerako, deituta zegoen ezohiko udalbatzarako deialdia bertan behera uztea erabaki du.

Horren harira, PPk baieztatu du ez dela jeltzaleez fio, talde horrek Mariano Rajoyren zentsura mozioaren inguruan hartutako erabakiaren ondoren.

Getxoko udal-gobernuaren adierazpena

2018ko aurrekontuaren inguruan adostuta zegoen hitzarmena apurtzeko popularrek hartu duten alde bakarreko erabakia dela eta, Getxoko udal-gobernuak honako hau adierazi du:

1. Udal-gobernua oso damututa dago Getxon aurrekontuaren inguruan sinatutako akordioa alde bakarretik apurtzeko PPk hartu duen erabakia; izan ere, aurrekontu hitzarmen hori argi eta garbi onuragarri zen getxotarrentzat, udalerriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak bultzatzea zekarrelako, hala nola Areetako Xake plazaren zaharberritzea, Neguriko geltoki zaharraren eskualdatzea edo etorkizuneko Getxoko hirigintzaren definiziorako oinarrizko printzipioen zehaztapena.

2. Udal-gobernuak uste du PP dela Getxoko bizilagunen aurrean azalpenak eman beharko dituena, hots, zergatik zigortzen diren getxoztarrak, akordioa apurtu izana justifikatzeko arrazoitu dituen Udalaz gaindiko zirkunstantziengatik.

Hau da, zergatik Getxok pairatu behar dituen espainiar Estatuaren eremuko politikagintzan sortutako egoeren ondorioak.

3. Dena den, PPk hartutako erabakiari garrantzi izpi bakar bat ere kendu barik, halako konpromiso garrantzitsu bat, itxita dagoena eta jendaurrean aurkeztu dena, ez betetzeak aurrekari bat suposatzen baitu, udal-gobernuak ez dio etsiko bere ahaleginari, udalerriak aurrera egin dezan errazteko; eta  horretarako, elkarrizketa eta desberdinen arteko akordioa funtsezko tresnak dira. Eta hitzarmena apurtzeko PPk alde bakarreko erabakia hartu badu ere, gobernuak bere eskua luzatzen dio berriro aipatutako alderdiari, baita Udaleko gainontzeko alderdiei, elkarguneak eraikitzen jarraitzeko, hiritarren mesedeetan.

4. Azkenik, PPgaz sinatutako hitzarmenean jasotako proiektu eta ekimenen balorazioa gordetzen du beretzat, udal-aurrekontuaz gaindi dituen tresnakaz haiek bultatzea erabakitzeko, beti ere 2016-2019 Legegintzaldi Planean agindutakoa kontuan hartuz, legegintzaldi honetako bide-orria finkatzen baitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun