Lan-hitzarmen propioa lortu dute Getxoko hondartza-garbitzaileek

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 8a, 08:59

Zazpi behargin arduratzen dira udalerriko hondartzak garbitzeaz.

Euren lan-baldintzak arautuko dituen zentroko hitzarmena edukitzeko akordioa adostu dute Getxoko Hondartzak 2015 enpresako beharginek, arduradunakaz egindako negoziaketaren ondorioz.

Eguraldia horren erakusbide ez den arren, uda-sasoia heltzear dago, eta horregaz batera inguruko hondartzez gozatzeko garaia. 2012an, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten Getxoko Areeta, Ereaga, Arrigunaga eta Gorrondatxe-Azkorri hareatzak garbitu eta egokitzeko lanak finantzatzeko. Hala, Getxoko Hondartzak 2015 ABEEko zazpi beharginak arduratzen dira gaur egun hondartza horiek denak herritarrentzat prest edukitzeaz.

Garbiketa-lanak, udako hilabeteetan, 04:00etatik 10:00etara egiten dira, eta gainerakoetan 06:00etatik 12:00etara bitartean. Horren truke, garbitzaile horien soldata ez da 1.000 eurora heltzen, aparteko ordainsariak hainbanatuta dauzkaten arren. Modu berean, beharginek salatu dute ez dutela subrogatzeko eskubiderik ezta inolako lan-hitzarmenik ere, ez delako existitzen hitzarmen probintzialik. Deitoratu dutenez, hitzarmen estatalak ez ditu lan-orduak, soldatak, lizentziak eta oporrak erregularizatzen, "baina ez digute hori ere aplikatzen, ea eskubideak dauzkagula pentsatuko ote dugun", diote ironiaz.

Beharginek jakinarazi dute horrelako egoeraren batean egon direla azpikontratatutako bestelako zerbitzuak udalerrian, eta horren ordez lan-hitzarmen propioa ipini dietela, hala nola kale-garbitzaileei, lorezaintzako langileei eta TAO zerbitzuan dabiltzanei. Horren aurrean, euren lan-baldintzak erregularizatuko dituen lan-hitzarmena aldarrikatu dute Getxoko Hondartzak 2015 ABEEko zazpi beharginek, baita lortu ere.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, joan den ekainaren 1ean bildu ziren langileak enpresagaz. Bilkura horretan, hondartza-garbitzaileek eskatu zuten Getxoko kale-garbitzaileek daukaten lan-hitzarmena edukitzea eurek ere, baina enpresak hori gehiegizkoa zela azaldu du, dirurik ez dagoelakoan. Horren ordez, langileek beste proposamen bat egin zioten enpresari, eta hark bestelakoa beharginei, eta horixe bera onartzea erabaki dute, ELAren berbetan. Hala, Getxoko hondartza-garbitzaileek hiru urteko lan-hitzarmena edukitzea lortu dute, hau da, datozen hiru urteetan beharginen lan-baldintzak hobetzeko zentroko hitzarmena. Modu horretan, Getxoko hondartza-garbitzaileek soldataren % 16ko igoera lortu dute, baita asteko lanorduak 36 izatea ere, besteak beste. Hasiera batean eskatzen zuten dena lortu ez duten arren, negoziaketen bidez eskuratutakoaren balorazio "oso positiboa" egin dute sindikatuak eta langileek, "garrantzitsuena lortu delako". Datozen egunetan sinatuko dute alde biek akordioa.

Enpresaren eta beharginen arteko negoziazioaren harira, Jose Luis Landa Getxoko Ingurumen Arloko zinegotziak azaldu du auzi horretan ere beste batzuetan eduki duen jarrera berberari eutsi diola Udalak. Hain zuzen, "akordiorako deia egin du Udalak; negoziazio kolektiboaren esparruan, enpresa eta langileen arteko negoziazioan eman behar zaio irtenbide bat lan-gatazkari".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun