Barikuan, berriz, pertsona ospetsu gehienak iritsiko dira, eta 11:00etatik aurrera entrenamendu libreen saioa aurreikusita dago; iluntzean, 21:00etatik aurrera, barbakoa egingo da, eta Purple Vellocet eta Pizza Knife taldeek musika-kontzertuak egingo dituzte.
Skate Astearen egun handia zapatua izango da, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketa profesionalak eta masterretakoa egingo baitira. Denera, 45.000 euro banatuko dituzte sarietan, eta berretsitakoen zerrendan honako hauen mailako "skater!"-ak agertzen dira: Nilo Peçaña eta Biano Bianchin (Brasil); Rune Glifberg (Danimarka); Dran Van Der Linden (Holanda); Martino Cattaneo (Italia); Vincent Matheron eta George Poole (Frantzia); Alex Halford, Jordan Thackeray, Sox Watkins eta Sam Beckett (Ingalaterra); eta Jaime Mateu (Herrialde Katalanak). Aipatu behar da master-proban iazko irabazlea izango dela, Nicky Guerrero danimarkarra. Bestalde, emakumeen norgehiagokan, Chloe Bernard frantsesaz gainera, Amerikako Estatu Batuetako Jordyn Barratt gaztea izango da, soilik 16 urtegaz munduko onenetarikoa izatera iritsi dena. 10:00etan entrenamenduak hasiko dira, eta 12:30etik 19:30era arte, hiru txapelketak egingo dira. 21:00etatik aurrera, Wodywood Cutters, Estrons eta FAVX-en kontzertuagaz amaiera emango zaio Getxon egingo den skate-egun handiari.
Aurreko edizioetan bezala, La Kanterako pool-aren inguruetan harmailak ipiniko dituzte, eta jarduera denak doakoak eta sarrera librekoak izango dira.
Trafikoaren etenaldiak
La Kantera Invitational-en finalak San Juan gauagaz batera egingo direnez, ekainaren 22ko (barikua) goizetik 23ko (zapatua) gauera arte, Udaltzaingoak Altube eta Artagan kaleetako sarrera itxi egingo du ibilgailuentzat. Gainera, azken urteetan, egun hauetan Udaltzaingoak egin ohi duen moduan, segurtasuneko dispositibo berezia ipiniko dute, arrasti-gauean gorabeherarik egon ez dadin eta jendeak kirol-jai eta jai sozial handi batez gozatzeko aukera izan dezan.