Charenée Wade kantariak, konpositoreak eta moldatzaileak jazz-eszenako etorkizun handiko artista dela erakutsi du azken urteotan. Carnegie Hallen Dianne Reevesen musikari-tailerrean parte hartzeko hautatu zituzten lau talentu gazteetako bat izan zen, eta lehenengo finalista Thelonious Monk nazioarteko ahots-lehiaketan. Halaber, Betty Carterren Jazz Ahead Program (Kennedy Center, Washington) ekimen ospetsuan parte hartzeko hautatu zuten.
2011n bere karrera diskografikoa hasi zuen "Love Walked In" lanagaz, eta 2015ean argitara atera zuen "The Offering", Gil Scott-Heron eta Brian Jacksonen musikari eginiko omenaldi berritzailea eta abangoardiakoa. Une honetan, bere hirugarren lanaren grabaketa prestatzen dabil, abesti originalez erabat osatuta egongo dena.
Talde Lehiaketan, Alacanteko Pepe Zaragoza tronpeta-jotzaileak eta konpositoreak joko du boskote formatuan. Gaur egun, Valentziako jazz musikari gazteenen artean izenik esanguratsuenetako bat da; "La plaça dels somnis" bere debuteko lanagaz kritika onak jaso ditu estatu-mailan. Hirugarren Milurtekoa atalean, berriz, M.A.P. hirukote katalana ariko da. Proiektu berritzaile horren bitartez doinu eta estilo zabalduak erritmo akademikoakaz uztartzen dira, betiere inprobisazioaren aldeko apustua eginez.
Erakusketa
Jazzaldia dela eta, uztailaren 29ra arte, Iosune Olaeta artista bizkaitarraren "Negro sobre negro: alma de jazz" pintura-erakusketa izango da Algortako Torrene Aretoan. Bertan, jazzaren munduko pertsonaia ospetsuaren zuri-beltzeko hogei bat lan egongo dira ikusgai.