Elkarrizketak

Lucrecia Masson: "Gorputza oinarrizko leku bat da aktibazio politikorako"

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 5a, 13:07

Lucrecia Masson "Transfeminismos: epístemes, fricciones y flujos" ( txalaparta, 2013) liburuaren egileetako bat da, "Activismo gordo" izeneko atalarena, hain zuzen. CC-by DANI BLANCO

Lucrecia Masson (Argentina, 1981) ekintzaile feministak gorputz-disidentzia jorratzen dituen hainbat artikulu kaleratu ditu, eta gai horretaz mintzatzera hurbildu zen joan den ekainaren 16an Algortara. Beragaz egin dugu berba.

Ekintzaile transfeminista izateaz gainera, "deskolonizazio bidean dagoen sudaka eta lodia" zarela aipatzen duzu. Berba bi horiek mespretxua adierazteko erabili ohi dira gizarte honetan. Zergatik erabiltzen dituzu zeure burua deskribatzeko?

Jota Bombaça lagun kutun afroamerikar batek esaten duen legez: "Kolpea bueltatzeko". Mespretxuzko identifikatze hori desaktibatzeko egiten dut. Neureganatu egiten ditut esamolde horiek, eta nire egitetik, erakusten dut zer-zelako biolentzia dagoen beste norbait identifikatzeko aukeretan. Era berean, uste dut modu horretan indarrean dauden opresio-estrukturak agerian uzten ditudala. Hala, irainari buelta emateaz gainera, gizartean betetzen dugun lekua argi uzten dut, opresioaren estrukturatik kanpo edo barruan gauden, alegia. Sudaka iraina da hemen, baina euraka, aldiz, ez. Pribilegioaren leku horretatik, munduan europarra izatetik, bestea izendatu daiteke, arrazaren ikuspegitik. Lodia ere niretzat posizio politikoa da, gorputzaren ikuspegitik, eta uste dut gorputza oinarrizko leku bat dela aktibazio politikorako.

Gorputz lodia kolonizatutako gorputza dela esaten duzu askotan. Mota horretako gorputzak "txarragoak" balira bezala hartzen dira; argaltasuna, aldiz, gailendu egin da...

Gorputz lodia ikuspegi antikolonialetik militatzea garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dut. Nire kasuan, ezin dut zeharkatzen nauten gauzetatik isolatuta loditasunean pentsatu; beharrezkotzat jotzen dut gorputzaren kolonizazioaren inguruko galderak egitea. Mendebaldeko zuri modernoaren zibilizazio-proiektua zenbateraino dago txertatuta gure gorputzean? Hortik datoz zenbait gorputz-arazo; inoiz ez dira neutroak, ezta kolore bakoak ere.

Mendebalde gizartean argal eta lirain egoteko dieta egin behar dela esan ohi da...

Militarismo hutsa da, ezta? Uste dut hori gorputza diziplinatzea dela. Lirain egoteko kontuz ibili behar garela esaten digute, linea jakin baten gainetik edo azpitik ez egoteko. Dietak, jan-neurriak... Gorputzaren "erregimentazioa" argia eta ebidentea da.

Loditasuna kontrolerako dispositiboa da?

Nire laguna den Laura Contrerak gorputzen poliziaz egiten du berba. Aurreko galderan "erregimentazioa" aipatu dut, hau da, gorputzaren diziplinazioa. Gustuko dut esatea norbait lodia dela egoera horri aurre egin gura diolako. Gizarteak aldatzeko eta muzin egiteko aginduak ematen dizkigu uneoro, hau da, gure gorputza bizitzeko izan behar garenera hurbildu guran: argalak.

Lodi egoteak osasuntsu ez gaudela esan gura du?

Lodi dagoen oro osasuntsu ez dagoelako eta argala den edozein osasuntsu dagoelako ideia baztertu beharra dagoela uste dut. Hori ez da horrela, kasu denetan. Gorputz denak ezberdinak dira. Bizitza posiblea da askotariko neurrietan, eta gorputz bakoitzak jakingo du zer den ondo egotea norberarekiko. Izan ere, pisu jakin batetik gora egoteak ez du esan gura osasuntsu ez gaudenik; bestelako gauzek ere eragina dute osasunean.

Noiz erabaki zenuen zure gorputza erabiltzea borroka-zelai modura eta berau politizatzea?

Gaztea nintzenean, hurrengo denboraldirako argalago egotea izaten zen nire desirarik handiena. Neguan indar handiz desiratzen nuen udaberrirako argalago egotea. Memoria dudanetik, mantendu den ia desiorik bakarrenetarikoa izan da hori. Ildo horretan, nire gorputza militatzera eraman ninduena izan zen inguruko beste emakume batzuk nire egoera berdinean zeudela ikustea. Hainbat kidek sentitzen genuen gauza bera, eta horrek eragin zuen kolektibotasunetik lan egiten hastea.

Normalean, norbaitek beste bat iraindu gura duenean, lodi moduko adjektiboak erabiltzen ditu. Argi dago eraso matxista dela emakumeekiko, baina, gizonezko bati lodi deitzen diotenen kasuan ez da hala izaten. Gizartea eraikita dagoen moduaren ondorioa da?

"Lodia" esangura asko dituen berba da. Lodia utzikeria da, sexya ez dena, borondate bakoa, baldarra, desiragarria izateko aukerarik ez daukana... Irain oso gogorra da hori, eta min egiteko erabiltzen dugu, eragin handia duelako. Horri aurre egiteko lan egiten dugu, eta horretan gaude, zauri hori ahazten.

Lodifobia ezberdina da emakumeen eta gizonezkoen kasuan?

Bai, esango nuke baietz, ezberdina dela. Bizi garen gizarte zuri, moderno eta mendebaldeko honetan, bai behintzat. Publizitatean, berbarako, argaltzeko beharraren agindua emakumeengana joan ohi da.

"Epistemologia rumiante" izeneko lanean "behi" berba erabiltzen duzu ezarritako arautik kanpo dagoenaren metafora modura. Zer dela eta?

Nigaz zerikusia daukalako erabiltzen dut terminologia hori. Behiak nire haurtzaroagaz oso lotuta egon dira, eta euren erritmoagaz egiten bat dut nik ere. Geldoa sentitzen naiz, behi baten moduan. Gainera, behi berba ere lodiak iraintzeko erabiltzen da askotan; hori dela eta, hitz hori  ere erreskatatu gura dut.

"Hausnarkaria ez da azkar mugitzen, abiadurari aurre egiten dio eta ez du irabazi gura". Esaldi horren bitartez gizartearen kontra doanaz berba egiten duzu, denaren gainetik produzitu gura duen gizartearen kontra...

Bai. Gizarte hori modernoa eta mendebaldekoa da, eta kapitalismoa da bere produkzio-eredua. Baina horrek denak oinarri sakonago bat dauka: aurrerabidearen aitzakian mundu osora hedatzen ari den kolonialismoa, alegia. Aipatu dituzun ideia horiek denak aurrerabide horregaz daukate zerikusia, eta uste dut horiek ere ahaztu behar ditugula, alde batera utzi.

Zer motatako prozesua egin daiteke gorputzen askotarikotasuna pertsonen dibertsitate modura ulertzeko eta ez baztertuta dagoen zerbait modura?

Ez dakit, uste dut habitatzen ditugun guneak eraldatzen hasi behar garela, asmo unibertsalistarik gabe. Ni nire eremu txikitik has naiteke; zu zureaz arduratuko zara?

Transfeminismora bueltatuz, zelan definituko zenuke mugimendu hori?

Ez dakit transfeminismoa bere horretan definitu dezakedan edo ez; niretzat esperientzia bat da, mundukoa, politikoa eta gorputzekoa. Era berean, modu arin batean esango nuke askotariko borrokak zeharkatzen dituen feminismoa dela, historikoki mugimendu hori ezaugarritu duen «emakume» subjektuaren ataria handitzen duena, hain zuzen. Esan beharra dago, transfeminismoagaz, horrela bakarrik deituta, bestelako adjektiborik gabe, feminismoagaz gertatzen den berdina gertatzen dela. Hau da, zuriena da soilik. Izan ere, hura zein den argitzeko bigarren izenik edo abizenik ez duen feminismoa zuria da, eta badaude bestelako feminismoak: komunitarioa, beltza...

Aipatzen duzun feminismoaren zeharkakotasun hori zeintzuk eremutara zabaldu daiteke?

Uste dut, eta esatea gustatzen zait, transfeminismoak falta diren gorputzak kontuan hartzen dituela. Hortaz, zeintzuk gorputz falta diren oraindino galdetuko nuke.

Askotan aipatzen duzu aliantzak sortzea beharrezkoa dela, zergatik?

Gorputz-pilo batek bere lekua edukitzeko, eta hori lortzeko berebizikoa da sarea osatzea aliantzen politika baten bitartez. Audre Lorde-ren berbak berreskuratuta, esango nuke ezberdintasunaren etxea habitatu beharra dagoela. Gorputzen politikek alde batera utzi ezin dezaketen desafioa dago hor: dibertsitate eta edertasun denak hartzen dituzten gorputzek bere lekua edukiko luketen habitata eraiki beharra dago. Modu horretan, denborazkotasun ezberdinak egon daitezke, bestelako abileziak, eta gorputzaren produktibitatea eta zahartasuna birpentsatu ahalko lirateke, besteak beste.

Zelan egin daiteke hori?

Egoten, denbora ematen eta elkar ezagutzen. Uste dut elkarregaz egote hutsak ahalmen handia daukala. Ez dago inolako errezetarik horretarako, eta ez dut errezeta unibertsalik gura; are gehiago, horren kontra nago. Hori dela eta, uste dut ezagutzen dudana aktibatu dezakedala soilik. Hala, elkartze, elkar bizitzen eta ezberdintasunaren etxean bizitze horrek erakuts ditzake aliantza horietan bizitzeko eta pentsatzeko gidalerroak.

Zer-zelako garrantzia dauka borroka kolektiboak?

Borroka denak kolektiboak direla ulertzen dut nik. Gorputzaren kasuan ere, ezin da norbanako modura politika egin. Borroka kolektiboa garrantzitsua izatea baino, behar bat dela esango nuke, abiapuntu bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun