Juan Luis Martínez de Luna Basarte "Txutxo" barik Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaiak oso-oso bestelakoak lirateke... Urtero-urtero, Kolas plazako balkoitik egiten duen "Rooooooomo!" deiadarrak itzubaltzetar eta kanpotar denak jai-giroan murgilarazten ditu; Romo eta Athletic futbol-taldeen zale amorratuaren "gerra-oihuari" ozen aldarri egiten diote balkoiaren beheko aldean batutako dozenaka lagunek. Hasi dira jaiak! Eta harro-harro hor doa Txutxo kalejiraren buruan, aurreko jaietako 40 bat zapiz apaindutako inarrari eten barik eraginez.
Martínez de Luna Itzubaltzetako jaietako "errege" aho batez izendatzeko, ez da egon bozkatu beharrik ere; bere izaeragaz itzubaltzetar denen bihotzak irabazi ditu eta Txutxok. Horrez gainera, 60eko hamarkadatik festen alde egindako lanak ere bere eragina izan du erabaki horretan; Romo Futbol Taldearen hirugarren presidentea ere izan zen... Hala ere, gizon umila da Txutxo; auzokoek «onena» dela esaten dioten arren, "beste auzokide bat baino ez" erantzun ohi du berak.
Esker onekoa ere bada: "bihotz-bihotzez eskertzen diet auzokideei ematen didaten maitasuna; baina, ahal dudana baino gehiago ez dut egiten. Ez dut inor baino gehiago izateko asmorik". 71 urteko jaizaleak iragarri duenez, "75 urte betetzean erretiratuko naizela esaten diet batzuei, txantxetan... Gorputzak iraun artean bultzatuko ditut Itzubaltzetako jaiak!".