Portu Zaharreko igogailuaren harira

Getxoko EH Bildu 2018ko uzt. 10a, 18:11

Getxoko EH Bilduko zinegotzia den Ibon Rodríguezek (argazkian, ezkerretik bigarrena) ere parte hartu du ekitaldian. © GETXOKO UDALA

Gaur, uztailaren 10ean, auzokideek eskatutako igogailua inauguratzen da. Poztekoa den arren, ezin diogu utzi aspektu ezberdinen inguruan gure ardurak azaltzeari; alde batetik, ondareari eta paisaiari dagokionez; eta beste alde batetik, eramandako prozesuari begirako kezka.

Urteetan Portu Zaharreko auzokide askoren eskakizuna izan da igogailu bat bertan ezartzea; jakin badakigu Portu Zaharra postal polit bat baino askoz gehiago ere badela, Algortako auzokide askoren bizilekua, hain zuzen. Ezinbestekoa ikusi dugu hasieratik auzokideek egindako irisgarritasun-eskariari erantzutea; bertan bizi direnei eta bereziki mugikortasun arazoak dituztenei, lagunduko dien neurria, igogailuaren ezarpena hain zuzen ere. Ondarea eta paisaiari begira, berebiziko garrantzia izan behar du, Getxoko EH Bilduren aburuz, berezitasunak dituzten, eta ondare historikoak diren elementuetan, gizakiaren zein teknologiaren esku-hartzea ahalik eta leunena izatea, paisaia ez hondatu, ezta espazioaren izaera ere ez suntsitzeko. Hori da, gure ustez, gailendu behar den politika, baldintza eta aukera teknikoak horren pean jarriz. Zoritxarrez, kasu horretan eta ikus dezakegun bezala, ez da irizpide hori gailendu, eta gustuen alorrean sartu barik, esan behar dugu igogailuak auzokideek hainbeste zaintzen duten mendeetako tokiaren alterazio-bisual nabarmena ekarri duela, bertako paisaia esanguratsua apurtzeraino.

Bestalde, adierazi behar dugu igogailua ezartzeko prozesuan zehar faltan izan dugula auzo-partaidetza, baita bertakoekin elkarrizketa-bide gardenak zabaltzea ere, diseinua edota igogailuaren nolakotasunaren inguruan eztabaidatu eta adostasunetara heltzeko xedez.  

Portu Zaharreko igogailuan, beste zenbait kasutan bezala, helburuan kointziditzen dugu, baina ez hori erdiesteko moduan; zeinek ez daukan maiz herritarren iritzia helburu ez eta gure herriaren izaera, historia eta ikuspegi paisajistiko eta arkitektonikoa gordetzea. Aipatu Getxo Antzokia, Txiki Otaegiko enparantza, edota Romoko Kultur Etxea. Horien artean aipatzekoa dugu ere margotu berri duten Jeneratxurako bidexka berdea, bisualki inpaktu nabarmena eragiten duena.

Asko dira gure herrian PNVk darabilen politikaren adierazgarri, EH Bilduren ustez, aldatzea ezinbestekoa duguna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun