Pla eta Barrutieta bosgarren sailkatu dira munduko txapelketan

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 23a, 17:11

Barrutieta eta Pla, artxiboko irudian, Saioa Jaurenagaz batera. © GETXO RUGBY TALDEA

Bàrbara Pla eta Uribarri Barrutieta Getxo Rugby Taldeko jokalariak bosgarren postuan sailkatu ziren Munduko Zazpiko Errugbi Txapelketan, AEBko San Frantzisko hirian.

San Frantziskoko Munduko txapelketa horretan Zeelanda Berria txapeldunak eta Frantzia, Australia eta AEBko potentziek baino ez zuten amaitu Espainiaren gainetik, alegia, Bàrbara Plak eta Uribarri Barrutietak jokatu zuten selekzioaren gainetik. Pedro de Matiasek gidatutako taldea zerrendako bigarren selekzio europear onena izan zen, "berriz ere erakutsita denboraldi honetan egindako lan itzela", Basque Team fundazioak nabarmendu duenez.

Pla eta Barrutietaren taldeak munduko txapelketaren hasiera zail bati egin behar izan zion aurre, lehenengo neurketa Fijiren kontra izan baitzen baina ez zuten arazorik izan 12 eta 19 nagusitzeko. Hitzordu horretarako planteatu zuten helburua lortu zuten horrela: munduko zortzi selekzio onenen multzoan sartzea.

Final laurdenetan Australiako olinpiar txapeldunak izan zituzten aurrez aurre. Hasieratik maldan gora jarri zitzaien norgehiagoka; horren erakusle izan zen 0 eta 34ko behin betiko markagailua. Porrotaren ondoren helburua garbia zen: Munduko txapelketan bosgarren tokia bereganatzea, balentria mardula. Kanadaren aurka eman behar izan zuten lehen pausoa, eta sendotasunez eman zuten, kanadarrak 26 eta 14 menderatuta.

Beraz, azken oztopoa gainditu eta bosgarren postua erdiesteko, Irlanda azpiratu behar zuten. Bigarren zatirako neurketa irekita geratu zen eta dena emozioz beteriko azken txanpan erabaki zen. Defentsan indar guztia atera eta azken unera arte borrokan jarraitu behar izan zuten 7 eta 12 irabazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun