Aixerrota garbitzeko zerbitzu bereziak ipini dituzte eguenera arte

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 24a, 17:54
Garbiketa lanak, atzo. © GETXOKO UDALA

Atzo hasi zituzten Aixerrotako zelaia garbitzeko lanak, iaz baino langile eta baliabide material eta tekniko gehiagogaz. Zerbitzu berezi horiek eguenera arte izango dira beharrean. Ostean ohiko garbiketa egingo dute.

Itxas-Argia elkarteak antolatutako Paellen Nazioarteko Txapelketa joan den domekan ospatu zen eta, ohi legez, jendetza batu zen lehiaketan parte hartzen eta inguruetan giroaz gozatzen. Hala, aurten hondakin-tona asko batuko dituztela aurreikusi ditu Udalak. 2017an, paellen ondoren 163 hondakin-tona erretiratu ziren: 111 egur-tona, ia 15 zabor-tona, 2,5 tamaina handikoak eta 34 tona gainontzeko hondakinakaz.

Horregatik, aurten, astelehenetik eguenerako zerbitzu hori indartu da, 27 pertsona gehiagogaz. Euren lana izango da materialak prestatzea ondoren sailkatuta eramateko, hau da egurra, zabor, beira, tamaina handikoak eta abar. Udalak aurreikusi du datorren barikutik aurrera garbiketa-zerbitzuak ohiko baliabideakaz jardutea.

Honako hauek dira darabilten hogei ibilgailuak: hondeatzeko makina bat, egurra batzeko kamioi handi bi, hiru kamioi atzealdekoak, alboko zamako kamioi bat, kamioi kuba bi, hiru kale-garbigailu eta zortzi ibilgailu-brigada.

Aurretik emandako zerbitzuak

Aurten, Udalak jairako 40 bat edukiontzi berezitu jartzeaz gainera, kuadrillei beirarako eta organikorako poltsak ere eman zizkien, eta horregatik hondakinen sailkapen-datuak hobetzea espero du.

Udalak parte-hartzaileen laguntza eta ulermena eskertu du, bereziki Itxas-Argia elkarteak kudeatutako lehiaketaren ingurukoena, aurreko edizioetan baino garbiago eta zainduago utzi dutelako gunea. Modu berean, Itxas-Argia elkarteari berari eskerrak eman dizkio bere kolaborazio eta inplikazioagatik.

Azkenik, Udalak azpimarratu du bost argi-dorre ipini dituela Aixerrotako inguruetan, "zapatuko eta domekako gauetako segurtasuna areagotzeko". Udalak azaldu duenez, "hori dela eta, gazteen gurasoen eskerrak jaso" ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun