Gatazka-ostea eraikitzeko bideak aztertuko ditu Getxophotok, irailaren 5etik 30era

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 27a, 17:17

Errealitate birtualeko "The Sun Ladies" dokumentala eskainiko du Getxophotok. Esatu Islamikoari aurre egiten diote emakume gerrillariez dihardu obrak. © CELINE TRICART & CHRISTIAN STEPHEN

Datorren asteko eguaztenean, irailak 5, hasiko da aurtengo Getxophoto. Hamabigarren ediziora ailegatuko da honenbestez Begihandi kolektiboak antolatutako argazki-jaialdia, oraingoan gatazken osteko elkarrizketa-bideei arreta emanez, eta beti bezala espazio publikoari lehentasuna eskainiz.

Ereagako hondartzaren eta Portu Zaharraren arteko inguruan ipiniko dituzte obrak, baita Algortaren erdigunean ere. Jaialdiaren muina hogei erakusketak (banakako zein taldekako) osatuko dute, hainbat herrialdetatik etorritako 23 egileren lanak agertuko dituztenak. Bigarrenez, Monica Allende bilbotarra izango da Getxophotoko komisarioa.

"Gatazka-ostea: elkarrizketa berreraiki" aukeratu dute 2018rako goiburu. Mota guztietako gatazkak (teknologikoak, ekologikoak, pertsonen artekoak...) izango dira azterbide, batez ere haien osteko berreraikitze-garaiari dagokionez.

Antolatzaileek hainbat lan nabarmendu gura dute aurten erakutsiko diren guztien artean. Horietako bat "Equivalence. The Ecological Footprint of Fish" izeneko argazki-sorta da, Algortako Merkatuan paratuko dutena. Chow & Lin artista asiarrek egindako 4.000 erretratu txikerrez osatuta dago, eta arrain-haztegiek ekosistemei eragin dizkieten inpaktuei kritika zorrotza da.

Aipatzeko beste lan bat "The Blue Skies Project"da, Anton Kusters argazkilari belgikarrak Getxophoton lehenengoz erakutsiko duena, eta Europan egon ziren 1.078 kontzentrazio-esparruen gaineko zeruak agertzen dituena, judutarren holokaustoa gogora ekarri guran. 1.078 polaroid kamerarekin egindako lana da.

Markel Redondo bilbotarrak droneak erabiliz jaso ditu Espainiako "adreiluaren krisia" esaten zaion horren ondorio ikusgarrienak. Josh Begley kaliforniarrak, berriz, AEBen et Mexikoren arteko mugaren 3.100 kilometro inguruen gaineko bidaia egitera eroango gaitu, Google Earthen sateliteek egindako 200.000 irudiren bitartez. Herrialde biak bereizteko Donald Trump estatubatuar presidenteak iragarritako harresiaz hausnarraraztea da helburua.

Hain zuzen, Trump izango da Getxophoton zeresan gehien emango duen proposamenaren protagonista. Hainbat egunez, presidentearen aurpegia daukan koltxoneta erraldoi baten gainera salto egiteko aukera emango du "Jump Trump" izeneko ekimenak. Irailaren 6tik 9ra egongo da koltxoneta ipinita Getxo Antzokiaren barruan.

Itxialdia Begoñako Galerietan... eta beste

Datorren astean egingo diren beste ekimen artean, azpimarratzekoa da Itxialdia. Irailaren 7an, egun osoz, parte-hartzaileak Begoñako Galerietan elkartuko dira, argazkilaritza-munduko pertsonaia esanguratsuakaz berba egiteko irudiaz eta sormenaz. Biharamunean, irailak 8, Bisitaldi Berezia egingo zaie erakusketei San Nikolas plazatik abiatuta, egileak eta jaialdiko komisarioa buru, eta amaitzeko marmitako-jana herrikoia egingo da Maria Cristina parkean.

Beste ekimen asko ere izango ditu Getxophotok: gaueko bisitaldiak, bertoko argazkilariakaz hamaiketakoak, ohe baten gainean etzanda filmak ikusteko aukera, jaialdiko egileakaz elkarrizketak... Lotura honetan ikus daiteke egitarau osoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun