Getxoko udaltzainek jazarritako baserritarrak bendejagaz segitzen du

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 4a, 17:26

Herritar asko gerturatu zen barazkiak erostera.

Uribe Kostako Agroasanbladak egindako deialdiari erantzunez, hainbat lagunek babesa eman zioten Getxoko udaltzainek bere produktuak Itzubaltzetako elizaren aterpean saltzea debekatu zioten baserritarrari, atzo, irailaren 3an. Joan den astean ez bezala, ez zen poliziarik agertu.

UKagroasanbladak azaldu duenez, joan den astelehenean aipatutako baserritarra bendejagaz zebilen Itzubaltzetan, elizako aterpean, eta udaltzainak berarengana joan eta handik alde egiteko eta berriro saltokirik ez ipintzeko esan zioten.

Hala, bezeroari zuzen-zuzenean saldu ahal izateko eta beragaz zuzeneko harremana edukitzeko aukera aldarrikatu zuten atzo eskualdeko baserritarrek: izan ere, "ez daukagu saltzeko aukera handirik", UKagroasanbladako kideek kexu direnez. "Gure aukerak urriak dira. Bendeja supermerkatuak agertzeaz batera desagertuz joan da", azaldu zutenez. Bestalde, atzokoa ekintza isolatua ez dela adierazi zuten; aurrerantzean ere ekimenak egiten segituko dute, azokak berpizteko. Hori dela eta, horietan parte hartzera eta laguntzera deitu dituzte herritarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun