Virginia Díaz Bulgarian da, Munduko Arraun Txapelketako finalean sartzeko prest

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 6a, 13:05

Virginia Díaz, Banyolesen entrenatzen. © ESPAINIAKO ARRAUN FEDERAZIOA

Jorge Pineda Getxo Arraun Taldeko kidea legez, Virginia Díaz Areetako Raspas arraun-elkarteko kirolaria Plovdiven (Bulgaria) da honez gero. Bertan jokatuko da Olinpiar Arrauneko Munduko Txapelketa, irailaren 9tik 16ra; Díazek finaletan leku bat lortzeko asmoa dauka.

Díazek sei aste pasatxo eman ditu Gironako Banyoles herrian, Espainiako selekzioagaz kontzentratuta, munduko txapelketa prestatzeko. Raspasek zabaldu duenez, getxoztarrak "sentsazio onak" ditu eta "ilusio handiz dago, erronka garrantzitsu horren aurrean". Aurten, lehenengo aldiz, selekzioaren kontzentraziora joan da Marcos César Moralesegaz, alegia, bere entrenatzaile eta klubeko prestatzaile tekniko nagusiagaz. Moralesek hurretik segitu du arraunlariaren jarduna: "Aukera horrek konfiantza emango digulakoan gaude, hobetzen segitu ahal izateko. Prestaketa ona izan dugu. Milia asko egin ditugu eta abiadurari dagozkion datuak onak dira. Sentsazioak ere, ezin hobeak" aipatu du prestatzaileak. Horrenbestez, arraunlaria sasoi betean eta gogo handiz iritsiko da Munduko Txapelketa, orain arte egindako lanak emaitza eman dezan.

Virginia Díaz skiff-modalitatean (1x) lehiatuko da, ontzi oso estuan; modalitate horretan 25 arerio izango ditu. Hasteko, finalerdietan sartzeko aukera dauka, ondoren, finaletan sartu eta iazko 11. postua hobetu ahal izateko. Hori dena, aurtengo Tarragonako Mediterraneoko Jokoetan brontzezko domina lortu eta gero.

Basque Teameko bekak

Azkenik, Raspas arraun-elkarteak eskertu dizkie euren babesa eta konfiantza Getxo Kirolak udal-erakundeari, Basque Team fundazioari –horren beka jaso dute aurten bai Díazek baita Moralesek ere– eta klubaren babesle denei; izan ere, "euren babesa eta konfiantza ezinbestekoak dira gure arraunlariak pertsona eta kirolari gisa heldu daitezen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun