Tropelean nazioarteko txirrindulari ugari daude eta, haien artean, Jonathan Castroviejo (Sky) itzubaltzetarra; Kirol Portutik abiatuko da pelotoia 13:00etan, irteera neutralizatuan. Horrela, Arriluze kaia, Areetako moilako pasealekua, Txurruka eta Tomás Olabarri moilak, Máximo Agirre eta Eduardo Coste kaleak zeharkatuko dituzte; ondoren, udalerritik irtengo da itsasadarraren errepidetik Bilborako bidean, bertan egingo baita etaparen irteera ofiziala. "Polizia talde bietako agenteak ezarritako ibilbidean zehar kokatuko dira jardunaldia arazorik gabe gerta dadin", Getxoko Udalak zabaldutakoaren arabera.
Trafiko-aldaketak
Eguaztenean, hilak 12, 08:00etatik 14:00ak arte, gutxi gorabehera, Kirol Portuaren sarrera mugatua izango da, Arriluzeko biribilgunetik, eta aldez aurretik baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira igaro bertatik.
Tomás Olabarri kalean, 12:00etatik 13:30era arte, Bizkaiko Zubiaren ibilgailuen sarbidearen erreia moztuko da. Portugaletetik datozen ibilgailuak pasatu ahal izango dira 12:30 arte eta, segurtasun-neurriak direla eta, sarbidea itxiko da 12:30etik 13:30 arte.
12:45etik 13:30 arte zirkulazioa eta garajeetan sartzea etengo da Evaristo Churruca kalean, 2 -8 zenbakietan, eta Tomás Olabarri kaian, 1-15 zenbakietan.
Gainera, trafiko-mozketa puntualak izan daitezke zenbait lekutan, lasterketaren ondorioz. Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak herritarren kolaborazioa eskatu dute; modu berean, ibilgailu partikularrik ez erabiltzea eskatu dute, lasterketaren ibilbide-inguruetan.