Gobernu-taldea (EAJek eta PSE-EEk osatuta) eta EH Bilduren artean adostu zuten 2016an neurri hori, eta azken udal osoko bilkuran PP eta Ciudadanos taldeek diru-laguntza horien alde bozkatu zuten.
Aurtengo deialdiak nobedade nagusi bi dakartza. Bata, urtebeteko edo azken bost urteetan hiru urteko antzinakotasunagaz egun erroldatuta daudenez gainera, gutxienez Getxon 10 urtez erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko gazteek ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntza horiek. Bigarrena, 100metro koadrotik gorako pisuei dagokiena, hileko 900 euroko errenta ordaintzeko laguntza 1.200 eurora igoko da, baldin eta pisu berean gutxienez bost lagun elkarregaz biziko badira; pertsona horiek errentamendu-kontratuko titularkide gisa egon beharko dute.
Edonola ere, kasu egin beharko zaio Getxoko gazteentzako etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezarritakoari; oinarriak Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Eskaerak bestalde, herritarren arretarako bulegoetan aurkez daitezke.