Elkarrizketak

Nerea Agirre Moragues: "Errugbian probatzera gugaz datorrenak ondo pasatuko du"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko ira. 19a, 12:53

Agirrek Uribe Kostako emakume denak gonbidatu ditu Fadurara joan eta errugbian probatzera. HODEI TORRES - HIRUKA

Nerea Agirre Moragues errugbilari algortarrak aitortu duenez, negar egin zuen denboraldi honetako lehenengo entrenamenduan, Fadurako errugbi-zelaiko belarra berriro zapaltzean; urte bat eman du errugbitik kanpo lesio batengatik. Emakume-jokalari berriak erakartzeko egin duten kanpainaz berba egin du, besteak beste.

Nazioarteko jokalari algortarrak sendi-tradiziotik jaso ditu Getxoko kolore hori-beltzak eta errugbiaren grina. Zortzi urte zituela hasi zen jokatzen, mutilakaz eta 16 urtegaz emakumezkoen taldean sartu zen; orain, 25 urtegaz, Tokioko Olinpiar Jokoak ditu helburu.

Basque Team fundazioaren beka jaso berri duzu. Zertan datza hori?

Diru-kopuru bat da, entrenamendua lan modura hartzeko. Goiz eta arrastian entrenatzen dut eta errugbira soilik dedikatzen naiz. Hala, errugbiaz bizi naiteke.

Hori barik goi-mailako lehian ibil zintezke?

Gurasoen laguntzagaz, bai; bestela, ez.

Besteak beste, Bàrbara Pla eta Uri Barrutieta taldekideakaz bat egin duzu bertan.

Bai, gainera Amaia Erbina [Cisneroseko errugbi-jokalari ordiziarra] ere badago. Aurreko barikuan egon ginen Getxo Rugby Taldeko hirurak batera entrenatzen.

Iaz, "munduko edo Europako onenen artean" dauden "goi-mailako" kirolarietako bat zarela onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Harrotasun-puntua ematen du horrek?

Niri beldurra ematen dit. Ez dakit, ez nuke nire burua horrela izendatuko inoiz ez; baina etxean harrotasunez esaten dute hori, kar, kar, kar.

Ezker sorbaldako ebakuntza egin behar izan zizuten iaz. Zelan doa errehabilitazioa?

Guztiz eginda daukat. Gogorra izan da, urte osoko errehabilitazioan min fisiko eta psikiko handiak pairatu ditut. Latza izan da, baina prest nago daborduko.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?

Lehendabizi, Getxogaz sentsazio onak izatea zelaian. Ondoren, berriz zazpiko taldean sartzen ahaleginduko naiz. Horiek izango lirateke premiazkoenak. Hortik aurrera: Munduko Serieak jokatzea, Olinpiar Jokoetara joatea… Baina apurka-apurka ibiliko naiz: lehenengo Getxo Rugby Taldeagaz disfrutatzea eta ondoren beste kontuak etorriko dira, banan-banan.

Zein da Tokioko Olinpiar Jokoetara heltzeko daukazun egutegia?

Esan legez, lehenengo urratsa da Getxogaz eta nire buruagaz zelaian ondo sentitzea. Ondoren, entrenatzaileari erakustea ondo jokatzen dudala, kalitatea ez dudala galdu frogatu arte, urte bat jokatu barik eman ostean. Taldean sartu eta Munduko Serieetan lehiatzea dira hurrengo urratsak. Munduko Serisetan ondo egingo badugu, segituan sailkatuko ginateke Tokiorako; bestela, zazpiko errugbian Europako lehenengo edo bigarren geratu beharko genuke edo, horren ezean, sailkapenetan sartu, joan den urtean legez.

"Denboraldi berriak, erronka berriak" da Getxo Rugby Taldearen aurtengo bazkidetza-kanpainaren goiburua. Zeintzuk dira erronka berri horiek?

Klubeko erronkak dira giro ona izatea eta talde indartsuak eta girotsuak izatea, eta niretzat horiek garrantzitsuak dira. Modu berean, beste asmo bat da errugbiaren filosofia birgogoratzea senior taldeetan eta, azkenik, talde bi horiek berriro ere igotzea. Baina, lehenbiziko asmoa da herriko talde-izaera berreskuratzea. Etxean gaude eta gure buruakaz eta gure kirolagaz ondo sentitu beharra dugu.

Jaitsieraren ostean, Asier Basterretxea "Baste"-k gidatuko du zuen taldea.

Orain dela aste batzuk hasi ginen beragaz. Oso gustura nago, kontuak ondo finkatu baititu. Entrenamenduak gogorrak dira, baina politak; behar genituen halakoak. Hasi da lagunarteko partiduak prestatzen; nik aspaldi ez dut halakorik ikusi. Guretzat motibazio gehigarria da ikustea gura duela gugaz horrela lan egin, lagunartekoak lantzen Euskal Liga hasi aurretik, guk dena eman ahal izan dezagun. Izugarria da. Gogotsu ageri da, eta dena aurretik prestatuta dauka.

Aurten ere, deialdi berezia egin duzue, emakume-jokalari berriak erakartzeko.

Bai. Guk, emakumeon taldeak, eskatzen duguna da probatzera etortzea, jakiteko gustukoa daukaten ala ez. Eta behin probatuta, gura duena gonbidatuta dago berriz etortzera. Joan den denboraldian, gura genuen neskak hurreratzea eta ikustaraztea emakumeok ere errugbian jokatzen dugula. Errugbian ez dago diru askorik eta emakumezkoenean are gutxiago. Hala, oso talde ona izan dugu, baina jokalari asko joan zaigu. Beraz, eskatzen duguna da proba egitea eta ondo pasatzea.

Eta zer eskainiko diezue?

Taldean giro polita daukagu; bagara denak familia bat, oso lagunak, kristoren barreak egiten ditugu egunero, oso nekatuta edo oso haserre egonda ere. Aldageletara sartu eta dena aldatzen da; zoragarria da. Niri gertatu zitzaidan, txip-aldaketa bat izan balitz, soilik girogatik: gaizki nengoela sartu nintzen taldean; eurekaz entrenatzen hasi, eta dena aldatu zen. Datorrenak ondo pasatuko du, ziur.

Euskal Ligan lehiatzea lagungarria izango da horiek taldean erosoago sentiarazteko?

Bai. Gertatzen zitzaigun jokatzen genuela Ohorezko Mailan, eta liga hori oso gogorra da. Guk daroatzagu urteak goi-mailan jokatzen, eta halere guretzat gogorra da; hortaz, berri batentzat izugarrizko maila da. Hala, iaz berriek edo ez zuten jokatzen edo gaindituta zebiltzan eta ez ziren bueltatzen. Orain, maila apur bat jaitsiko da, Euskal Ligan egonda,    eta orekatuago egongo da kontua, eta jokatu ahal izango dute, piloa. Gainera, talde gaztea garenez, polita da, denok ikasten dugulako zelaian: zaharrek, berriek, denek, baita arbitroek ere. Hori esperientzia ikaragarria izango da gazteentzat. Guk horregatik gura genuen Euskal Liga jokatu.

Lehen esan duzu helburuetako bat dela mailaz igotzea, Ohorezko Mailara bueltatzeko. Arantza Olabarria kapitainak esan dauka berriz ere mailaz igo gura izanez gero, talde bi behar dituzuela.

Bai, hori da Espainiako Federazioak ipintzen duen baldintza. Horregatik ere behar dugu jendea. Askok esaten dute eurek jokatu besterik ez dutela egin gura, zein mailan den begiratu barik. Niretzat horrela ere bada, baina pena handia ematen dit maila nagusian ez jokatzeak, hemengo emakumeok egin dezakegulako eta hori polita da. Talde bi behar ditugu eta hori hemen, Getxon, oso zaila da. Udalerri handia da, baina jende gehiagoren beharra daukagu; horregatik Uribe Kosta osoan gabiltza jendea bilatzen. Zoritxarrez, horrela neskak kentzen dizkiogu beste talde batzuei. Ez da erraza.

Aurretik ere talde konbinatuak egin dituzue, Bizkarians legez.

Bai, orain dela urte batzuk. Apur bat nahasgarria izan zen, denek jokatu gura zutelako eta normala denez, entrenatzen zutenek jokatzen zutelako. Baina asko mugitu behar genuen eta kluben nahasketagaz anabasa egon zen… Ni gaztea nintzen eta kristoren esperientzia izan zen. Berriz eskainiko balidakete, baietz esango nuke.

Bestalde, Bilbon jokatu ziren errugbi-finalen inguruan gogorarazi behar izan zenuten emakumeok ere jokatzen duzuela. Bideoa egin zenuten, eta birala bilakatu zen. Uste duzu zer edo zer eman duela gerora horrek?

Guk taldean ez dugu hainbeste nabaritu, baina kaletik bai, pilo bat gainera. Herrian denek berba egin digute bideoaren gainean, denek eman digute babesa eta partiduren bat ikustera etorriko direla agindu ere. Lehenengo partiduan harmaila osoa beteta izaten dugu.

Euskal Ligari begira zein talde izango da zuen lehiakiderik gogorrena?

Guretzat, Eibar. Badabil fitxaketa pilo egiten. Zeelanda Berrikoak etorri dira eta guretzat gogorra izango da, baina aldi berean, ederra.

Zer gurago duzu: zazpiko ala hamabosteko errugbia?

Ni aurrelaria naiz eta zazpiko jokoa ia dena da hiru laurdeneko jokoa. Hala, niretzat kirol ezberdin bi dira. Biek erakartzen naute zer edo zergatik. Baina nik nahiago dut zazpikoa, ikusgarriagoa delako eta baloia izaten dudalako gehiago nire eskuetan.

Basque Team bekak

Basque Team fundazioak joan den uztailaren 27an ospatu zuen hamargarren urteurrena, modu xelebrean: egun horretan aurkeztu zituen aurten beka jasoko duten 52 goi-mailako kirolariak eta hamaika teknikariak; denera, 580.000 euro lortuko dituzte. Multzo horretan eskualdeko kirolari ezagun asko batu da. Bekadun berriak dira Nerea Agirre eta Uri Barrutieta errugbilariak, Garazi Sanchez surflaria, Virginia Díaz arraunlaria, Diego Arana belar-hockeyko jokalaria eta Aitor Santiesteban eta Marcos César Morales prestatzaileak. Fundazioaren taldean mantendu dira Bàrbara Pla errugbilaria, Asier García saskibaloi-jokalaria eta Jon Santacana eskiatzailea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun