Adjudikaziodun suertatu den ABEEn hartu du parte orain arte zerbitzua eskaini duen enpresak. ABEE horrek gaur egun dauden langileak (hogei inguru) subrogatuko ditu, eta lehenengo urterako kalifikazio energetikoaren proposamena egitera konprometitu da, Udalak jakinarazi duenez.
Hirigintza zinegotzi den Joseba Arregik hauxe adierazi du: "Lizitazio honekin La Ola, Aixerrota eta La Terraza udaleko ostalaritza-establezimenduen jarduera eguneratu dugu eta, ondorioz, horiek birgaitu eta zaharberritu ahal izan dugu. Usategi falta da bakarrik eta, lehen esan bezala, hura lizitatu baino lehen segurtasunaren eta irisgarritasunaren alorretan esku-hartzeak egingo ditugu (eraikinari nahiz Genaratxu eta Usategi arteko konexioari dagokionez), beharrezkotzat jotzen baitira egindako ikuskapen teknikoen ondoren".
Puntua onetsi da, EAJ, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoakaz eta Guk, EH Bildu zein Ciudadanos alderdien abstentzioakaz.
1,4 milioi zorra amortizatzeko
Boto berdinakaz, Udalbatzak 1.440.617 euroko kreditu gehigarria onetsi du, udal-aurrizkiaren kargura, zor aurreratua amortizatzeko; zor den zenbatekoa bizkor murrizteko bideari ekiteko xedez, hura zerora iritsi arte. "Saldo bizia murrizten lagunduko duten aurrerapausoak egiteko unea da, legegintzaldiaren amaieran 10 milioi euro baino gutxiagokoa izan dadin (udalaren aurrekontu orokorraren % 10ekoa da gaur egun) eta, hortaz, hurrengo legegintzaldian zorra guztiz kendu ahal izateko", azaldu du den Ignacio Uriarte Ogasun zinegotziak.
Mozioak
Udalbatzak hiru mozio ontzat eman ditu, testigantza izaerakoak. PPk aurkeztu du lehenengoa, EH Bilduk transakzionatu duena; horren bitartez, eskatu dute gobernu-taldeak abian jar dezala enpresa pribatuek emandako zerbitzu publikoen (garbiketa, lorezaintza, hondakin-bilketa, etab.) kontrol- eta jarraipen-mekanismo bat; gainera, enpresa horietako langileen hitzarmenak eta baldintzak betetzen diren kontrolatzeko eskatu dute.
Beste bi mozio EH Bilduk aurkeztu ditu. Horietariko batean hauxe eskatu du: datozen hilabeteetan konpromisoa hartzeko lehen sektorean ari diren nekazari eta abeltzain, herriko merkatari, teknikari eta udal-ordezkarien arteko mahaia osatzeko, Getxon kaleko azoken bideragarritasuna aztertu eta urratsak emate aldera (udal-gobernua horretan ari da lanean, adierazi duenez). Era berean, mahai hori osatu bitartean, eskatu dute Udalak behin-behinean adostu ditzala ekoizleakaz euren produktuak saltzeko egutegi eta baldintzak, ohiko azokez gainera.
Talde horren beste mozioak, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) transakzionatu duenak, hauxe eskatu du: alde batetik, AENAri eta euskal eta espainiar Estatuko administrazioei agintzea bakoitzak bere eskumenen barruan putreen eta hegazkinen arteko ustezko talken emaitza izan daitezkeen ondorioei aurre eginez biztanleriaren segurtasuna bermatzeko lankidetzan eta koordinazioan jardun dezaten eta premiazkoak, eraginkorrak eta beharrezkoak izan daitezkeen neurriak har ditzaten; bestetik, hegazkinek egiten dituzten altura baxuko maniobrak egiten diren tokietako udalek parte har dezatela putreen eta hegazkinen arteko ustezko talken emaitzako arriskuen kudeaketan jarduten duten organoetan.