Udako bendeja-sasoiko azken egunean ere etorri zaizkio udaltzainak Itzubaltzetako baserritarrari

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 11a, 18:04

Irailaren 3an lagun ugarik agertu zioten babesa Peio Fuenteri.

Hasiera batean barazki-postua kentzeagaz tematuta zeuden arren, azkenean euren buruzagiagaz berba egiteko aukera eman zioten Peio Fuenteri, atzo, Itzubaltzetako elizako arkupeetara hurreratutako udaltzainek.

Polizia-buruak behin-behineko baimena eskatzeko gomendioa egin zion, Uribe Kostako Agroasanbladak Getxoko Udalari emateko prestatzen dabilen bendeja arautzeko proiektuaren zirriborroa baliatuta. Bitartean, udako bendeja-sasoia amaituta, aurreko urtetan legez, datorren astelehenetik aurrera Branka herriko tabernan jarraituko du barazkiak saltzen Fuentek.

Itzubaltzeta/Romoko San Jose elizako arkupeetan barazkiak saltzen zebilela, udaltzainen patruila-auto bi etorri zitzaizkion baratza Urdulizen daukan Peio Fuente baserritar itzubaltzetarrari. Kale-salmenta "debekatuta" dagoela eta, horregaz segituz gero, isuna ipiniko ziotela esan zioten poliziek laborariari.

Abuztuaren 27ko jazarraldiaren ostean, Fuenteri babesa ematera agertutako 15 lagunakaz batu zen nekazaria; horren ostean, euren buruzagiagaz telefonoz berba egiteko aukera eman zioten udaltzainek. Ordu erdiz baino gehiagoz "arautegia zein den" azaltzen ahalegindu zen udaltzain-burua. Azkenean, poliziak behin-behineko baimena eskatzeko gomendioa egin zion Fuenteri, horretarako Uribe Kostako Agroasanbladak Getxoko Udalari emateko prestatzen dabilen bendeja arautzeko proiektuaren zirriborroa baliatuta. Hala ere, daborduko amaitu da udako bendeja-sasoia; eta urtero egiten duen legez, postua elizatik Branka tabernara mugitu eta bertan salduko ditu barazkiak Itzubaltzetako baserritarrak. Bertan egiten du neguko bendeja. Bestalde, azkenean, isunik ez ziotela ipinik esan zion udaltzain-buruak fuenteri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun