Elkarrizketak

Marina González Prada: "Afizioz egiten dut; ez nuen irabazteko asmoz idatzi"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko ira. 28a, 08:00

Idaztea atsegin duen arren, Marina Gonzálezek ez dauka horretaz bizitzeko asmorik. HODEI TORRES

Julio Caro Baroja (Getxo 1) institutuan ikasten du Marina Gónzalez Prada algortarrak, DBHko bigarren mailan; 12 urte dauzka. Berak irabazi du "Txiki Baskardo" literatura-lehiaketa, izenbururik ez daukan arren, bere berbetan "Ahazten" dei daitekeen gaztelaniazko idazlanagaz; alzheimerra da istorioaren ardatz nagusia.

Nork animatu zintuen literatura-lehiaketan parte hartzera?

Irakasleak esan zigun lehiaketa egingo zutela; hala ere, nik ez neukan parte hartzeko asmorik. Baina nire amak jakin badaki, afizioz, istorioak idazten ditudala; sariketarena komentatu nionean, parte hartzeko, aukera ona izan zitekeela esan zidan.

Txikitatik gustatu zaizu idaztea?

Bai. Baina, esan beharra dago familiak ere zerikusia izan duela horretan. Amak eta aitak asko irakurri dute, betidanik. Nire nebak, ordea, ez; sendian ni naiz literatura-zale "ofiziala".

Zergatik erabaki zenuen alzheimerraren gaia hartzea?

Istorioa idazten hasteko, esaldi bat eman zidaten; andre zahar bat liburu bat bere etxean irakurtzen irudikatu nuen nik. Andreak kutxa batean aurkitutako txikitako egunkaria zen; bertan idazten segitzea erabakitzen du. Paragrafo bakoitzaren hasieran "gogoratzen dut" berbak ipintzen hasi nintzen; baina, pentsatu nuen: "Eta gogoratuko ez balu?, eta gogoratzeari utziko balio?". Istorioa biribiltzeko, akabera hori ematea erabaki nuen; hunkigarria iruditu zitzaidan.

Alzheimer-gaixoren bat izan duzu familian?

Ez. Hala ere, sendian halakorik eduki duen jendea ezagutzen dut. Bestalde, duela gutxi hil zen nire amama; istorio honegaz omenaldi txiki bat egin gura izan diot.

Irabazteak idazten segitzeko gogoak ematen dizkizu?

Egia esan behar badizut, ez nuen irabazteko asmoz idatzi; dibertigarria iruditu zitzaidalako aurkeztu nintzen. Pantailan nire izena ikusi nuenean ez nuen sinisten; amak esan zidan: "Irabazi egin duzu!". Orduan atera nintzen korrika; zeharo liluratuta nengoen. Izan ere, nire buruarentzat eta senideentzat idazten dut nik, eta besteek goza dezaten; inondik inora ez saririk irabazteko. Hala ere, ez dut baztertzen bestelako sariketaren batean parte hartzea, aukera ematen badidate. Bitartean, senideentzat zein nire buruarentzat idazten segituko dut.

Hemendik urte batzuetara idazteaz bizi ahal izatea gustatuko litzaizuke?

Ez daukat asmorik maila profesionalean honetan jarduteko, heldua naizenean. Beste plan batzuk dauzkat: musika-ikasketak egin gura ditut, eta neurri batean konposizioa eta idaztea antzekoak diren arren, aipatutako bidea jorratu nahi dut. Hala ere, ez dut inoiz idazketa bazterrean utziko.

Zer esango zenieke zure adineko neska-mutilei, idazten eta irakurtzen animatzeko?

Idaztea bakoitzaren barrenetik sortzen den gauza bat da; irakurtzea beste kontu bat da, liluragarria da. Galduta sentitzen bazara edo momentu zehatz batean zer egin ez badakizu, liburu bat har ezazu. Mugitu barik, beste leku batzuetara bidaiatzeko aukera izango duzu. Eta, batek daki. Egunen batean zeure mundua asmatzeko aukera edukiko duzu.

 

Irailaren 13an banatu zituzten sariak. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Literatura-sariak

Fernando Palazuelos eta Nerea Balda izan dira "Ramiro Pinilla" 1. Eleberri Laburren Lehiaketako saridunak. Lehenengoak gaztelaniazko lanen saria irabazi du, eta bigarrenak euskarazkoena. Gainera, Marina González Prada gazteak "Txiki Baskardo" 1. Haur Kontakizunen Lehiaketa irabazi du. Ekimen horiek Getxoko Kultur Etxeak bultzatuta daude eta sormen literarioa bultzatzea eta Pinilla idazle getxoztar ospetsuaren memoria babestea dauzkate helburu nagusiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun