Hasteko, noiztik eta nondik dator Barne Barnetik Fest edo jaialdiak egiteko asmoa?
Bost urte dira ideia hori gure buruetan bueltaka dabilela. Behin, Euskal Herrian tradizioa den moduan, mozkortuta geundela hasi ginen proiektuari forma ematen. Denok ikusten genuen Getxoko eszena musikala (giroa eta kontzertuak) hilda zeudela eta bertako gaztetxean gero eta kontzertu gutxiago egiten zirela; hala, jaialdiak antolatzeko elkartzen hasi ginen.
Zein da jaialdi horiek antolatzearen helburua?
Helburua argia da: herrian gustuko dugun musika motatako kontzertuak egitea eta, bide batez, herriko jendeari jotzeko aukera ematea. Gainera, apurka-apurka talde ezagunagoak ekarri gura ditugu, nahiz eta ekonomikoki zaila izaten den hori...
Zer-zelako harrera izan dute orain arte antolatutako ekitaldi horiek denek jendearen partetik?
Harrera nahiko ona izan da; jendeak oso gustura hartzen ditu horrelako jaialdiak, eta antolatutako bakoitzean horixe esaten digute.
Kontzertuak antolatzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzue Getxon, ezta?
Bai. Urtean zehar Algortako Hator tabernan biniloak ipintzeko saioak antolatu ohi ditugu. Hala, udalerriko taberna gehienetan entzuten ez diren estiloak ipintzeko aukera ematen dugu. Horrez gainera, ideia berriak ditugu eta datorren urtera begira, herrian, kalean, egun osoko jaialdia antolatzeko asmoa dugu.
Zelan ikusten duzue Getxoko eta inguruotako egoera musikala?
Egia esan, Getxon musika-talde piloa dago, estilo eta kalitate ezberdinetakoak. Orain, gainera, kontzertu asko daude inguruotan. Hala ere, gu harago joan nahi dugu. Gogoko ditugun taldeak eta estiloak ez dira udalek bultzatzen duten ereduaren barruan sartzen. Ez dugu honekin etekinik bilatzen; nahi duguna da mezu bat bilatzea eta askotan jo ezin duten taldeei horretarako aukera ematea.
Zer edo zeren falta igartzen duzue?
Jendeak gogoa izatea gustuko dituen taldeak herrira ekartzeko eta kontzertuak antolatzeko. Azken finean, guk egiten ez badugu ez du inork egingo gure ordez.
Zer motatako musika sustatu gura duzue? Ez dugu musika-mota zehatzik sustatu nahi. Kalitatea eta ospea gailentzen ez diren den jai-eredu baten alde egiten dugu; jotzeko gogoa izatea da nagusi guretzat.
Etorkizunean zer aurreikusten duzue?
Aspaldiko RIP taldeak esaten zuen bezala: "¡No hay futuro!".
Hurrengo jaialdia, urriaren 6an
Zapatuan, hilaren 6an, hasi berri den ikasturteko lehenengo jaialdia izango da, eta talde oso ezberdinek jardungo dute Getxoko Txorimalo gaztetxean: Algortako Garrasika, Bilboko Uger eta Legazpiko John Dealer & The Coconuts taldeak. Sarrera 4 euroan ipini dute.