Urriaren 4an ehun urte bete ziren Sorginzulo koba hormatzen hasi zirela. Algortako Ereaga hondartza parean dagoen Begoñako gazteluaren pean dago mende askoan inguruko emakumeen topalekua ei zena; galerietako euste-hormak egoerarik kaskarrenean dagoen zatiaren atzean ei dago leizearen sarrera: "Ematen du sorginak irten guran daudela", dio Fredi Paia Ruizek. Sorgin-kontuak eta kondairak alde batera utzita, urriaren 20an, zapatuan, "Euskaraldia Sorginzulon" antzezpena egingo dute algortar ezagunak sustatutako ikerkuntza etno-toponimikoan oinarrituta, Begoñako gazteluko galerietan; Getxoko Udalak, Unesco katedrak, eta Euskaraldia Batzordeak antolatu dute ekitaldia.
Lanaren gidoigilea Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarra izan da. Agerian utziko du galerien beheko partean duela ehun urte zegoen kobazuloaren existentzia. Sorginzulo emakumeak elkartzeko gunea izan zitekeen, elkarregaz berba egin ahal izateko leku atsegina, Algortako Portu Zaharretik eta Areetako Bizkaia Zubitik gertu, gizonezko marinelen eta langileen zain zeuden bitartean. Paseoan zebiltzan andreen babeslekua ere izan zitekeen, eguraldi txarra zegoenean.
Urriaren 20ko antzezlana Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ondarea, emakumeen emaria" goiburuko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan dago, besteak beste, toki eta izenaren oroimena eta emakumeen protagonismoa berreskuratzeko balio izango duelako; eta Euskaraldiaren barruan ere bai, gure historia euskara barik ezin denez ulertu, datorren hilean euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketaren helburuakaz bat datorrelako. "Uste dugu oso lan berezi eta politagaz gozatzeko aukera izango dugula, gure historiaren parte bat berreskuratzen lagunduko duena eta, aldi berean, emakumeen protagonismoa, bere izenaren bitartez, eta euskararen erabilera sustatzen lagundu gura duena", aipatu du Getxoko Udaleko Euskara zinegotzi Koldo Iturbek.
Ehun urtez galduta
Fredi Paiak gogora ekarri du herritar zaharrenen oroimenari esker izan zuela kobazulo horren berri. Tamalez, Sorginzulo erabiltzen zuen emakumerik ez da geratzen herrian; kontuan izan beharra dago ehun urte igaro direla koba hormatu zutenetik. Leku horren lehenengo aipamenak emakume horien alaben kontakizunetatik jaso zituen ikerlari algortarrak; izan ere, hamahiru urte egon zen Portu Zaharrean bizitzen.
Orain dela bost urte dokumentu bat agertu zen, zeinean Sorginzulo aipatzen zen: inoiz argitaratu ez den "Recuerdos de antaño" liburuan (Gabi Basañez euskaltzale algortar ezagunaren Angel aititak idatzitakoa), 1910ean Algorta zelakoa zen irakur daiteke. Bertan argi eta garbi agertzen da Sorginzulo eta horren inguruko kondairak: "Bertako sorginen ahotsak entzuten omen ziren ondotik igarotzen zinenean. Horrez gainera, horregaz lotuta, Algortako umeei kontatzen zitzaien ipuin bat agertzen da liburuan: kobazuloaren inguruan ezin zen ez zazpi, ez domeka, esan; berba horietako bat esanez gero, sorginek bahitu egiten zintuzten barrura", azaldu du Paiak.
Hala ere, momentu batzuetan etsigarria izan zen etnografoak abiatutako ikerketa: "Ikusten nuen ez zegoela ezelako dokumenturik; Mikel Gorrotxategiren liburuan ez zen aipatzen eta nik neukan dokumentazioan ere ez nuen aurkitzen", diosku Paiak. Baina, egun batean, Unesco katedra Begoñako gazteluko galeriak ikertzen hasi zenean, bat-batean, dokumentu bat agertu zen, martxan ipinitako ikerketari argia ematen ziona: "Punta Begoña" beharrean, "Punta de Sorginzuloa" irakur zitekeen horretan. Unesco katedrakoak agudo jarri ziren harremanetan Paiagaz ia horretaz zer edo zer zekien; berak zeukan informazio dena kontatu zien.
Kobazuloaren itxierari dagokionez, 1918ko urriaren 4an hasi ziren Sorginzulo hormatzeko lanak: bertsio ofizialaren arabera, mendiak behera egiten zuen eta hainbat istripu egon ziren tranbiagaz. Hori dela eta, euste-horma bat egitea erabaki zuten eta ehun urtez galdu egin zen Sorginzulo.
Sorgin-ehizarik Uribe Kostan?
Sorginzulo kobagaz harremanik daukan Inkisizioaren prozesurik ez du aurkitu inon ere Fredi Paia etnografoak eta historialariak. Bere berbetan, "gai oso interesgarria da, baina beste ikerketa-lerro bat izango litzateke hori"; izan ere, 1507an ustezko sorginen kontrako prozesu bat martxan ipini zuen Elizak "Uribe Kostako merindadean". "Jakin badakigu Inkisizioaren gotorlekua edo egoitza nagusia Portugaleteko dorretxean zegoela; beraz, litekeena da prozesu horrek Getxon ere eragina izatea", adierazi du Paiak. Hala ere, argi utzi gura izan du horren inguruan oraindino ez dutela ezertxo ere aurkitu.
Bitartean, Elizak luzaroan izan duen "ohitura" zahar bat gogoratu du etnografo algortarrak: "Ofizialki, euste-horma bat egin behar zutelako itxi zuten Sorginzulo, 1918an. Baina kontua da Elizak hainbat mendez dinamika bat segitu duela kobazuloak ixteko edo horien gainean baselizak altxatzeko; izan ere, leizeak Kristo aurreko gurtzeakaz lotzen zituzten. Hala ere, ez dago dokumentu bat bera ere irakur daitekeenik Elizak esan zuela Sorginzulo itxi behar zutela".
Dena dela, kobazuloaren sarrera ixteko altxatu zuten hormaren aurrean gurutze bat ei zegoen garai batean, Paiak aipatu duenez. "Entzun dudanagatik, 1936ko gerran anarkisten eskuetan geratu zenez ingurua, eurek bota zuten gurutzea", azaldu du ikerlariak.
Berriro zabaltzea, ezinezkoa
Etnografo algortarraren arabera, polita litzateke kobazuloa berriro zabaldu ahal izatea. Algortako Portu Zaharrean hamabost urte egin ostean, Alango aldera joan zen bizitzera Fredi Paia. "Gai berberaren inguruan beste informazio bat ailegatu zitzaidan han: Sorginzulo kobatik Aiboako metro-geltoki ondora heltzen den tunel bat ei dago", azaldu du. Tunel horren irteera lokalizatuta daukatela dio: "Gaztelu bat zegoen gainean eta gaztelua hor dago. Leku horrek Gaztelupe izena dauka; Aiboako metro-geltoki ondoko basotxo horretan dago". Sorginzulon ere sartune bat dago.
Europako beste hiri batzuetan lurrazpiko ibilaldiak egiten dituztela gogoratu du Paiak; berbarako, Edinburgon. "Getxok horretarako aukera ematen du: malakateakaz lotuta edo ez, besteak beste, Poru Zaharretik Fadurara doan beste tunel bat ei dago", gogoratu du. Hala ere, Sorginzulo berriro zabaltzea ez du egingarritzat: "Hormak behera egiten duenez, nik uste dut ia ezinezkoa izango dela berriro zabaltzea. Horregatik, urriaren 20an, artistikoki zabalduko dugu; baina fisikoki zabaltzea oso zaila izango da".