Sorginzulo, Getxoko emakumeen eta euskararen topaleku ezkutua

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 9a, 09:18

Atzo, astelehenean, egin zuten antzezlanaren aurkezpena Begoñako galerietan. © GETXOKO UDALA

Datorren urriaren 20an, zapatuan, "Euskaraldia Sorginzulon" ikuskizuna egingo dute Begoñako galerietan. Fredi Paia algortarrak sustatutako ikerkuntza etno-toponimikoan oinarrituta dago antzezpena; gidoia, aldiz, Toti Martinez de Lezea idazleak egin du.

"Euskaraldia Sorginzulon" ikuskizuneko aktoreak Olatz Ganboa eta Mayte Bayon getxoztarrak izango dira. Musika zuzenean izango da Afrika Bibang kantari (Getxoko Euskaraldiaren hamaikako bat) eta Ignacio Libano piano-jole getxoztarren eskutik, udalerriko Andres Isasi Musika Eskolako Musikalia bandagaz batera. Bizkargi dantza-taldeak ere parte hartuko du.

Lanaren gidoigilea Toti Martinez de Lezea izan da eta agerian utziko du Galerien beheko partean duela 100 urte zegoen kobazuloaren existentzia. Aipatutako lana Foru Aldundiaren "Ondarea, emakumeen emaria" Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da, besteak beste, toki eta izenaren oroimena eta emakumeen protagonismoa berreskuratzeko balio izango duelako, eta baita Euskaraldiaren barruan ere, gure historia euskara gabe ezin denez ulertu, datorren hilean euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketaren helburuakaz bat datorrelako.

"Une honetan Begoñako galeriak eraberritzeko prozesuan murgilduta gaude eta gainera bere erabilera soziala sustatzeko konpromisoa hartu dugu. Zentzu honetan mota askotako hamaika jarduera egiten ari dira berton, erakusketak, bisitak, hau bezalako prentsaurrekoak, eta egun batzuk barru, urriaren 20an, kobazulo horren berri emango duen Euskaraldia Sorginzulon antzezkizuna. Ekitaldia bat dator Punta Begoña Galeriaren helburuekin, hau da, eraberritzeko, eta herriaren erabilera ondarea sustatzeko. Uste dugu oso lan berezia eta politarekin gozatzeko aukera izango dugula, gure historiaren parte bat berreskuratzera kolaboratuko duena eta, aldi berean, emakumeen protagonismoa, bere izenaren bitartez, eta euskararen erabilera sustatzera lagundu nahi duena", azpimarratu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

Ildo berean agertu da Maider Maraña, Unesco Katedrako ordezkariak, nabarmendu duelako kultur paisaiek eta ondareak gizartearen garapenean duten paper garrantzitsua eta horiek ikasten dabilela Unesco Katedra, askotariko diziplinetatik. Egiturak urteetan zehar pilatutako informazioa ikertzen ari da Unesco, datozen belaunaldiek horren berri izan dezaten. "Ekitaldi honetan paisaia, toponimia, genero, euskara eta bertoko oroimena elkartzen dira, Galerietan Getxoren arima gordeta baitago, oroimenaren bidez eta mota honetako ekitaldien bidez ezagut daitekeena", azaldu du Maider Marañak.

Ikerketa etno-toponimikoa Euskaraldiaren mesedetan

Bestalde, Fredi Paia ikerlaria eta Euskaraldiaren Getxoko koordinatzaileak azaldu du ekitaldiak, Euskaraldiak bezala, euskara erabiltzera motibatzeko ariketa izan gura duela, eta gainera, "kasu honetan, euskararen begiek paisaiaren irudia aldatzera lagundu nahi dute, diktadurari lotutako toki bat izatetik emakumeen gunearen irudira igortzeko". 

Paiak gogora ekarri du kobazulo horren berri izan zuela herritar nagusien oroimenari esker eta baita Basañez izeneko Algortako kapitainaren 1910eko idazki batzuen bidez ere. Ondoren Unesco Katedrak  lehen agiri ofiziala topatu zuen eta horrek lagundu zuen proiektua bideratzera. Gainera, badirudi ere, urrian betetzen direla kobazuloa itxi zeneko mendeurrena.

T.Martinez de Lezea: "Nire hitzak ikusi ahal izatea zoragarria da"

Azkenik, Euskaraldiaren Euskal Herriko hamaikako bat den Toti Martinez de Lezeak aitortu du lan hori oso berezia eta zoragarria izan dela. Bere ustez, Sorginzulo emakumeak elkartzeko gunea izan zitekeen, beraien artean hitz egin ahal izateko toki atsegina, Portu Zaharratik gertu, eta baita Bizkaia Zubitik ere, marinelen eta langileen zain zeuden bitartean. Hori bi aktoreakaz adierazteko, bururatu zitzaion bata garai horretakoa izatea eta bestea egungoa, batak besteari istorioak kontatzeko, oroimena eta kontatzeko ohitura berreskuratuz. Gidoia egiteko enkargua eskertu du idazleak, "oso lan berezia izan delako. Arin prestatu behar izan dut, euskaraz eta gazteleraz egiteko, poesia eta musika kontuan hartuta, eta gainera nire hitzak ikusi ahal izatea zoragarria da niretzat".

Sarrerak

"Euskaraldia Sorginzulon" datorren urriaren 20an, zapatuan,  izango da Begoñako galerietan,  17:30ean gazteleraz Irribizientzat, eta 20:00etan, euskaraz, Ahobizi eta Belarriprest izateko konpromisoa hartzen dutenentzat. Sarrera doakoa izango da, eta sartzeko gonbidapena erreserbatu behar da 688 653 042 telefono zenbakian edo euskaraldiagetxon@gmail.com helbidean. Amaitutakoan, 21:00ak aldera, Begoñako galerietako kanpoaldean kobazuloa gordetzen duen horma modu artistikoan botako da, argien muntaia baten bitartez.

Sorginzulo kobazuloaren eta horren nondik norakoen eta sekretuen informazio gehiago ekarriko dugu eguenean kaleratuko dugun HIRUKA astekarian. Ez galdu aukera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun