Baker eta Lambegaz batera, honako surflari hauek ere iragarri dute Galeako olatura igoko direla: Natxo González plentziarra, Lucas Chianca brasildarra eta iaz Nazare-n txapelduna izandakoa, Joao de Macedo portugaldarra, Conor Maguire irlandarra, Jamie Mitchell australiar eta mundu mailako seigarrena eta Francisco Porcella italiarra, 22 metroko olatuan surf egin duena. Modu berean, Kantauriko itsasora bustitzera etorriko dira Alex Zirque kanariarra eta Cristian Merello txiletarra; azken horrek Hawaiiko olatu ospetsuetan jardun izan du.
Antolatzaileek zabaldu dutenez, Natxo Gonzálezegaz batera lehiatuko diren beste euskaldunen zerrenda hemendik egun gutxitara emango dute ezagutzera.
Denera, 24 surflarik parte hartuko dute ekitaldian. Parte meteorologikoek zazpi metro inguruko olatuak eta baldintza aproposak iragarriko dituztenean egingo da txapelketa, gaur eta martxoaren 31a bitartean, edozein momentuan. Deialdia, bost egun lehenago egingo dute, alerta hori baten bitartez eta baldintzak mantentzekotan, berdera pasatuko da alerta hori, txapelketa baino 48 ordu lehenago. Hala, egun bi izango dituzte surflariek Bilbora iristeko. Egun bateko txapelketa izango da.