Elkarrizketak

Nazario: "Daborduko egiten dizkidaten omenaldiak ia-ia hil ostekoak dira"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko urr. 19a, 08:00

Gaur egun, etxeko balkoitik argazkiak ateratzea gustatzen zaio Nazario Luque de Verari; erakusketak ere egin ditu. © ISAAC FLORES

"Alí Babá y los 40 maricones" argitalpenagaz amaitu zuen bere ibilbidea komikigintzan Nazariok. Binetaren munduan egindako lanagatik omenaldia egingo diote aste-akabu honetan, Getxoko Komiki Azokan.

Getxoko Komiki Azokak zu omentzeak poza ematen dizu? Zer esatea gura duzu? Ilusio handia egiten didala?

Kar, kar, kar. Nik, egia esan behar badizut, daukadan adinagaz, egiten dizkidaten omenaldiak ia-ia hil ostekoak direla uste dut. Oso ondo iruditzen zait nire lanak besteen aitorpena jasotzea, baina ez nintzen hasi atzo komikiak marrazten. Hala ere, pozgarria iruditzen zait Getxokoa bezalako azoka batean omenaldia egitea; jaialdi txikia izan arren, berbarako, Bartzelonako Komiki Azokak daukan mailara heltzeko gutxi falta zaiola esan daiteke.

Frankismoan helduen irakaslea izan zinen. Zerk eroan zintuen komikiaren munduan murgiltzera?

Horri buruz liburu potoloa idatzi dut... Aipatu behar dut aurretik zortzi urte inguru eman nituela gitarra flamenkoa jotzen ikasten. Marrazteari dagokionez, txikitatik gustatu izan zait komikiak egitea. Baina egun batean albo batera uztea erabaki nuen. Bat-batean, erabat arrotza egiten zitzaidan ordura arte egindako komiki-ereduaz ("El guerrero del antifaz" eta horren antzekoak) jarraitzea. Orduan konturatu nintzen eguneroko bizitzaren abenturak marraz nitzakeela. Horretan nenbilela, baten batek esan zidan Estatu Batuetan nik marrazten nituen komikien antzekoak egiten zituen jendea bazegoela: "underground" deitzen zieten. Hori ikusita, berriro ekin nion marrazteari; eta zorionez, Estatu Batuetako marrazkilari horiengan eragin handia izan zuen "Mad" izeneko aldizkari amerikarra topatu nuen, Sevillan. Bete-betean hasi nintzen binetak egiten; eta orrialde nahikoa neukanean, Bartzelonara joatea erabaki nuen. Aldizkari berri bat egiteko jendea aurkitu gura nuen; izan ere, nik jorratzen nuen estiloak ez zeukan lekurik merkatuan zegoen argitalpen batean ere ez.

Gay-en gainean marrazten zenuelako gertatu zitzaizun hori?

Ez. Estilo kontua zen: Batzelonan elkartu ginenok egiten genituen marrazkiak ez zeukaten lekurik "Mata Ratos", "Muchas Gracias", "Por Favor", "El Papus" eta halako aldizkarietan. Garai horretan "underground"-komikia izena ematen zitzaion guk egiten genuen hori. Hala, "El Rrollo Enmascarado" argitaratu genuen, eta gure poltsikotik ordaintzen genituen beste hainbat komiki ere bai. Nire aldetik, "La piraña divina" plazaratu nuen. Hori dena nahiko marjinala izan zela esan dezakegu. Hala ere, apurka guk egiten genuen komiki-estiloa aintzat hartzen hasi ziren, marjinaltasun-itxura hori bazterrean utziz. Horregaz batera, ailegatu zen sasoi bat non "underground" berba komunikabideek baino ez zuten erabiltzen, gu sailkatzeko edo Estatu Batuetan zegoen izen bereko mugimendua aipatzeko. Lehenengoetarikoa izan nintzen komikiak gure poltsikoetatik ordainduta egiteari utzi eta lanen bat eskatzen zidaten aldizkarietarako jarduten.

Gayak komikietan marrazten ere lehenengoetarikoa izan zinen?

Hasiera batean, nire emakumezko lagunen arazoetan oinarritzen ziren gidoiak egin nituen: emakumearen askapena; aita-amengandik, senarrengandik edo maitaleengandik sufritzen zuten jazarpena... Hala ere, emakumeek bizi zuten egoera nire eskuen bitartez adieraztea apurtxo bat artifiziala zela pentsatzen hasi nintzen; zer edo zer defenditu behar banuen, horiek homosexualen eskubideak ziren. Hobekien ezagutzen nuen mundua zen, ni neu homosexuala nintzelako. Erlijioa dela eta, jazarpen handia sufritu nuen umetan, nerabezaroan eta gaztetan, nire burua askatu nuen arte. Asko koskatu zitzaidan lokarri horiek haustea. Horrek denak heziketa-eredu horregaz kontuak kitatzera eroan ninduen. Arrazoi horregatik egin nuen gaur egun Madrilgo Reina Sofía museoan dagoen "Tentación, martirio y triunfo de San Reprimonio virgen y martir" izeneko bilduma.

Astindua eman gura zenien ordura arte Espainiako jendarte tradizionalean errotuta zeuden oinarrizko balore moralei?

Gogoan daukat orrialde bitara egindako "La Visita" istorioa. Binetetan beste bikote baten etxera iristen diren ezkonberriak ikus daitezke. Emakumeek dendaz denda joatea erabakitzen dute eta gizonak etxean geratzen dira. Eta, hara non, elkar atsegin dutela konturatzen dira gizonezkoak. Ohera joan eta txortan egiten dute. Gizon gazteenak daborduko argi utzi dio edadetuenari emazteari esan gura diola homosexuala dela, ez duela bizitza osoan ezkutuan ibili gura; adinez zaharragoa denak, ostera, gordeta segitzea erabakitzen du.

Zabalpen handia izan zuen istorio horrek?

Ez, ez zuen zabalpen handirik izan. Baten batek esan zuen gizon bik ohean egin dezaketenaren dietario baten parekoa zela.

Hala ere, ez zenuen aukera galtzen utzi. Zer gertatu zen?

Halako batean pertsonaia bat asmatzea bururatu zitzaidan, 1977an gutxi gorabehera: Anarcoma izeneko detektibe trabestia. Hasiera batean, 1978an, orrialde bitara eta zuri-beltzean publikatzen hasi nintzen, "Rampa" aldizkarian. Baina argitalpen hori pikutara joan zen; gizonezkoak eta emakumezkoak biluzik ateratzen zituzten publikazio mordoa sortu zen garai horretan... Hori dela eta, 1980an, "El Víbora" agertu arte itxaron behar izan nuen berriro ere Anarcomaren istorioak argitaratzeko. Daborduko hamar eta hogei orrialde artean marraztuta neuzkan; hala, koloretan ateratzea erabaki genuen. Arrakasta itzela izan zuen.

Zergatik erabaki zenuen Anarcoma beren-beregi homosexualentzat ez den aldizkari batean argitaratzea?

Beti pentsatu izan dut nik egiten nituen istorioak heterosexualei zuzendutako aldizkarietan argitaratu behar nituela. Inoiz ez ditut ghettoak edo, bereziki, homosexualentzat baino ez diren elkarguneak atsegin izan. Hortaz, ez nion zentzurik ikusten Anarcomaren istorioak homosexualei zuzendutako argitalpen batean plazaratzeari. Jende guztiarentzako publikazioak nahiago nituen horretarako: gogoko ez zuenak ez zuen zertan irakurri. Ez dago ezelako arazorik. Gainera, jende askok eskertu izan dit Anarcomaren istorioak askatasun horregaz argitaratu izana. Kontuan hartu behar dugu homosexualak garen denok ez garela Bartzelona, Madril eta halako hiri handietan bizi; asko hiri edo herri txikietan bizi dira. Horrelako eduki bat euren eskuetara heltzeak, neurri batean, askatzeko balio izan zien horiei denei. Erabat jazarrita eta ezkutuan bizi zuten euren sexualitatea; horrelako argitalpen bat egunkariakaz batera kioskoetan saltzen zela ikustea lagungarria izan zen eurentzat.

Arazoak ekarri zizkizun mota horretako komikiak marrazteak?

Ez. Nahiko bitxia izan zen: 1975ean, ezkutuan argitaratu behar izan nituen nire istoriorik gordinenak, "La Piraña Divina" bilduman. Ordura arte ez nuen aukerarik izan horiek Espainian publikatzeko eta Frantzian egin behar izan nuen, 1973an. Hala, 1977an, "San Reprimonio y las Pirañas" atera nuen, eta orduan Terenci Moix idazleak egindako hitzaurrearen kontra baino ez zuten egin, masturbazioaz eta kanpaia jotzeaz berba egiten zuelako. Baina nire istorioez ez zuten ezertxo ere esan. Arazoak askoz lehenago izan ziren, "Star", "Ajoblanco" eta guk egiten genuen "El Rrollo Enmascarado" aldizkariak bahitu zituztenean. 1980 heldu orduko ez genuen ezelako arazorik izan "El Víbora" aldizkariagaz. Anarcomaren bilduma plazaratu nuenean ere agudo argitaratu zuten Frantzian, Italian, Alemanian, Ingalaterran... Oztopo bakarra, beharbada, Estatu Batuetan izan zen: Anarcomaren bilduma plastikoz biltzera eta sex-shopetan saltzera behartu zituzten argitaratzaileak. Zentsuratzeko modu burutsuago bat zen. Izan ere, debekatu ez arren, gutxi batzuk joaten diren lekuetan saltzera behartzen zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun