Elkarrizketak

Maite Arrese Artabe: "Umeak gustura sentitzea da nire helburua"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko urr. 18a, 09:00

Ipuinak eta yoga uztartzea lortu du Maite Arrese beasaindarrak. © ERRENTERIAKO LIBURUTEGIA

Eguen honetan, urriaren 18an, "Yogipuinak" 5 urtetik gorako umeentzako saioa aurkeztuko du Maite Arrese Artabe ipuin-kontalari beasaindarrak, Romo Kultur Etxean. Hitzordua 18:00etan ipini dute; sarrera, doan (edukiera bete arte). Emanaldiak yoga eta ipuinak uztartzen ditu, euskaraz.

Zelan ailegatu da kazetaritza-ikasle bat umeentzako ipuinak kontatzera?

Kar, kar. Oso goiz erabaki nuen kazetaritza ikastea, 15 edo 16 urte neuzkala. Baina, hasi nintzenean, konturatu nintzen hunkidura eragitea nahi nuen hori ez zirela albistegietako berriak; bestelako kontu batzuk maite nituen, batik bat barne-mundua eta emozioak. Egia da albiste askok hunkitu egiten nautela, baina beste ikuspuntu bat behar nuen. Bestalde, nik beti izan dut komunikatzeko grina; antzerki-munduan murgildu nintzen horren bila. Bilboko Maskarada taldean hasi nintzen, eta hortik abiatuta zinea eta telebista egin izan ditut, ipuinetara iritsi arte.

Jende gehienak telebistatik ezagutzen zaitu?

Lau urte eman nituen "Goenkale"-n, indar handiko pertsonaia bat egiten. Telebistak hori ematen dizu: jendeak berehala ezagutzen zaitu. Baina paper txikiak ere egin izan ditut zinean.

Zelan bururatu zitzaizun yoga eta ipuinak uztartzea?

Nire pasio handietako bat beti izan da gorputza mugitzea; gauzak horrela, yogaren munduan hasi nintzen. Orain biak batu ditut. Izan ere, "yoga" hitzak "batasuna" esan nahi du. Hobeto ulertzeko, esan beharra dago ipuinek balio sinboliko handia daukatela, eta yogak ere lan handia egiten du sinboloekin. Hala ere, "Yogipuinak" saioaren helburu nagusiak ondo pasatzea eta gustura egotea dira. Baina, neurri batean, yoga zer den apurtxo bat erakustea ere bada nire asmoa; izan ere, askok pentsatzen dute yoga geldi-geldi egotea dela bakarrik. Ez da hori: mugitzea eta geldi egotea baino gehiago da.

Gauza bera da umeei edo helduei yoga erakustea?

Ume bat mugimendua da eta ezin diozu hamar minutuz geldi egoteko eskatu, baina dosi txikitan hainbat gauza erakuts diezaiokezu. Nire iritzia da irakatsi nahi baldin baduzu emozioa eta kuriositatea piztea bilatu behar duzula. Hori ipuinen bidez egiten dut. Bestalde, jende guztiak daki yogak natura imitatzen duela; yogako jarrera guztiek animalien izenak dituzte. Gauzak horrela, erraza da ipuinen bidez yogako "asana"-k egitea. Hori da nire asmoa: pixka bat, beraiek ere ezagut dezaten ze gustura senti daitezkeen lasaiago daudenean.

Umeek zelan hartzen dute horrelako saio bat?

Oso ondo hartzen dute. Esan dudan bezala, ezin duzu ume bat ordu laurden batean yoga egiten eduki, baina dosi txikietan oso gustura egoten dira. Gainera, asko gustatzen zait saioa helduekin ere egitea; beti esaten diet umeei gurasoekin etor daitezela. Aita-amak oso lagungarriak zaizkit umeengana iristeko. Izan ere, yoga metodo bat da norberaren burua hobeto ezagutzeko. Zenbat eta gehiago jakin zeure buruaz, orduan eta etekin handiagoa aterako diozu. Hori da kontua: yogak erremintak erakusten dizkigu hobeto sentitzeko, garen bezalakoak onartzeko eta gure gaitasunak lantzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun