Bazterketa larrian bizi diren pertsonen aldeko konpromisoa eta lana berretsi du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 25a, 10:25

Imanol Landa Getxoko alkateak bere harridura agertu du pasa den astean Romo Plataformak Itzubaltzetako Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen udal-eraikinari erabilpen soziala ematea aldarrikatzeko bidalitako agiriagatik. Horren aurrean, Udalak proposamenak entzuteko duen jarrera berretsi eta elkarrizketarako prestutasuna agertu du.

Horren aurrean, Udalak argitu gura izan du hirugarren esparruko elkarteakaz eta entitateakaz izandako kolaborazioaren ibilbidea "luzea" izan dela. "Bazterketa larria prebenitzeko sentsibilitatearekin eta jarrerarekin, pasa den hilean, Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateak hitzarmen bat sinatu zuten Sortarazi eta Hijas de la Caridad elkarteekin, Etxegabeentzako Eguneko eta Gaueko Harrera Zerbitzuak emateko erlijiosoen Algortako egoitzan", azaldu duenez. Hortxe bertan Foru Aldundiak esklusio sozialeko pertsonei arreta emateko zentroa artatzen du eta Hijas de la Caridad entitateak udal diru-laguntza jasotzen du jantoki soziala artatzeko.

Diru-laguntzei dagokienez, Udalak azpimarratu du 180.000 euroko aurrekontua duela esklusio sozialeko egoerei aurre egiteko eta pertsonak eta familiak gizarteratzeko bideratzen diren Aldizkakoak ez diren Udal Laguntzetarako. Era berean, aurreko urteotan bezala,  2018an ere, Udalak dirua ipini du Eusko Jaurlaritzak Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako emandako 667.245 euroren zenbatekoa 1.000.000 eurora arte osatzeko, "eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko".

Bestalde, Udala immigrazio eta kultur artekotasuna gestionatzeko politika eramaten ari da aurrera, gizarte entitate eta herritarren sarekiko laguntza, ardatza izanda. Horrela, Getxoko Etorkin Plataforma-elkarteen Federazioa osatu zenez geroztik, etengabeko lan koordinatua eraman dute aurrera, partekatutako jardueren bitartez eta baita harrera eta sentsibilizazio sozialeko programen eta finantzazioa ere.

Elkarlanean aritzeko esparrua garatu gura da udalerrian errotzea sustatzeko jarduerak egiteko. Babes eta asiloko munduko krisirako udal-erantzuna 2017az geroztik, partaidetzaren bitartez gauzatzen ari da, hain zuzen ere, pertsona errefuxiatuak hartzea sendotzeko Auzolana esperientzia pilotuaren bidez. "Lan eredu kolaboratzailea da, Eusko Jaurlaritzarekin, CEAR Euskadi-rekin eta tokian tokiko boluntarioen entitaterekin", azaldu dute udal-iturriek. Une honetan, bi familiagaz esku hartzen ari da bi udal-pisutan eta beste familia bat integrazio eta autonomia fasean dago (12 pertsona denera).

Gainera, migratutako pertsonak, nazioarteko babesaren eskatzaileak edo errefuxiatuak hartzean gizarte zibilak duen garrantziaz jabetuta, 2018an, Getxoko Gizarte Zerbitzuek Gauean proiekturako diru-laguntza eman du Udalak, esperientzia berritzailea dena, Harribide Fundazio, Sortarazi eta San Nikolas parrokiaren artean sustatuta. Migratutako gazteentzat eta esklusio sozialean eta etxerik gabe dauden beste kolektibo batzuentzat gaueko harrera eskaintzen du aipatutako programak, eta baita estrategia komunitarioak, laguntza, sentsibilizazioa eta harrerako solidarioak ere.

Larrialdiko laguntzen atalean, Siriako gerrak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko, aurten 12.000 euroko laguntza onartu da, eta 2016an 6.000 eurokoa. Gainera, bere aurrekontuaren %0,7 ingurua Garapeneko Lankidetzako sailera zuzentzen duela azpimarratu du Udalak.

Pertsona nagusien beharren atalari dagokionez, Eguneko Zentroa kudeatzen du horren eskumena duen Foru Aldundiak udal-egoitzaren eraikinean. Bestalde, hortxe bertan, Udalak pertsona nagusientzako Eguneko Arreta Zerbitzua eskaintzen du, 12 plazagaz.

Aldi berean, Udala eta Itzubaltzeta/Romoko gazteen artean kolaborazio prozesu bat zabalik dago eta horrek elkarlanerako hitzarmena aurreikusten du, Errekaganeko eraikinaren etorkizunaren baldintzen inguruan, funtzionamenduari, ordutegiei eta auzokideen bizikidetzari dagokionez. Bestalde, Udalak 250.000 euro zuzendu ditu gazteentzako etxebizitzen alokairurako eta emantzipaziorako.

Gizarte Zerbitzuen Karterak aurreikusitakoa betez, Getxok hiru pisu ditu, larritasun sozialeko egoeretarako eta etxe-indarkeria jasaten duten emakume biktimak hartzeko.

"Horregatik guztiagatik, uste dugu argi geratzen dela gure gizartean bazterketa larrian bizi direnen alde lan egiteko, kolaboratzeko eta hitz egiteko sentsibilitatea eta jarrera dugula. Gure asmoa da ildo horretan lan egiten jarraitzea, eta entzuteko eta elkar lanean aritzeko jarrera irekia mantentzea, proposamen kolaboratzaile eta eraikitzaileen esparruan", amaitu du Imanol Landa alkateak.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun