Espero zenuen Euskadi Saria irabaztea?
Egia esateko dagoeneko ez nuen espero. Uda aurretik aipatu zidaten finalisten artean nengoela; baina iraila partean Berria egunkarian sariei buruzko ohartxo bat agertu zen eta ordurako aparteko deirik ez nuenez jaso, ez nuen uste emango zidatenik. Gero, egunak aurrera egin ahala, lehen labekadako sariak agertu zirenean, askoz ere gutxiago espero nuen; ordurako zer edo zer jakin beharko nukeen. Handik gutxira eduki nuen dei pozgarri hori, esanez: "Zu zeu zara".
Horrela izanda, pozgarriagoa suertatu zitzaizun?
Errekonozimenduak beti dira pozgarriak; horrelako sari batek sinesgarritasuna eta ikusgarritasun handiagoa ematen ditu.
Irabazitako lanak idazketa samurra zein arina eta estilo freskoa eta dinamikoa duela dio epaimahaiak. Zer diozu?
Nik, jakina, laudorio horiek goragotu egingo nituzke, kar, kar. Kontua da saiakera-lanekin aurreiritzi bat izaten dugula: beti pentsatu egiten dugu idazlan astunak eta irakurtezinak direla, eta gai ilunak jorratzen dituztela. Hau da, gai horiek lantzen dutenentzat bakarrik direla interesgarriak. Hala ere, izatez, zientzia-dibulgaziotik abiatzen naiz ni, eta lana zientziari buruzkoa izan arren, nire ardura da gauzak modu atsegin, ulergarri eta irakurgarrian idaztea. Niri gustatzen zait esatea estilo kilikorra erabiltzen dudala, kili-kiliak egiten dizkiola irakurleari. Dena dela, idazketa samurra eta arina erabili arren, aipatu beharra dago liburu honetan gertatutako guztia ondo dokumentatuta dagoela.
Epaimahaiak argudiatutakoak euskara erraza erabiltzen duzula esan gura du?
Ulergarria bai, baina aldi berean jasoa da erabiltzen dudan euskara. Gauza batzuk ezin ditugu nahastu. Ni ez nago euskara errazaren kontra, baina euskara ikasten ari den jendearentzat da hori. Unibertsitateko kontuak unibertsitate-mailako euskararekin azaldu behar dira, eta bestela jai dugu. Liburu honen aurretik "Back to Leizarraga" (2015, Pamiela) lana atera nuen; hor bazegoen euskaraz idazteko beharrezkoa dugun prosari buruzko gogoeta bat. Prosa praktikagarri bat egiteko gaur egungo gauza asko aztertu beharrean aurkitzen gara; bestela, plisti-plasta ibiliko gara, euskara errazaren potxingo horretan.
Plazaratu duzun azken liburuak ere hori dena dauka atzean?
Orain dela egun gutxi aurkeztu nuen "Duvoisin kapitainaren malura" (2018, Pamiela), nire liburu berria. Bertan gogoeta bat egiten dut euskararen inguruan. Azken batean, proiekzio kulturalik nahi badugu euskararentzat, dialektoa laburregia da. Hori ere azpiko tesia da. Hori janzteko istorio zoragarri batzuk kontatzen ditut: literatura euskaraz egin nahi zuen Duvoisin kapitainarena, Intxauspe apaizarena... Baina hori beste elkarrizketa baterako gaia izango litzateke.