Goiz egin zenituen lehenengo pausoak musikan...
Bai, 15-16 urterekin hasi nintzen bateria jotzen eta laster batean herriko musikari baten taldean sartu nintzen. Berbenak egiten genituen, dantzaldiak, guztiz erromeria-estiloan: pasodobleak, balsak, jauziak, fandango eta arin-arin...
23 urte zenuela Errobi sortu zenuen, Mixel Ducaugaz batera. Rock progresiboaren Euskal Herriko aitzindaritzat jo izan zaituztete.
Hitz potoloak dira horiek. Gu izan ginen agian horretara ausartu ginen lehenak, baina ez dakit sobera horrek zer esan nahi duen. Iraultza naturala izan zen, niretzat behintzat. Eta Mixel Ducaurentzat ere bai. Baionako lizeoan ezagutu nuen, 13-14 urterekin, ordurako bera gitarra-jotzaile ona zen; garai hartako taldeen bertsioak egiten zituzten, 60ko hamarkadaren hasierako taldeenak, instrumental asko, Shadows taldearenak eta… Nik miretsi egiten nuen, ostegunetan jotzen zuten halako arkupe batean, Baionan. Eta hortik abiatuta, hasi nintzen euskal kantu tradizionaletik at nire gauzak begiratzen, bertsio batzuk egiten, Mixel Labegerierenak, edo berandutxoago Ez Dok Amairurenak. Taldean jotzen genituen, dantzaldietan. Euskaraz kantatzen genuen, eta uste dut dantzaldietan euskaraz kantatzen ausartu zen lehen taldea izan ginela Euskal Herri osoan. Gero Mixel Ducaurekin elkartu nintzen berriro, eta esan nion "baditut gauzatxo batzuk, interesatzen bazaik", eta hark baietz. Horrela hasi ginen. Nik 1972 edo 73an single bat grabatu nuen bi kanturekin, eta hori izan zen Errobiren lehen pausoa. Gero hasi ginen rock-taldeen egituran, bateria, baxua, bi gitarra. 1976an edo. Baina hiruzpalau urtez bikote akustikoa izan ginen.
Kantu tradizionala beti hor izan duzu, aldamenean…
Bai, herrian, etxean… Aita eta osaba kantariak ziren. Anaia ere bai, oso kantari fina. Nire aitak esaten zuen: "Bi seme dauzkat, batak zilarrezko ahotsa du eta bestea kantaria da". Anaiak oso ahots ederra zeukan. Eta nik beti entzun ditut kantu tradizionalak etxean. Beti berdinak, baina tira…
Eta rockarekin uztartu?
Hara, bai eta ez. Hori taldearekin egiten genuen, holako saltsa berezia. Kontua da hainbeste urtez herrietan ibilita, mila talde, kantari eta herriko jende ezagutu ditudala, tartean Xalbador, Mattin, Etxahun Iruri... Haiekin bazkaltzen genuen, afaltzen... eta hortik datoz nire iturriak.
Ez Dok Amairu aipatu duzu. Ez dakit hasiera hartan haien oihartzuna Lapurdin zenbiltzatenengana heltzen zen...
Anekdota bat dut, oso deigarria dena. 1967an anaiak esan zidan "talde bat etorri behar duk Uztaritzera eta Ez Dok Amairu deitzen duk". Nik izena entzuna baneukan baina haiek sekula ikusi gabe. 1967an, egia esan, Bob Dylan, Rolling Stones eta halakoak ziren entzuten nuen musika gehiena, nire mundua hori zen, dantzaldietan jotzen nuenarekin batera. Orduan, joan nintzen Ez Dok Amairu ikustera. Hasieran Artze, Irigarai, Lurdes Iriondo, Lete... atera ziren, eta halako batean agertu zen tipo bat atorra koadrodunarekin, bakeroekin, gitarra klasiko batekin baina metalezko sokekin, eta hasi zen kantu bat kantatzen. Nik jatorrizkoa oso ondo ezagutzen nuen, Donovan Leitch eskoziar kantariaren kantu bat zen, Universal soldier, eta hura han hasi zen "Ekaitzak, ekaitzak, hostoak damazki...". Ni zur eta lur geratu nintzen hura entzunda. "Ze ostia da hau?", pentsatu nuen. Eta neure buruari esan nion "honek hori egiten badu zergatik ez nuke nik halako gauza bat egingo, edo saiatu behintzat". Tipo hura Benito zen, noski.
Garai hartan Arrangoitze, Uztaritze... euskaldunagoak ziren orain baino?
Bai, izan ere orduan hasi zen galtzen euskara. Euskaraz kantatzea naturalki egiten zen, Uztaritzen 60ko hamarkadan ostatuetan normala zen jendea euskaraz kantuz entzutea, eta bizitzea ere bai. Nire aitarekin nik ez dut sekula hitz bat frantsesez erabili; amarekin bai, hark malezia eduki zuen eta eskolan hasi nintzenean hasi zitzaidan frantsesez, ikasi behar nuela eta… Egoerak ez zuen zerikusirik gaurkoarekin. Gaur ere euskara entzuten da Uztaritzen, baina beste era batera.
Itzul gaitezen Errobira. Halako batean ospea, diskoak, ehunka kontzertu...
Errobi izan zen holako gauza berezi bat. Beste harmonia batzuk hartzen genituen, beste gitarra-joko batzuk, beste erritmo batzuk… Ausartak? Beharbada inkontzienteak. Uste dut natural egiten genuela, ez genuen pentsatzen ausartak izan behar genuenik. Gure gustu musikalak ere bagenituen eta…
Garaiko talde progresibo "latzak" (zelanbait esatearren) entzuten zenituzten? King Crimson; Emerson, Lake & Palmer…
Ez, Genesis pixka bat, baina bestela ez. Ni beti izan naiz gehiago sustraien zalea, rock klasikoarena… Niretzat Creedence Clearwater Revival ikaragarria izan zen, rockaren beste suspertze bat 60ko hamarkadan. Baina tira, Mixelek beste gustu batzuk zituen, sinfonikoago, jazzistikoago… Hura beti izan da ni baino instrumentistagoa. Baina uztartzen ginen.
Noiz sortu duzu azken kantu berria?
Duela astebete, baina ez dut grabatu oraindik. Hala ere, diskogintzaren erritmoa apalduz doa, hori bada galderaren esanahia. Momentu batean konturatzen zara "hainbeste kantu egin ditut eta erdia baino gehiago ez dut inoiz kantatu zuzenean edo oso gutxi". Eta gelditzen zara kapital batekin. Baina alferkeria ere badago tartean, eta jarioaren eten pixka bat. Hala ere segitzen dut konposatzen, eta zuzenekoetarako konponketak egiten, kantuak moldatzen… Baditut kantu berri batzuk, grabatu ez direnak.
Azebarrira joango direnek ezagutuko dute zure azken kantu berri hori.
Ez dut uste. Haiek egin dute programa, kantu-zerrenda, ados jarri ginen horretan. Esan nien: "Pixka bat aldatzeko, ez niri galdetu zer kantatuko dudan; zuek eskatu". Eta baietz esan zuten.
Erandion entzun zintugun, Altzagako jaietan, eta aizu, urteak joan urteak etorri ahotsa primeran daukazu.
Ez daukat kexatzerik. Ez dut bereziki zaintzen, baina ikasten da ahaleginak neurtzen. Asko bortxatu izan dut ahotsa, batez ere Akelarreren garaian, urte haiek oso gogorrak izan ziren, eta ikasi dut neurtzen, noraino joan, noraino ez.
Musika lehengo eran sortzen da, baina zabaltzeko modua asko aldatu da: LP klasikoa ez dakit desagertu den, baina… Orain posible da kantu bakarra saretik zabaltzea.
Bai, eta gero eta gehiago interesatzen zait hori, ze azken finean ez dakit ze puntutaraino egonkortasuna duen hamar kantuko disko batek. Behar gorria duzunean, ulertzen dut kaleratzea, baina ez dakit gaur egun zer puntutaraino duen interesa. Eta gero eta gehiago interesatzen zait sarean sartzea, jendeak gero eta gehiago musika sarean kontsumitzen du, ez dago zalantzarik, ikusi besterik ez dago diska-salmenta nola dagoen. Akaso horrek bultzatuko nau zerbait egitera laster batean.