Hogeigarren gailurrera igoko da Getxoko Mendiaren Nazioarteko Astea

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 12a, 08:30
Iñigo Santxo Monzón mendizale algortarra. © ITXAS ARGIA MENDI-TALDEA

Itxas Argia Getxoko mendi-taldeak Mendiaren Nazioarteko Aste berezia antolatuko du aurten: hogeigarrena. Hori dela eta, ohiko berbaldiez gainera, Mendi Tour zinema-ekimena ere ekarriko du udalerrira. Hala, aste bitan egingo dituzte mendi-jardunaldiak: azaroaren 13tik 15era eta 20tik 23ra.

Mendi Tourreko ekimenak Itzubaltzetako kultur etxean egingo dira, kasu denetan, 19:30ean. Bertako egitaraua, filmen sinopsiak eta aurrerakinak honako artikuluan ikus daitezke.

Ohiko Mendiaren Nazioarteko Asteari dagokionez, azaroaren 20tik 23ra egingo dituzte, 19:30ean. Saio denak Fadurako areto nagusian izango dira, salbu azkena; barikuko berbaldia, Itzubaltzetako kultur etxean egingo dute. Ekintza denetan sarrera irekia eta doakoa izango da, leku mugatuak agortu arte.

Algortatik Alpeetara

Ekimenaren XX. aldian, protagonistak honako hauek izango dira: Iñigo Santxo Monzón, Diana Calabuig, Iker Madoz eta Mikel Zabalza. Astea Iñigo Santxo Monzónek irekiko du,martitzenean, azaroaren 20an. Getxoztarrak "Algortatik mendia bide, Pirinioak eta Alpeak" izango du berbabide, euskaraz. Santxok azaldu duenez, "mendiarekiko daukadan grina nondik datorkidan oraindino zehazki ez dakidan arren, txikitatik nire barruan hainbat ibar, herri eta mendi ezagutzera bultzatu nauen zer edo zer sentitu izan dut.
Lau urtaroetan, Pirinio eta Alpeetako inguruak oinez, mendiko eskiez edo bizikletaz egin ditut".
Berbaldi "labur" horretan Santxok kontatuko ditu bere lehen irteerak, bere garaian izandako antolatze-lanen ikuspuntutik. Horren ondoren, 2017ko neguan egin zuen Monte Rosa mendigunearen itzulera aurkeztuko du gazteak. Saioa amaitzeko, bertaratuko direnek izango dute aukera bideo bat ikusteko; bertan, lau gazte algortarrek joan den irailean Alpeetan egindako ekintza biren berri izango dute.

"Ni guerreras, ni princesas" izango da Diana Calabuigek jorratuko duen gaia, eguaztenean. Kataluniako Erakunde Txangozaleen Federazioko (FEEC) kideak aurreratutakoaren arabera, "Garenaren, izatea gura dugunaren eta gu izan gaitezena nahi dutenaren arteko bidea ibiltzea nahiko nuke".

Eguenean, berriz, Iker Madoz gazte iruindarraren txanda izango da. Euskaraz jardungo du Madozek, "Eskalatzen... nola eta norekin" gaiaren gainean. Iruindarraren istorioa etxeko mendietatik hasiko da, Pirinioetatik: Marboré Dorrea, Peña Montañesa, Ordesa, Gavarnie... bezalako lekuen bisitak kontatuko ditu, udako eta neguko irteerak tartekatuz. Gero, bidaiak Alpetan egingo du geldialdi txiki bat, hango zenbait bide klasiko eta bikainak eskalatzeko (Pic sans Nom, Ailefroide Oriental, Pre de Bar...). Azkenik, Kandersteg-eko izotzeko bideak zein ibilbide mistoak ezagutu eta gero, Alaskan geraldi bat egin eta Peruraino joango dira entzuleak, Huayhuash mendilerroko Jirishanka mendian bizitako abentura apartaren berri izateko.

Azken egunean, barikuan, Mikel Zabalzak "Siete miles en estilo alpino" berbaldia eskainiko du. Bere ustean, "mendiak motibazio iturri agortezina izaten segitzen du; norbera bizirik dagoela sentitzeko, maitatzeko eta amesten jarraitzeko leku ezin hobea; bizitzaren gauzarik ederrena den hamaika lagunen artean sortzen den paregabeko adiskidetasuna sendotu dudan lekua. Lagun horiei, denei, betiko eskertzen diet une horiek partekatu izana". Berbaldian laburbilduko ditu Chamlangen mendebaldeko (7.345 metro) eta, britainiar ibilbidetik, Nuptseren hegoaldeko (7.825) ertzen igoerak. Horiek biak "nahiko teknikoak eta Alpeetako moldekoak izateaz gainera, konpromisoz eta edertasunez betetako zazpi milako igoera bi dira".
Gainera, Lempo Ganen igotzearen gainean ere berba egingo du Zabalzak. Hori, Himalaian edukitako bere lehen esperientzia izan zen, 1992. urte inguruan; Alpeetako tankeran egin zuen hori ere.

Ekimenaren kartela

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun