Elkarrizketak

Irati Elorrieta Agirre: "Bizi izan ditudanak ere eleberrian daude"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko aza. 16a, 08:30

Hamar urteren ostean, bigarren liburua plazaratu du Irati Elorrieta Agirre (Algorta, 1979) idazleak, Pamiela argitaletxearen eskutik: "Neguko argiak" eleberria. Adiskidetasun-harremanak dira lan berriaren ardatzetako bat, eta Berlin haren kokapen nagusia. Izan ere, algortar egileak urte mordoa daroa han bizitzen. Edozelan, urtean bizpahiru bider etortzen da herrira. Gabonetan ere gure artean izango dugu.

Asko kostatu zaizu liburu hau amaitzea?

"Burbuilak" (Alberdania, 2008) nire lehenengo lana argitaratu zenerako hasita nengoen liburu hau idazten, baina ordutik hona ama izan naiz birritan eta lanean ibili naiz. Horrek oso tarte txikiak utzi dizkit idazteko. Oso erraza da hamar urte igaro direla esatea. Hala ere, horrek ez du esan gura denbora guztia eman dudala horretan. Guztiz kontrakoa: urte askotan, nobela izanda dedikazio handiagoa eskatzen zuenez, nire tarte txiki horietan ezin izan dut askorik aurreratu.

Zeintzuk dira "Neguko argiak" eleberriaren ardatz nagusiak?

Nik esango nuke nobela korala dela: hainbat pertsonaiaren istorioak kontatu ditut. Euren artean dituzten adiskidetasun-harrenak aztertu ditut gehienbat. Hala ere, pertsonaia-multzo horretan emakume bi dira garrantzitsuenak: Añes eta Marta. Lehenengoa uribekostarra da, eta bigarrenaren jaioterria Iruñea da. Parisen elkar ezagutu arren, Berlinera doazenean egiten duten bizitza da liburuaren muina.

"Burbuilak" narrazio-liburuaren pertsonaiakaz alderatuta, zer berezitasun daukate "Neguko argiak" eleberrikoek?

Esango nuke, helduagoak izateagatik, gazteagoak garenean dauzkagun amets eta ilusio horiek ez dituztela. "Burbuilak" liburuko burbuila horiek lehertu egin dira. "Neguko argiak" liburuko pertsonaiek, neurri batean, alde batera utzi dituzte gaztaroko amets eta ilusio horiek, eta bizirauteko ahaleginean dabiltza, aurrera ateratzeko.  

Hirugarren protagonista izan daitekeen bat dago, hildako bat, Esteban. Zergatik?

Añesen sukaldera sartu eta eten barik beragaz berbetan agertzen da Esteban. Galdu arren, beti gogoan daukagun pertsona bat izaten da. Gainera, jendeari esan diodanean hildako bat dagoela nobelan, konturatu naiz jende askok duela bere hildakoa: konturatu barik horri gauzak kontatzen hasten dira eta elkarregaz topo egingo dutela uste dute. Jendeak badauzka holako bizipenak.

Zuk bizi izandakoak eragina izan du nobelan?

Aspalditik bizi naiz Berlinen; nik ezagutzen dudan hiriaren zati edo paisaia bat deskribatzen dut nobelan. Bizi izan ditudanak eta ezagutu ditudan pertsonak zelanbait hor daude.

Irudiek indar handia daukate eleberrian?

Idaztean, buruan dauzkadan irudiak askotan izaten dira zerbaiterako abiapuntua. Hortik tiraka hasten naiz istorioa asmatzen.

Beste hamar urte itxaron beharko dugu zure beste liburu bat irakurri ahal izateko?

Espero dut horrela ez izatea. Desio bat eskatu ahal badut, espero dut hurrengo liburua amaitzeko horrenbeste urte behar ez izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun