Euskaraldia

Getxoko EAJ, PSE-EE, GUK eta EH Bildu, Euskaraldiagaz; Ciudadanos, ez

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 15a, 19:00

Getxoko Udaleko EAJ, GUK, EH-Bildu eta PSE-EE alderdiek sostengua eman diote Euskaraldiari. Ciudadanosek, ostera, bere burua ipini du Euskaralditik kanpo.

Gaur goizean, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Koldo Iturbe, Paula Amieva, Nerea Guijarrubia eta Jose Luis Landa, hurrenez hurren EAJ, GUK, EH Bildu eta PSE-EE udal-taldeen eledunek agertu dute euskararen erabileran eragin gura duen Euskaraldia ekimenarekiko atxikimendua. Gogorarazi dutenez, Euskaraldiaren helburua da herritar euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea, euskararen erabilera sustatzeko. PP eta Ciudadanos ez dira agertu ekimen horretan.

Ciudadanos, "Getxon, Euskaraldia kanpainatik aldenduta"

Ciudadanosen parte-hartze ezari dagokionez, alderdi horren Getxoko udal-taldeak arrastian eman du bere jarreraren berri. Komunikatu batean adierazi dutenez, "Ciudadanosen udal-taldea Euskaraldia kanpainatik aldendu da Getxon, Udal Gobernuak ekimenaren kartelekiko izan duen jarreragaz bat ez etortzeagatik".

Alderdi eskumatarrak ziurtatu du "beti" agertu dela "ideologia-askatasunaren, euskal kulturaren eta euskararen alde", baina ez datozela bat etorri Getxoko Udal Gobernuagaz, Euskaraldiko egitarauan Amaiurko eta EH Bilduko diputatu ohi batek parte hartzeagaz. Oroitarazi dutenez, bertsolari eta kazetari muxikarrak ETBko "Euskalduna naiz, eta zu?" umore-saioan parte hartu zuen. Saio hark kanpaina-mediatiko gogorra jazo zuen euskaldunen gaineko estereotipoak salatzeko espainiarrak ipini zituenenean kritika-gai. Ciudadanosen ustean, saio hark "baldartxat eta fatxatzat jo zituen espainolak".

Alderdi konstituzionalistaren arabera, Gobernu Taldeak "ez du asmatu" Onintza Enbeitaren parte hartzeagaz eta "txarto" kudeatu du ekimen hori. Hala, euren ustean, Udal Gobernuak mugatu behar zuen bere burua "Euskaraldiak bilatzen duenera: euskararen erabilera sustatzea; horretarako euskal kulturgile asko dago". Ciudadanosek zehaztu du Onintza Enbeitaren parte hartzea eta bestelako jarduerak ez zaizkiela kontsultatu beste udal-taldeei. Santiago Sainz zinegotzi laranjak azaldu du "ezin dudala horrelako ekimen batean parte hartu, Udal Gobernuari ez bazaio inporta bertan honako adierazpenak egin dituen pertsona izatea: 'herri honetan demokrazia garaileen eta garaituen sistema bat da", "Konstituzioa eta Estatua bera herrien kartzela bilakatu dira' eta 'Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak torturatzen dute'".

Onintza Enbeitak "Hustu zure barrenak" barre-terapian parte hartuko du azaroaren 29an, Algortan. Ordua eta lekua finkatzeko daude, Hirukak jakin izan duenez.

Erlazionatuak

Santiago Sainz: "Nazio bakarra Espainia da"

Iker Rincon Moreno 2018 ira 12 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun