Elkarrizketak

Bulkada gazte-taberna: "Ezarritako ereduaren aurrean, guk gurea eraiki nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 16a, 09:21

Ardurak banatzen dituzte tabernaren kudeaketarako: tabernariak, komunikazioa, diruzaintza, ardura politikoa eta arlo teknikoa.

Gazteentzako erreferente izan gura duen Bulkada tabernak ateak ireki zituen joan den hilabetean. Sustatzaileen arabera, helburua da izaera politikoa eta bestelako aisialdia eskaintzen dituen gunea izatea. 

Hasteko, defini ezazue Bulkada gazte-taberna. Zer da?

Herriko gazteriarentzako gune berri bat da, gazteriak kudeatutakoa eta faltan sumatzen dugun gure aisialdi-ereduari erantzuten diona.

Bulkada izena jarri diozue guneari, zer dela eta?

Egia esan, izen-zerrenda amaigabe bat osatu genuen hasieran, baina gazteok ordezkatzen gintuen izen bat izan behar zuela uste genuen, indartsua, eta Bulkada deitzea erabaki genuen. Ernaik «Bulkada berrien garaia da!» dinamika martxan jarri du ikasturte honetan, gazte antolakundearen 40. urteurrena dela eta. Dinamika horren bidez atzera begirada bat egin nahi da, baina batez ere belaunaldi berriak erakarri nahi dira. Horren harira, herrian proiektu berri hau martxan jartzera gindoazenean, izen aproposa iruditu zitzaigun, hemendik aurrera egongo diren «bulkada» berriak irudikatzeko.

Nortzuk eta zergatik erabaki zenuten mota horretako taberna bat zabaltzea Algortako erdigunean?

Hausnarketa batetik etorri zen. Gazteok herrian gune gutxi genuela eta tabernaren ideia aukera ona zela ikusita, proiektua aurrera eramatea erabaki genuen. Getxoko Udalak ezarri nahi duen herri-eredu honetan gazteok, antza, lekurik ez dugunez, gure kabuz proiektu eta gune berriak sortu behar ditugula uste dugu. Hasiera batean Ernaiko taldearen ideia izan arren, gazte-mugimenduarentzako gune bat izan behar duela uste dugu, eta bertan diharduten gazte askoren laguntza jaso dugu proiektu hau aurrera eramateko orduan.

Zelakoa izan da proiektu hori aurrera ateratzeko prozesua?

Taberna baten kudeaketa inoiz egin ez dugula kontuan hartuta, hasieran traba eta zalantza askorekin tipo egin dugu. Laguntza jaso dugu arlo honetan esperientzia duen jendearengandik, eta horrek asko arindu digu lana.

Taberna soil bat baino gehiago izan gura duzue, ezta?

Bai, izaera politikoa duen gunea da, eta bestelako aisialdi-eredu bat planteatzeaz gainera, sor daitezkeen proiektu, ekimen eta abarrei lekua egingo dien gunea da.

Eta zer egingo duzue hori dena lortzeko?

Agenda politiko propioa izateaz gainera, Algortako eragileei gunea erabiltzeko gonbidapena egin zaie, euren propaganda, bideoak, tailerrak, ekimenak eta bestelakoak egin ditzaten. Edozein ekintza bertan aurrera eraman dezakete, tabernaren ezaugarri fisikoek ahalbidetzen duten heinean; izan ere, ez da nahiko genukeen bezain handia..

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun