Azaroak 25

Umeen kontrako abusuak salatzen segituko du Getxoko mugimendu feministak

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko aza. 19a, 16:14

Umeen kontrako sexu-indarkeria zigor barik gera ez dadin eskatu zuten 800 pertsonak Algortan, joan den ekainean.

Gaur, azaroaren 19a, da Adin Txikienganako Sexu-abusuen eta Tratu Txarren Prebentziorako Nazioarteko Eguna. Getxoko mugimendu feministak babestuko ditu umeen sexu-abusuak salatzeagatik ikerketapean dauden militanteak.

Datorren urteko martxoaren 8an beste emakume-greba bat egiteko lanak hasita dauzka Getxoko mugimendu feministak. Aurreko ikasturteak utzitako irakaspenetatik eta ondorioetatik landuko dute, eta datorren aste-akabuan abiatuko dituzte hainbat ildo.

Hiru pertsona ikerketapean

Ildoetako bat da epaiketa-bidean egon daitezkeen hiru pertsonaren kasua azaltzea. Hiru pertsona horiek hurbilekoak direla eta ikerketapean daudela jakinarazi dute Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez! plataformak, Algortako Bilgune Feministak eta Haziak Algortako Emakume Gazte Feministen Taldeak. Ez dakite euren kontrako auzi bat zabalduko den ala ez. Zabaldu dutenez, hirurek lan publikoa egin dute pederastia eta umeenganako sexu-abusuak salatu eta mahai gainean ipintzeko. Lan horren adibide bat da joan den ekainaren 24an Algortan egin zen manifestazio jendetsua, "Haurren kontrako sexu-indarkeriaren aurrean zigorgabetasunik ez!" goiburu pean. Hiru eragileek azaldu dutenez, Algortan aita bat epaitu eta absolbitu zuten horrelako afera batean. Elkarteek landu zuten gaia, umea eta sendia identifikagarria egin zitekeen inolako informaziorik eman barik. Gogorra egin zitzaien kasua ezagutzea, "gureetako bat zela jakitea sinestezina zelako. Gure ezagun bat edo horrelako ezkerreko pertsona mitiko, iraultzaile eta borrokalaria edo nire lehengusu bat, edo zure anaia, edo kuadrillako guaiena... ezagunak direnean, nola egiten zaio aurre?". Euren berbetan, "isilik geratzea oso garesti ordainduko dugu gizarte modura. Ausardia ez da beldurrik ez sentitzea, beldur izan arren erantzutea baizik".

Euren ustean, "Manada"-koak edo ezezagunak salatzea "oso erraza" da, baina arazoa paraje denean ez omen da samur egiten: "Batzuentzat errazena da esatea: hori etxean konpontzen da, hori familien kontua da, gu ez gara sartuko, ez naiz posizionatuko; eta guk pentsatzen genuen hori ez dela horrela konpontzen den kontu bat. Posizionatzea eskatzen du, borroka egitea, egoera horretan zoritxarrez ume piloa dagoelako. Zenbat jende dago, oraingoa lantzen hasi garenean, gogoratu dena txikitan jasandako erasoakaz, orain ausartu dena berbak ipintzen horri!", nabarmendu dute.

Onartzen dute "betidanik" egon den gaia dela, baina eragile horiei "lehertu egin zitzaien eskuartean". Azaldu dutenez, "erabaki genuen ezin genuela beste alde batera begiratu, ikusita gainera ume bat zegoela hor". Ume horretaz gainera, kontziente dira arazoa globala dela eta Euskal Herrian  milaka neska-mutili eragiten diola, 13 urte azpikoen %20ri, Europako Kontseiluaren ikerketen arabera. Hala, arazo hori "beste borroka-zelai bat" dela ulertu eta bertara sartu ziren plataforma, Haziak, Bilgune eta beste hogei bat elkarte feminista. Denek hartu zuten jarrera argi bat: "Esan genuen nori sinisten diogun: umeei, kasu horretan ere". Horrek hausturak sortu zituen eragile horietako hainbat militanteren eta euren betiko lagunen artean. Euren ustean, "errazagoa da esatea: ez, gezurra da, esajeratzen dabiltza... Baina sinesten baduzu, zer edo zer egin behar duzu; horrelako kontu baten aurrean posizionatzeak berak eskatzen dizu lanketa bat egitea", kaleetan zein auzi-prozesuan.

Bigarren arloan, ikusi dute "justizia matxista zelango ankerra den, zelango injustua den". Justizia eredu horrek ez die balio: "Ez dago formazio feministarik epaitegietan». Zerrenda luzea egin dute "epaileek esaten dituzten astakeriakaz", "Manada"-ko auzia, Juana Rivasena eta beste hamaika aipatuta. Hori dela eta, azaroaren 25ean justizia kristau eta patriarkala salatuko dute. Data hori hur dagoela, Bilgune Feministak gogorarazi du indarkeria ez dela soilik fisikoa edo psikikoa: "Politikariak kanpainan ipiniko dira berriro, eta eskatu beharko diegu, pasatu dugun urte beltzagaz, erakundeak morez bete ditzatela; ezin ditugu aukerak galdu politika feministak lantzeko eta aldarrikatzeko, politikarien agendetan goi-goian egon daitezen: aurrekontuan, hirigintzan... Gaur egun dena dago lotuta emakumeen kontrako indarkeriagaz: puntu beltzak, non ipintzen dituzten autobusak, non plazak, zer zaintza-eredua gura dugun, lanaren behin-behinekotasuna... Getxon, etxeko langileen mundu ikusiezina mahai gainera ekarri behar dugu".

Datuak

4tik 1. Lau neskatilatik batek sexu-abusuak jasaten ditu 13 urte bete aurretik, eta egoera bera bizi dute zazpi mutikotik batek, Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformaren arabera.

6 urte. Sei urte bitarteko umeen testigantzak ezin dira kontuan hartu legeen arabera,  Haziak taldeak gogorarazi duenez: "Ez omen da objektiboa ezta erreala ere; legea ez dago prest eta gizartea eta epailea ere ez".

Getxoko mugimendu feministaren egitaraua

Azaroak 23, barikua

  • 19:00 "Deskontrolatua antzezlana", Itzubaltzetako Ibar nagusien etxean, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak antolatuta.

Azaroak 24, zapatua

  • 13:00 Umeen kontrako indarkeriari aurre egiten dutenei ez isiltzeko agerraldia, Algortako Telletxe plazan.

Azaroak 25, domeka

  • 13:00 Justizia matxista salatzeko elkarretaratzea, San Nikolas plazan.

Martxoaren 8ko grebaren arrakasta errepikatu gura dute datorren urtean

Euskal Herriko Mugimendu Feministak joan den irailaren 22an erabaki zuen datorren urtean ere emakumeen* greba egitea, martxoaren 8an. Horren prestaketa hasteko, bilera irekia antolatu zuten Haziak eta Bilgune Feminista taldeek joan den urriaren 26a, Algortan. Azaldu dutenez, martxoaren 8an kaleak betetzeko asmoa daukate datorren urtean ere. Hori dela eta aurtengo ereduari jarraituko diote, antolakuntza horizontala erabiltzen eta lana sareetan egiten. "Iaz Bilgune Feministakook batzar hori planteatu genuenean, ikusten genuen bazegoela indarra, eta gaur egun ere badago, gazteen, pentsionisten eta alargunen aldetik, mugimendu feministagaz batera. Hemen, Algortan eta Itzubaltzetan ere bagara eragile feminista asko, bakoitza gure arloan gabiltzana".

Sindikalismotik ere ibili ziren greba antolatzen, "ahal genuen moduan", eta lehenengo bileran aretoa gainezka ikusi zutenean, argi izan zuten «badagoela indarra eta borrokarako gogoa". Orduan azaldu zuten 24 orduko greba feministarako deita eginda zegoela martxoaren 8rako, eta lantzen eta indarrak biltzen hasi ziren. "Apustu bat egin genuen: egingo dugu. Horretarako, gazteei, pentsionistei, Algortako mugimenduari... deitu genien, Itzubaltzetak beste dinamika bat daroalako". Algortan 25 bat emakume elkartu ziren, eta diagnostikoa konpartitu zuten.

"Batzuk gazteagoak ziren, beste batzuk nagusiagoak, baina zer batzen gaitu? Emakumeak* garela. Berdin zaigu zer adin edo zer kolore edo zer klase sozial izan, emakume izate hutsagatik sistema matxistaren indarkeria pairatzen dugu egunero. Pentsionistak, alargunak, etxeko langileak, gazteak, ikasleak, langileak... Denok jasaten dugu indarkeria-motaren bat". Euren ustean, "hemen oso naturalizatuta dago gu garela ahulak, eta horrela sozializatu gara. Horrelakoak konpartitu genituen, batzen gaituztelako. Gero bakoitzak gure ideologiak edo gure esparruak izan arren badago oinarri hori, batzen gaituena". Datorren grebako antolakuntzan parte hartu gura duenak badu datozen ekimenetara hurreratzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun