Hala, besteak beste, eraikigarritasuna 23.806 metro koadrotik 30.749 metro koadrora gehitu ahalko da, babes ofizialeko 116 etxebizitza (69 babes estandarrekoak eta 47 tasatuak), 145 etxebizitza libre inguru eraiki eta 5.000 metro koadroko hiri-parke bat egokituko da. Neurria Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoakaz atera da aurrera; GUK eta EH Bilduk kontra egin dute eta Ciudadanos abstenitu egin da.
"Etxebizitzei buruzko aurreikuspen horren bidez, erantzuna emango zaio egun dagoen eskariari, HAPOa berrikusi ondoren hura izapidetzen den arte. Halaber, aldaketa horri esker gaur egun indarrean dagoen lurzoruen kudeaketa erraztuko da. Izan ere, dagoeneko zona horretan bizi diren pertsonen arteko interes-gatazkak saihestuko ditu, kudeaketa-eremuak bereiziko ditu eta hirugarren sektoreko erabileretarako lurzatia gaituko du; horrela, bizitegi-erabilerak eta ekonomia-jarduerak uztartzeko helburua lortuko da”, adierazi zuen atzoko osoko bilkuran Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.
PPk adierazi zuen pozik dagoela udal-gobernuagaz lortutako erabakiagaz: "Garapen partzialak erraztuko ditu HAPOaren azken berrikuspenera arte, eta aberastasuna ez ezik, onurak ere ekarriko dizkio herriari".
Bestalde, Guk eta EH Bildu taldeek adierazi zuten ez dutela HAPOan inolako aldaketarik egitea onetsiko hura berrikusteko prozesua bete-betean dagoenean; era berean, aipatutako bigarren alderdia etxebizitza gehienak merkatu librean saltzearen aurka agertu da, "gazte asko ezin baitira merkatu horretan sartu".