Hauek dira aurten finalera iritsi diren zortzi bertsolariak:
- Aitor Bizkarra Ruiz
- Eneko Abasolo Txabarri "Abarkas"
- Etxahun Lekue Etxebarria
- Jone Uria Albizuri
- Miren Amuriza Plaza
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Onintza Enbeita Maguregi
- Xabat Galletebeitia Abaroa
Finalisten artean Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia 2016an ere finalista izandakoak dira. Eneko Abasolo "Abarkas" 2010ean izan zen finalista; eta Aitor Bizkarrak lehenengo bider kantatuko du Bizkaiko finalean.
Egitura
Finalera iritsi aurretik ibilbide luzea egin du Bizkaiko Txapelketak. Apirilean eta maiatzean jokatu zen Udabarriko Fasea: 13 saio jokatu ziren eta 78 bertsolarik parte hartu zuten.
Udagoienean kanporaketen faseagaz hasi zen txapelketa. 5 kanporaketa jokatu ziren eta 30 bertsolarik parte hartu zuten horietan. Finalaurrekoetan 8 bertsolari zeuden zain, eta kanporaketetatik sailkatutako 10ekaz batu ziren, 18 bertsolari guztira hiru finalaurrekotan. Horietatik, zortzi heldu dira finalera.
Talde teknikoak
Zapatuko finalean Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia ibiliko dira gai-jartzaile beharretan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga ibiliko da.
Egin beharreko lanak
Finalak atal bi izango ditu. A atala zortzi bertsolarik jokatuko dute. B atalera bertsolari bi pasatuko dira, eta buruz burukoa osatuko dute. Atal biak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.
Ariketak:
A atalean:
o Zortziko nagusian, hiruna bertso ofiziotan.
o Zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan.
o Hamarreko txikian, hiruna bertso ofiziotan.
o Bakarkako lana:
- Puntua emanda, bertso bi zortziko txikian.
- Gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.
B atalean:
o Zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan.
o Seiko motzean hiruna bertso ofiziotan.
Kartzelako lana: gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.
Irudia
Aurten ere txapelketako Komunikazio Taldeak sortu du irudia eta Lanku Kultur Zerbitzuak izan da garatzeko arduraduna. Irudia baso edo oihan bat da, kolore desberdinetako baso bat.
Basoa leku bizia da: ekosistemaren ziklo osoa betetzen du. Eta berdin gertatzen da bertsolaritzan. Oinarria badago, bertso eskolak sustraituta daude, baita, hezkuntza arautuan ari direnak ere. Eta hazten eta hazten doaz, enbor eta oinarri sendoaren bueltan. Basoa anitza da: denetariko bizidunak daude bertan. Arriskua, abentura, baina batez ere, babesa da basoa. Eta irudimena. Lotura eta askatasuna.
Txapelketan basoaren zati bat bakarrik ikusten da: bertsolarien lana. Baina badakigu, arbola horiek egoteko sustrai indartsuak eta bizi handia dagoela basoan.
Talde handia
Txapelketa urte osoko beharraren emaitza da. Behar horren atzean, jende asko dago. Horregatik, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eskerrak eman gura dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin.
Txapel-jartzailea: Jon Enbeita
Jon Enbeita Ealo bertsolariak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko Bertsolari txapeldunari. Horrela erabaki du txapelketaren Talde Antolatzaileak. 1950ean jaio zen Muxikan. 3 urtegaz aita Balendin Enbeitak zuzendutako antzerki baten kopla bat kantatu zuen lehenengoz. Han hasi zuen ibilbide oparoa: bost bider kantatu du Txapelketa Nagusiko finalean (1980 –bigarren egin zuen-, 1982, 1986, 1989, 1993); beste bost bider izan da Bizkaiko finaletan, eta horietatik bi bider izan da Araba-Bizkaiko txapeldun (1987, 1990 –txapeldun-, 1992 –txapeldun-, 1994, 1996). Bertso idatzietan ere sari ugari jaso ditu Enbeitak. Musikaren munduan ere ibilbide oparoa eduki du bere gitarra eskutan. 17-18 urtegaz hasi zen bere kontura gitarra ikasten, eta Euskal Herri osoan ibili da bakarlari moduan. Hainbat diska ere grabatu ditu; azkena, iaz. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak omenaldi txiki hau egin gura izan dio: aurtengo txapeldunari txapela jaztea.
Finalerako oharrak
Nola heldu:
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa luzatu gura du:
Bilbao Arenara iristeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Zazpi Kaleetako geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik irten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.
Bestalde, zenbait udal zein bertso-eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.
Ateen irekiera:
Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
Gurpildun aulkiak:
Gurpildun aulkian doazen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.
Bestelako oharrak:
- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera beragaz ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Segurtasun arazoak ekiditeko, aretora ezingo dira sartu elementuak garraiatzeko karroak eta hozkailuak. Ezta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Bilbao Arena aretoan ezin da erre.
- Leku txikian jende asko elkartuko da. Bertsolariek mugimendu denak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
Umeen Gunea
Aurten ere, aurreko txapelketan bezala, Umeen Gunea ipiniko dute finalean.
Saioak irauten duen artean umeek gune horretan egoteko aukera edukiko dute eta hezitzaileak egongo dira eurekaz batera.
Hemen, oharrak:
- 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute.
- 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean.
- Umeek gura badute, tarteko saiora joan ahalko dira euren guraso edo arduradunek lagunduta.
Umea gustura ez badago guraso edo arduradunei deituko zaie bila joateko; beraz, kontaktua utzi beharko zaie hezitzaileei.
Umeen gunean parte hartzeko izena aurretik ematea gomendatzen da. Aurretiaz izena ematen duten ume denek izango dute aukera gunean egoteko. Egunean bertan izenik eman barik etorritakoak kopuru batera arte hartuko dira bakarrik.
Izena emateko, idatzi: bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus
Sarreren salmenta
Finalerako sarrerak eskuratzeko bideak, hauek dira:
- www.bertsosarrerak.eus orrian zapatu goizera arte.
- Zapatuan bertan, txarteldegian, 12:30etik aurrera.
Informazio-bideak
- Txapelketari buruzko informazioa hainbat bidetatik eskura daiteke.
- Webgunea: www.bertsozale.eus/bizkaikotxapelketa
- Sare sozialak:
Facebooken Bizkaiko Bertsozale Elkartearen orrialdea
Twitter: Bizkaiko Bertsozale Elkartea (@bbertsozale) #bbt18
Instagramen Bizkaiko Bertsozale Elkartearen kontua
- Kontaktua: bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus
- Finalaren ostean, finalistek prentsaurrekoa eskainiko dute Bilbao Arenako prentsa-aretoan.