"Ez dute inoiz, ezta segundo bakar batez ere, justizia egin nahi izan"

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 13a, 09:24

Dozenaka lagun bildu zen eguaztenean Getxoko epaitegien aurrean.

Cabacas auziko epaiaren "injustizia" salatu zuten atzo, eguaztenean, dozenaka lagunek Getxoko epaitegien aurrean. Gaur, aldiz, manifestazioa egingo dute Itzubaltzeta/Romon, 20:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta.

Sei urte igaro dira Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek hil zuenetik. Eta, mobilizazioen deitzaileek deitoratu dutenez, denbora tarte horretan, "gezurra besterik ez da atera bere hilketaren arduradun direnen ahoetatik".

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak urte biko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri dio Cabacas auzian nahastutako Juan Jose de Pablo ertzainari. Zigor horregaz, ertzain arduradun nagusiak ez du espetxea zapalduko, ezta bere lanpostua utzi beharko ere, daborduko erretiroa hartuta duelako. Gainerako bost agenteak absolbitu egin ditu epaileak. Hala, manifestazioaren deitzaileek salatu dute hilketa errugabe geratuko dela, inor zigortu barik: "Ez dute inoiz, ezta segundo bakar batez ere, justizia egin izan nahi".

Elkarretaratzearen deitzaileek diote epaiak arrazoia ematen diela urte luze horietan Ertzaintzaren "basakeria" salatu dutenei. "Karga ez zegoen justifikatuta, darabilten gerra materialaren erabileran izugarrizko deskontrola dago, Ertzaintzaren ekintzen motibazioen atzean arrazoi politikoak gailentzen dira, eta abar", irakurri zuten manifestariek atzoko elkarretaratzean Getxoko epaitegien aurrean, Ertzaintzako hainbat patruilaz inguratuta. Era berean, gaineratu zuten Cabacasen kasua ez dela Ertzaintzak ezbehar bat eragin duen lehenengo aldia: "begia galdu duenik badago, edo pilotakada baten eraginez koman egon denik ere. Eta ezin ahaztu Kontxi Sanchisen kasua. Baina, Iñigoren hilketak herria sumindu zuen".

Sei urteko mobilizazioa

Getxoko epaitegietan elkarretaratutakoek goraipatu dutenez, sei urteotan egindako mobilizazioek "etekina" izan dute. Izan ere, kasua epaitegietara eramatea soilik "garaipena" izan dela uste dute. "Boteredunek nahi izan balute, ezikusiarena egingo zuten. Baina, herri honen nahia bestelakoa izan da, eta hilketa horren arduradun batzuk epaitegietara eramatea lortu dugu", azaldu dute. Hala ere, argi utzi gura izan dute epaiak "ez duela justiziarik" egin, "ez Iñigori, ez familiari, ezta epaiaren argudio-testuari berari ere".

"Justizia hau zabor hutsa da", oihukatu zuten dozenaka lagunek atzo epaitegien aurrean, "justizia honek gutxiengo bat babestu eta herritarrak, gu geu, babesgabe uzten gaitu. Justizia honek abizenak ditu: patriarkala, ustela, ankerra. Injustizia".

"Injustizia" horren aurka eta Cabacasen hilketaren errudunen "inpunitatearen" kontra mobilizatzen jarraitzeko dei egin dute. Gaur, eguenean, manifestazioa egingo dute hainbat eragilek Itzubaltzeta/Romon, 20:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Domekan, berriz, manifestazioa egingo dute Bilbon, goizeko 12:00etan.

 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun