Getxoko Udal Araudi Organikoaren aldaketak "parte-hartzea mugatzen du", GUKen eta EH Bilduren ustez

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 18a, 17:28

EH Bildu eta GUK Getxo taldeek gogor kritikatu dute Udal Araudi Organikoa (UAO) aldatzeko udal-gobernuak (EAJ eta PSE) PP eta Ciudadanosegaz egindako akordioa. "Aldaketak ez dio erantzuten egungo jendartean gero eta errotuago dagoen parte-hartze eraginkor eta errealaren kontzeptuari", adierazi dute. Akordioaren puntu batzuk legearen barrukoak ote diren zalantzan ipini dute, gainera.

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan, ia seguruenik urtarrileko osoko bilkuran onartuko den UAO berriari kritika ugari egin diote alderdi biek: "Ez nahikoa, partziala, berantiarra eta atzerakoia da", adierazi dute.

Besteak beste, herritarrek eta elkarteek osoko bilkuran mozioak aurkeztu ahal izateko adinez nagusi diren biztanleen %1en sinadurak jaso beharra deitoratu dute; hau da, 500 izenpe. Kopurua handiegia da EH Bildu eta GUKen iritziz, eta horrek "erabat mugatzen du parte-hartzea", gehitu dutenez. 

UAO berriak osoko bilkuretan herritarrek berba egiteko trabak ipintzen dutela ere kritikatu dute. "Hiritarrek osoko bilkuran hitz egiten dutenean ez daukate aukerarik ere zuzenean alderdi politiko batengana zuzentzeko, eta gure ustez denok dugu herritarren aurrean erantzuteko beharra", azpimarratu dute. Gaur egun, bilkuraren amaieran baino ezin dute berba egin herritarrek, eta alkateari besterik ezin zaizkie zuzendu. Hala izango da araudi berria indarrean sartu ondoren ere, mozio bat aurkezten duten herritarren kasuan izan ezik.

Bestalde, araudiak alderdiei eurei ere eztabaidarako aukera mugatuko die udalbatzan, GUKen eta EH Bilduren ustez. Ildo horretatik, zenbait aldaketa "garbiak ez direla" pentsatzen dute: "Zalantzak ditugu puntu batzuetan ez ote diren legez kontrakoak".

Batzorde informatiboei dagokienez etorriko diren aldaketak ere ez dituzte gustuko alderdi biek: "Araudiaren aldaketak ez du utziko herritarrek, elkarteek zein oposizioko alderdiek proposamenak egitea gai-ordenan sartu ahal izateko, eta horren inguruko lanketa eta eztabaida batzordean bertan eman ahal izateko. Herritarrek zein elkarteek bakarrik hitzartzeko aukerarik izango dute beren 'interesekoak' diren gaietan. Nahiz eta horiek ez diren araudian definitzen. Ezarritako epeek ere galarazten dute benetako partaidetza izatea".

Azkenik, adierazi dute udal-gobernuak PP eta Ciudadanosegaz akordioa egin izanak aldaketaren izaera salatzen duela; euren ustez, "atzerakoa, kontserbadorea eta ez-nahikoa".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun