Elkarrizketak

Ana Hormaetxea: "Gidoilarion lanaren ezaugarri bereziak legediak kontuan hartzea gura dugu"

Unai Brea 2019ko ots. 5a, 08:01

"Gidoilariok ez daukagu grinarik kalean gabiltzala jendeak gu ezagutzeko, baina bai egiten dugun lanaren balioa aitortu dadila". HODEI TORRES

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean Ana Hormaetxeak (Algorta, 1974), eta gidoilari ibili da ordutik. Azken urteetan, sektoreko lan-baldintzak hobetzeko borrokan dihardu.

ETBko Go!azen telesailaren hurrengo denboraldirako eszena erromantiko bat erdizka utzi behar izan du hitzordura garaiz ailegatzeko. Ana Hormaetxeak hamar urte daroatza FAGA elkarteko zuzendaritzan, eta presidentea da orain dela hiru urtetik. "Euskal Herria, Galizia, Katalunia eta Valentziako gidoilari-elkarteen federazioa da FAGA, hau da, gaztelaniaz gainera beste hizkuntza bat daukaten erkidegoetakoa", azaldu digu. Espainiako Estatuan dabilen beste gidoigile-federazioagaz batera (ALMA), lanbidearen ezaugarri bereziak aitortu eta ezaugarri horiek sortutako zenbait diskriminazio ezabatzeko beharrean dabiltza.

Fikzioa egiten zabiltza orain. Badaude fikzio-gidoilariak eta ez-fikziozkoak?

Egon badaude. Fikziokoak, saioetakoak, umorean espezializatuak... Baina Euskal Herrian gehienok denetik egiten dugu. Saioetako gidoilari denek ez dute fikzioa egiten, baina fikzioa idazten dugunok ez dugu beste erremediorik  saioak ere egitea baino, fikzio hutsaz ezin baita bizi hemen. Euskal Herrian fikzioa egiteaz bakarrik bizi diren hiruzpalau gidoilari baino ez dut ezagutzen. Izan ere, gaur egun, hemen, Go!azen besterik ez da egiten. ETBk iaz eman zuen beste fikzioa, La víctima número 8, Madrilen idatzi zuten.

Publizitatea ere egin duzu, ezta?

Ikasketak amaitu nituenetik ibili naiz gidoiaren eta publizitatearen artean, batetik bestera. Ez dira hain desberdinak, izan ere gero eta antzekoagoak dira, gero eta euskarri hibrido gehiago dagoelako. Publizitateak, gaur ezagutzen dugun moduan, ez du luze iraungo. Betidaniko spot klasikoa trabatzat hartzen da orain, eta markak gero eta gehiago ahalegintzen dira euren edukiak sortzen, euren produktuak erakutsi ez ezik balore jakin batzuei lotu ahal izateko. Uste dut hamar urteko epean burutuko dela aldaketa. Telebista-eredu tradizionalak oraindik behar du spot-ean oinarritutako publizitatea, baina telebista-eredu tradizionalak ez du iraungo beste hamar urte baino askoz gehiago.        

Paperezko hedabideek ere desagertuta behar zuten honezkero, eta begira... Telecinco eta enparauak hor daude oraindino, sendo antzean.

Hor daude, baina beste modu batean. Nik ez diot telebista desagertu egingo denik. Hamar urte barru oraindino egongo dira Gran Hermano, Sálvame, zuzeneko futbola eta Eurovisioneko jaialdia... Baina kontsumo-eredua desberdina izango da. Fikzioari dagokionez, ez dut esan gura  ikusleek beste fikzio-mota bat gura izango dutenik, baina bai beste modu batera kontsumituko dela. Esaterako, Go!azen-ek orain audientzia-datu onak ditu, ETB1eko batez bestekoa hiru edo lau halako, baina harrigarriena da zenbatek ikusten duten bestelako bideetatik: aplikaziotik, ETBren plataformen bitartez, Youtubeko emanaldi "piraten" bitartez... Zuzenean baino askoz gehiago ikusten da bide horietatik. Fikzioa beste era batera kontsumitzeko ohitura hartu dugu.         

Zuri egindako elkarrizketa baten izenburua irakurriko dizut: "Fikzioaren gorakadak ez du eraginik izan gidoilarien soldatetan".

Soldatena, egia esan, ez da hain funtsezkoa. Izan ere, gure hitzarmenari begiratzen badiozu, esan dezakezu: "Hara, bapo kobratzen dute eta!". Gutxienekoa hileko 1.800 eurokoa da. Kontua da ez dugula urtean hamabi hilabetez lan egiten, ekoiztetxeen lantaldeetan dauden gutxi batzuek izan ezik. Esaterako, ni iazko ekainera arte Go!azen-en azken denboraldian lanean ibili nintzen, uztailean beste aste bi proiektu berri batean, abuztuan deitu egin zidaten «oporretan» nengoela (hau da, kanpoan egun batzuk pasatzen, baina langabezian), testu bat berridatzi beharra zegoela eta ea biharamunean joan nintekeen, beste aste birako, eta gero azaro-abenduan beste lan batean. Eta bitartean, neure proiektu batzuk sortzen. Urtarrilean, berriz, Go!azen-en hurrengo denboraldian hasi naiz.  

Hori da gidoilari arrunt baten bizimodua?

Bai, eta gainera gaur etxean nabil beharrean, bihar Bilbon, etzi Donostian, eta hurrengoan ez dakit. Gerta daiteke ere sei hilabetean lan-eskaintzarik ez jasotzea. Gure borrokak baldintza horiekaz zerikusia du. Orain gutxi lortu dugu [Espainiako] Diputatuen Kongresuan dokumentu bat onartzea, sortzaileen lan-baldintzen gainean. Momentuz, eta lege zehatzen bidez arautzen ez den bitartean, ez da asmo hutsa bano askoz gehiago. Hala ere, urtarrilean lehenengo ondorioa ikusi dugu: % 10eko BEZagaz fakturatu ahal izango dugu, %21 ekoagaz beharrean. Horrez gainera, badaude neurri batzuk, arlo fiskalekoak, lanekoak... datozen urteetan gauzatu beharko direnak, eta hainbat ministerioren eskumenezkoak direnak. Talde politiko denek arrazoia ematen digute, gure eskariak zentzuzkoak dira eta, baina neurri batzuk garatzeko zailak izango dira.    

Zuen lana ikusarazteaz ere berba egiten duzue, ezta?

Bai, horregatik esan dut lehen soldatarena gutxienekoa dela. Gidoilariok ez dugu ospetsuak izateko grinarik, ez dugu gura jendeak kalean gu ezagutzea, baina bai gure lanaren balioa aitortu dadila. Adibide batez azalduko dizut: Ocho apellidos vascos, Espainiako historian ikusle gehien izandako pelikula estreinatu zenean, haren gidoilariak ez zituzten gonbidatu Goya Sarien emanaldira [filmak bost hautagaitza zituen, eta hiru sari irabazi zituen]. Zinema-sarietan, pelikula baten gidoia aipatzean, pelikularen izena aipatzen da, baina ez gidoilariarena.    

Herrialde anglosaxoietan ez ei da hala…

Ez hainbeste. Orain arte, Europan film baten sortzailea zuzendaria delako ideiaren eraginpean egon gara (Frantziatik dator pentsamolde hori). Baina askotan, zuzendariak pelikulagaz edozelango harremanik izan baino lehenago historia guztiz idatzita dago, guztiz sortuta. Ez diot zuzendariari dagokion egiletza kendu gura, baina gidoilaria ere sortzailea da. Eta urte askoan, batez ere espainiar zineman, hori guztiz ahaztuta egon da. Orain, telesail gehienetan zuzendari bat baino gehiago egoteari esker, zuzendari-sortzailearen ideia lausotu egin da, eta gidoilarien lana gehiago aitortu.    

Baina, badago hori legez arautzerik?

Ez noski, aitortza hori ez dago jasota Parlamentuan onartu den dokumentuan; fikzio baten kredituetan zerk agertu behar duen dioen legerik ez dago. Gu saiatu izan gara ekoiztetxeakaz jardun egokia arautzeko dokumentu bat adosten. Gero eta gutxiago gertatzen da, baina ekoizle batzuek (Euskal Herrian ez, baina Madrilen bai) euren izena ipini dute telesail baten «jatorrizko ideia» esaldiaren ondoan, lerro bakar bat idatzi ez arren, beharbada ideiatxoren bat gehitu izanagatik gidoilari batek emandako proiektu oso bati. Guk, FAGAn, gidoilarien lana ikusarazteko lan egiten dugu. Prentsa-ohar batean telesail bateko 22 aktoreak aipatzen direnean, eta gidoilaririk ez, gure izena ere agertzea eskatzen dugu.   

Eta zer arautu daiteke legez?

Guk gura dugu lanbidearen ezaugarri bereziak kontuan hartzea. Lana oso ezegonkorra da, diru-sarrerak ere bai. Pasa liteke urte oso bat etxean lanean ematea, norberaren proiektuak idazten eta dirurik irabazi gabe, eta hurrengo urtean hiru gidoi saltzea eta gainera telebistan lanean ibiltzea. Urte horretan dirutza eroango duzu poltsikora, eta horren ondorioz zerga altuak ordaintzea egokituko zaizu. Baina beharbada urte horretan irabazitako diruagaz hurrengo bostetan bizi beharko duzu, eta zergak ez dira horren arabera egokituko. Desoreka dago gainerako langileakaz alderatuta. Ogasunaren lana da orain hori konpontzeko arautzea, baina gaur egungo gobernua ez oso egonkorra, eta aldatuko balitz baliteke berriro hasi behar izatea, denek guri arrazoia eman arren.      

Esan diguzu zer soldata jaso daitekeen ekoiztetxe batentzat lan eginda, baina autonomo modura dabilen gidoilariak zenbatean sal dezake gidoi bat?

Hasteko, esan beharra dago erosleak ezartzen duela prezioa, batez ere hemen, Euskadin, azken erosle bakarra dago eta: ETB. Haiek ipintzen dituzte salneurriak eta epeak, guk ekoiztetxeetatik kobratu arren. Zinemari dagokionez, gidoi baten truke 5.000 euro kobra daitezke, edo 50.000, edo gehiago.

Badago gutxieneko tarifarik?

Ez, legediak ez du halakorik baimentzen. Lehiaren Defentsaren Legeak, Movistar, Vodafone eta halakoek preziorik ez adosteko sortua zenak, profesional liberaloi eragozten digu gutxieneko prezioak ipintzea, eta are gehiago, ohiko edo batez besteko prezioen gidak argitaratzea ere.    

Kate handiak pozik egongo dira...

Jakina. Halako gidak argitaratzeko arrazoia ez litzateke gutxieneko prezioak ezartzea, nik gura banu musu truk ere lan egin nezakeelako proiektu bat gustatuz gero edota zuzendariaren laguna izanez gero, adibidez. Baina nik gidoi bat idatzi badut eta zuzendari batek esaten badit "honengatik 3.000 euro ordainduko dizut, horixe baita normalena", aukera eduki gura dut erantzuteko "ez, begira, taula honek argi dio hori ez dela normalena, 15.000 baizik". Gero, 3.000 euroan saltzea ala ez, nire hautua izango da. Baina ez diezaiegun iruzurrik egin geure buruei.

Zenbat denbora behar da film luze baten gidoia idazteko?

Egin zenezake hiru hilabetean, horretan buru-belarri jardunez gero, baina seguruenik gidoi txarra izango da. Adibide bat: Go!azen-en, bost gidoilariko talde batek hilabete bi eman ditu beste barik hurrengo denboraldian zer jazoko zen erabakitzeko. Eta hori, aurretik prest edukita unibertsoa, pertsonaiak...  Tramak egiten dira, kapituluz kapitulu banatuta; pertsonaien eboluzioa pentsatu beharra dago; tramek elkarrekiko koherenteak izan behar dute; horren denaren iraupena kalkulatu beharra dago...   

Hori dena gidoilariaren meritua da?

Noski. Elkarrizketak idaztea erraza da, platerari azken ukitua ematea, zelanbait esateko. Hori da azken lana, eta aurrekoa ondo egin baduzu ez da zaila. Puzzlea osatzea da zaila. Eta are zailagoa telesail batean. Gidoiak idaztea, izan ere, sudoku erraldoiak egitearen modukoa da. Pentsa, Go!azen-en, bost lagunen hilabete biko lana horretarako. Eta gero, kapitulu bakoitza idazteko hamar egun. Bakoitzak zati bat idazten du, eta gidoi-koordinatzailea arduratzen da osotasunari koherentzia ematen. Egindako lanaz konforme gaudenean ETBri eroaten diogu.  

Bide batez, Go!azen gaztelaniaz idazten dela esan didazu lehen...

Lantaldeko batzuek gaztelaniaz idazten dute, eta besteek euskaraz. Hala ere, azken bertsioa euskara hutsezkoa da, elkarrizketak ez diren zatiak barne. Filologo-talde bat arduratzen da hizkuntz zuzentasunaz.

Ez da harrigarria ETB1erako fikzio baten zati bat gaztelaniaz idaztea?

Bai. Kontua da euskaraz lan egiten duten fikzio-gidoilari gutxi daudela herri honetan. Eta beste askok ikasgai hori daukagu gainditzeke, niretzat behintzat arantza handia da euskaraz ez idaztea, euskaltegietan sartu-irtenean ibiltzen naiz. Azkenean, ahalik eta irtenbiderik onena topatzeko ahalegina egiten da. Egia esan, uste dut azken emaitzak euskara hobea duela denok zuzenean euskaraz idatziko bagenu baino. Go!azen-en kasuan, nerabe eta gaztetxoentzat denez, arreta berezia ipintzen da horretan.   

Zentsura eta autozentsura daude gidoigintzan?

Bai noski, biak. Eta logikoa ere bada. Alde batetik zentsura komertziala dago, hau da, zure ikusleak nortzuk izango diren kontuan hartzea. Nik idatz nezake sudur-puntan jartzen zaidana, baina bere dirua eta bere langileena arriskuan ipintzeko prest legokeen ekoiztetxe bat topatu beharko nuke gero. Eta ekoiztetxe horrek arazo bera edukiko luke kate bat topatzeko. Espainiako Estatuko, eta bereziki Euskal Herriko ikus-entzunezkoen industria oso prekarioa da, eta ahalik eta gutxien arriskatzeko joera dago. Bestalde, zuzentasun politikoa ere hartzen da kontuan. Go!azen-en, berbarako, gogoan izan behar dugu umeak hezten gabiltzala. Edozein gauza idazten duzula, beti eduki behar duzu kontuan norentzat idazten duzun. Adibidez, ez dugu berdin idazten, edo behintzat ez genuke berdin idatzi behar, kate publikoetarako eta pribatuetarako. Kate publikoek funtzio soziala daukate, eta hori ere oso garrantzitsua da.

 

Tiraderetan betiko galdutako bibliak

"Ez dakit nork esan zuen Espainian zinemarako gidoiak idazteaz hamar lagun baino ez direla bizi, eta ez direla urtero berberak", diosku Ana Hormaetxeak. Gidoilari batek denbora luzea eman dezake proiektu bat idazten, eta beharbada bost gidoitik bakarra salduko du. "Denbora luzea eman dut libre neuzkan tarteetan telesail-proiektu bat garatzen. Getxon gertatzen den istorio bat da, emakumezko protagonistak dituena. Bartzelonako ekoizle bati bidali nion biblia esaten zaiona, hau da, pertsonaien eta tramen deskribapena, kapituluen laburpena, baita lehenengo kapitulu osoa ere. Urtebete daroate ekoizteko finantzazio bila, eta azkenik errodatuko balitz baliteke nik 30.000 euro jasotzea lan horregatik. Diru asko dela ematen du, baina kontua da nik 5-6 urte eman ditudala haregaz, eta egia esan oraintxe etorkizun iluna dauka proiektuak". 

Ordu eta laurdeneko kapitulutzar horiek

Espainian sortutako telesailei kapitulu luzeegiak izatea leporatzen zaie sarritan. "Antena 3 eta Telecincon 70 minutuko kapituluak zituzten komediak eman dituzte, arrazoi komertzialengatik, prime time osoa bete gura zuten eta; amaiezinak ziren! Baina orain gehienak 50 minutukoak dira". Globalizazioari eskertu behar zaio hori, Ana Hormaetxearen esanetan: "Kanpo-merkatuan gehiago saltzen da, eta nazioarteko joerari egokitu beharra dago". Gidoilariak, badaezpada ez den argi geratu, kapitulu laburragoak egitearen alde daude zeharo.

Zuzendariaren eremuan ez sartu

"Pantailarako idaztearen eta bestelako generoen arteko ezberdintasun nagusia da gidoiak oso modu bisualean egin behar dituzula. Eleberri batean idatz dezakezu 'Koldo, Enekoren anaia', baina pantailan agian ezin duzu esan 'kaixo, anaia'. Beste era batera azaldu beharko duzu harreman hori, beharbada logela berean lo egiten erakutsiz edo... Horrez gainera, elkarrizketetakoa izan ezik gidoietako hizkera funtzionala da, zenbat eta argiago eta zuzenagoa hobe. 'Urlia dator, motxila ohe gainean uzten du eta badoa'. Ez da komeni zuzendariari dagozkion erabakietan sartzea, eskuaren hurbileko planoa filmatu beharra dagoen ala ez, travellinga egin beharra dagoen ala ez...". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun