Elkarrizketak

"Memoria historikoaren beharra funtsezkoa da, giza eskubideen oinarrian dago"

Ainhoa Bretos 2019ko ots. 11a, 09:37

Dionisio Aretxabalaren biloba da Antton Azkargorta. Bere aitite zenaren gorpuzkiak ekarri berri ditu Algortara ©HODEI TORRES

Elizako egutegiko izena ipintzea derrigorrezkoa zen garaian jaio zen Anton Aretxabala algortarra, ofizialki Dionisio. 1896ko apirilaren 8an sortu zen mundura, eta 1939ko apirilaren 19an hil zen, Cádizko espetxean zegoela. Bere atxiloketaren arrazoiak ezezagunak dira familiarentzat, baita autopsiaren txostena ere. Cádizko hilerria altxatzen ari zirela aurkitu dute bere gorpua.

80 urte beranduago, aitita Algortara ekarri dute bueltan beraren bilobek, Jon eta Antton Azkargortak. Bigarrenagaz egin dugu elkarrizketa.

Cádizen lanean zegoela atxilotu zuten zure aitite.

Bai, nire aitite marinoa zen, itsasgizona. Zamaontzi batean zegoen makinista lanak egiten, karga eramaten zuten portu batetik bestera. Cádizera heldu zen 43 urterekin, 1938ko abenduan edo 1939ko urtarrilean, ez gaude seguru. Bertan zegoela atxilotu zuten, oraindik ez dakigu noiz eta zergatik.  Ez zitzaion ezagutzen inongo militantzia politiko edo sindikalik, ezin dugu esan errepresaliatu politikoa zenik. Misterio bat da guretzat bere atxiloketa.

Nola jakin zuen zure familiak atxilotuta zegoela?

Berak idatzitako gutun baten bidez jakin zuten. Guztira hiru gutun eta postal bat bidali zituen han zegoela. Atxilotu zutela ipintzen zuen, baina ez zuen arrazoirik azaltzen. Egunerokotasuneko gauzak kontatzen zituen, umeei buruzko galderak eta holakoak. Inoiz ez zuen aipatu zer gertatu zitzaion. Hala ere, bere gutunetan ez zen inoiz desesperatuta edo deprimituta agertzen. Gehiago esango dut, bere azken gutunean esaten zuen laster itzuliko zela etxera.

Ez zen itzuli, ordea.

Ez. 1939ko apirilaren 19an gutun bat bidali zuten espetxetik esanez nire aititek bere burua urkatu zuela. Bere emazteak sekulako disgustua hartu zuen, noski, bikoitza gainera, garai horretan suizidioa pekatua baitzen familia katoliko-kristau batentzat. Dena den, sumatzen zuten bertsio hori ofiziala zela, baina ez zegoen modurik baieztatzeko. Orain jakin dugu bere garaian autopsia egin ziotela, txosten horretan zer jartzen zuen, ordea, ez dakigu. Txostena existitzen den ere ez dakigu.

Saiatu zarete gertatu zena argitzen?

Franko bizi zen artean eta trantsizio garaian ez zegoen modurik ezer galdetzeko, arriskutsua zen eta ez genekien nondik hasi. Familietan zauri baten moduko zerbait uzten dute halako gauzek. Ni txikia nintzela ezagutu nuen nire aitaren aita, eta logikagatik pentsatzen nuen nire amak ere eduki behar zuela aita bat. Galdetzerakoan ez zidaten erantzunik ematen, dena ziren begiradak, eta noski, sumatzen nuen zerbait arraroa zegoela. Isiltasun horrekin hazi gara, beti egon da zerbait inoiz ez duguna jakin. Nire aititeren agertzearen berri suertatu zen Andaluziatik deitu zigutenean.

Zelakoa izan da prozesua?

Dirudienez, 1992an erabaki zuten ez zutela inor gehiago lurperatuko Cádizko kanposantuan, gainezka zegoelako. Inguruko kanposantu zahar asko altxatu eta Chiclanan egin duten hilerri handi batera eraman nahi dituzte gorpuak. Ez da prozesu erraza, jakin behar dute nor dagoen hor lurperatuta eta familiarekin hitz egin. Erregistroan nire aititeren izena agertu zen, eta ez dakit nola asmatu zuten baina gurekin jarri ziren kontaktuan.

Poz handia hartu genuen eta Cádizera joan ginen. Jesus Roman izeneko arkeologo munizipalarekin hitz egin genuen, baita Jose Gener antropologo-forensearekin eta Jose Luis Gutierrez historiadorearekin. Kristoren mesedea egin digute, oso langile finak dira eta oso profesionalak, asko zor diegu. 2015ean aldaketa politikoa egon zen eta Podemosek hartu zuen Cádizko alkatetza. Momentu horretatik aurrera diru gehiago jaso dute eta sistematikoki egin dute lan.

Momentu txar bat egon zen. Erregistroak esaten zuen nire aitite toki batean zegoela lurperatuta, baina gorpua ez zen agertzen kokapen horretan. Hilobiak zenbatu zituzten eta ez zeuden denak. Geroago ikusi zuten tartean hormigoi plaka bat zegoela. Hori apurtu eta behean beste lau hilobi zeudela ikusi zuten, bata nire aititerena. Aranzadi Elkartekoak etorri ziren, konparazio bat egin zuten nire amaren listua eta aititeren hezurretatik hartutako DNAarekin, eta positibo eman zuen. Guztira bost urte inguru igaro dira deitu zigutenetik, lana oso korapilatsua izan da.

Aipatu dituzun hiru horiek, elkarregaz egin dute lan?

Bai.  Hori oso pozgarria izan da guretzat. Elkarrekin egiten dute lan Cádizko Udaletxeak, Andaluziako Juntak eta "Plataforma por la Memoria Historica" izeneko herri-iniziatibak. Mezu interesgarria da, memoria historikoaren beharra funtsezkoa baita, giza-eskubideen oinarrian dago, eta ezin da horren gaineko eztabaidarik egon.

Zein ondorio dakar gertaera honek zuentzat eta gizartearentzat?

Guretzat pozgarria izan da, gorpuzkiak agertzerakoan lasaitasun apur bat hartu dugu. Baina oraindik jakiteko daukagu zergatik atxilotu zuten, eta zergatik agertu zen hilda kartzelan.

Gizartearentzat oso garrantzitsua da. Cádizen egon ginenean prentsaurreko bat ematea eskatu ziguten, badituztelako hainbat gorpuzki identifikatzeko eta jendea animatu nahi dute DNA probak egitera. Sumatzen dut jendea beldur dela, hala ere. Cádizen ez zen gerra zibilik egon, baina frankistak heldu bezain pronto hasi ziren pertsonak hiltzen, ehunaka. Herria beldurtzeko helburua zuten eta lortu zuten. Cádiz, beste probintzia batzuk bezala, traumatizatuta dago. Horregatik, ahalegin guztiak egin behar ditugu gauza hauekin aurrera jarraitzeko, eta halako istorioak, ahal den neurrian, argitu daitezen.

Orain zineman "El Silencio de los Otros" izeneko pelikula ematen dute, frankismoaren biktimen ingurukoa da. Horren harira, Chato Galanteri egindako elkarrizketa bat irakurri dut. Bertan galdetzen diote ia bere ustez ahanztura den gaur egungo Espainiako gizartean dauden arazoen arrazoia. Bere erantzuna honakoa da: "40 urtez errepresio metodo oso bortitz baten bidez funtzionatu duen diktaduraren aparatua mantendu du bizi izan dugun trantsizio motak. Eta horrek izugarrizko trauma eragin du".

Nire ustez, erantzun horretan argi geratzen da zer dagoen istorio honen atzean. Ahanztuarazi nahi izan dituzte gauza asko, baina justizia minimo bat behar da. Ezin da demokraziarik eta gizarterik eraiki isiltasun eta injustiziaren gainean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun