Udal-hauteskundeak 2019

Eduardo Andrade: “Lozorro jeltzaletik esnatu behar dira getxoztarrak, gure udalerria erreferente izan dadin berriro”

Kerman Santiago Alkorta 2019ko ots. 25a, 12:49

© PP

Eduardo Andradek, PPren hautagaia Getxoko alkatetzara, agerraldia egin zuen atzo Areetan. Autobus batean egin zuten bidea Ereagako hondartzatik, Erromo eta Algortatik igaroz. “Despierta Getxo” popularren goiburua ageri zen autobusaren magalean.

Alfonso Alonso, Raquel González eta Marisa Arrue, PPren presidenteak  EAEn, Bizkaian eta Getxon, hurrenez hurren, egon ziren Andradegaz batera domekan. Aparkatzeko zailtasunaz, kaleen segurasun ezaz eta gazteen emantzipazioaz egin zuen berba hautagaiak. 

Andrade kritiko agertu da EAJgaz hasieratik: “Euren ateak itxi behar izan duten komertzioak badaude Getxon, aparkatzeko arazoa dela eta. Horregatik aparkalekuak eraikitzea proposatzen dugu; Areetako geltokiaren ondoan, Gobelaurren, Ereagan eta Arrigunagako jaitsieran, besteak beste”.

“Kaleetako garbitasunak ere huts egin du, EAJ eta EHBilduren akordioari esker. Zaborrontzietako pedalak kendu zituzten eta kaleetako garbiketa murriztu zuten”, adierazi du hautagaiak. Gainera, udal-poliziak azken urteetan aurrera egin ez duela dio: “Udal-poliziak segurtasunarekin patruilatu behar ditu kaleak, delitugileak uxatzeko”.

Amaitzeko, jaiotza-tasak gora egitearen alde agertu da alkategaia: “Eskolako gastuetarako laguntzak bultzatu nahi ditugu. Gainera, etxeak eraikitzea ahalbidetu behar dugu, gazteen mesedeetan”.

40 urteren ondoren EAJren Udalak aldaketa behar duela uste du Andradek: “Lozorro jeltzaletik esnatu behar dira getxoztarrak, gure udalerria erreferente izan dadin berriro”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun