Elkarrizketak

Desirée Bela-Lobedde: "Edertasun-kanonak arrazistak dira, presio egiten diete gorputz beltzei"

Unai Brea 2019ko mar. 2a, 19:18

Inposatutako edertasun-kanonek emakume beltz asko bultzatu dituzte osasunerako tratamendu kaltegarriak erabiltzera, Desirée Bela-Lobedderen esanetan. UNAI BREA

Mujeres con Voz elkarteak antolatuta, "Afrofeminismoak. Ahalduntzea, afro estetikaren bidez" kafe-solasaldia egin zuten Algortan martxoaren 2an. Desirée Bela-Lobedde, Katalunatik etorritako ekintzailea izan zen gonbidatu nagusia; solasalda hasi baino apur bat lehenago HIRUKAgaz berba egin zuen.

Vilanova i la Geltrú-n (Bartzelona) jaio zen Bela-Lobedde, eta bertako udaleko funtzionarioa da ogibidez. Gurasoak Ekuatore Gineakoak ditu. 2011n sortu zuen bloga, eta ordutik hainbat lan argitaratu ditu aktibismo afro estetikoaz.

Aktibismo estetikoa, zer da hori?

Aktibismoaren adar bat da, plano estetiko eta ustez behintzat azalekoago batetik abiatzen dena. Edertasunaz pentsatzean, horixe baita burura datorkiguna. 

Hori baino askoz gehiago dela aldarrikatzen duzu zuk, ordea.

Emakume beltzen kasuan bai. Gure gizarteetan ezarrita dauden edertasun-kanonak berez errealitatetik urrun samar daude emakume denentzat, baina gainera kanon zuriak izan ohi dira. Emakume zurien edertasunari ematen diote lehentasuna, ile luze eta lisoa... Emakume beltzok ez gara sekula kanon horren barruan egongo.

Baina askok saiakera egin bai...

Asimilazioz, denbora luzean, ilea lisatzeko eta azala argitzeko tratamenduak egin ditugu, oso produktu erasokorrak erabilita, gure osasunen kalterako. Honenbestez, aktibismo estetikoak hainbat funtzio ditu: batetik, afro ilea eta azal beltza duten pertsonei informazioa eta baliabideak ematen dizkie ile eta azal hori zaindu ahal izateko, euren egoera naturalean. Bestetik, ikusarazten du arrazismoak edertasun-kanonak blaitzen dituela, eta emakume askori gure gorputzentzat osasungarriak ez diren jardunak inposatzen jarraitzen duela.

"Azaleko" berba erabili duzu. Halakorik leporatu dizute beste aktibismo ustez "sakonagoek"?

Bai. Batzuek auzitan ipintzen dute nik egiten dudana, "borrokari" ekarpenik egiten ez diolakoan. Noski, hori diotenek ez dute afro ile bat zaindu beharrik, ez dute presio estetiko hori sentitzen. Bizipen hori ez izatearen pribilegiotik abiatuta zilegitasuna kendu edo eman gura izatea oso ausarta begitantzen zait. Nik badakit egiten dudanak balio bat duela batzuentzat, pertsona askok eskertzen didate.

Edertasun-kontu hutsetatik egin zenuen bidea feminismora eta arrazakeriaren aurkako borrokara, edo alderantziz?

Lehenengoa. Bloga sortu eta emakume askoren iruzkinak ailegatzen hasi zitzaizkidan, ez dakit zein orrazkera-motagatik edo ez dakit zein edertasun-produkturengatik eskerrak emateaz gain, esaten zidatenak nire blogak bultzatuta euren identitatea lantzen ere hasita zeudela. Orduantxe esan nion neure buruari: "Hau ez da estetika-kontu hutsa". Edertasun-kanonak arrazistak dira, presio handia egiten diete gorputz beltzei. Batzuetan, emakume beltzok ez gaituzte lan baterako kontratatzen gure ilea dela eta. Emakume denok dugun kristalezko sabaiari hori gehitzen badiogu... Argi daukat aktibismo estetikoa feminismo beltzaren barruan dagoela.

Feminismo beltza aipatu duzunez... Zelakoa da feminismo zuriagaz harremana? Lankidetza-borondatea dago, edo batzuetan tirabiratsua da? 

Oso galdera garrantzitsua. Feminismo zuri hegemonikoak modu okerrean "periferiko" esaten dion  feminismo horietako bateko kidea naizen heinean, nik neuk behintzat (eta nire izenean baino ez dut berba egiten), feminista zuri bati zerbaitengatik kargu hartzen badiot, ez dut egiten dut giro txarra edo zatiketa sortzeko. Hala ere, horixe egitea leporatzen digute etengabe. Feminista zuri bati bere arrazakeria errebisatzeko eskatzen badiot, bere kritikotasuna lantzera animatzeko egiten dut. Horrek balio diezaiola konturatzeko gai batzuek berari ez diotela eragiten, baina beste emakume batzuei bai, eta gai horiek ere kontuan hartu beharra dagoela. Askotan, feminismo zuriak ez gaitu aintzat hartzen, kanpoan uzten gaitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun