Jazzaldian joko duten lehenengo artisten izenak ezagutarazi dituzte

Unai Brea 2019ko mar. 7a, 14:13

Andrea Motis bartzelonarra izango da Jazzaldiaren lehenengo eguneko artista nagusia. GETXOKO KULTUR ETXEAK UTZIA

Lau hilabete falta dira hasteko, baina daborduko Getxoko 43. Jazzaldiaren iragarpena egiten hasi da Getxoko Kultur Etxea. Emanaldiak Muxikebarrin egingo dituzte, eta sarrerak maiatzaren 2tik aurrera ipiniko dituzte salgai, ohiko lekuetan.   

Uztailaren 3tik 7ra bitartean egingo dute Jazzaldiaren 43. edizioa, Muxikebarri estreinatu berrian. Jaialdiaren ordainpeko saioetan joko dutenetako biren izenak zabaldu ditu Getxoko Kultur Etxeak: Andrea Motis tronpeta-jotzailea, lehenengo egunean, eta Madeleine Peyroux kantaria uztailaren 6an.

Kataluniatik etorriko da Andrea Motis gaztea, Espainiako Estatuko jazz-zirkuituetan indar handiz agertu den musikaria. Hainbat kolaborazio garrantzitsu egin ostean, 2017an grabatu zuen bakarkako lehenengo diskoa (Emotional dance), 21 urte zituela. Oso kritika onak jaso ditu lan horrek.

Eskarmentu handiagokoa dugu Madeleine Peyroux estatubatuarra (1974), Billie Holidaygaz konparatu izan duten kantari arrakastatsua. 1996an lehenengo diskoa kaleratu zuen, Dreamland. 200.000 ale saldu zituen, eta ondoren zortzi urte ema zituen agertokietatik kanpo. 2004tik, berriz, beste bederatzi disko grabatu ditu.

Ordainpeko saioen aurretik talde gazteen lehiaketa egingo da, ohi denez. Aurten hamasei herrialdetako 66 talde ibili dira lehenengo fasean, eta daborduko epaimahaiak aukeratuta ditu finalean joko duten laurak: Szymonklekowicki Sextet (Polonia), Claudio Jr. de la Rosa (Herbehereak), Marc Martin Trio (Katalunia), eta Jose Angel Llorente 5tet (Espainia). Uztailaren 3tik 6ra jardungo dute talde horiek; irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte, eta zuzeneko diskoa grabatuko zaie.

Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera erosi ahal izango dira Kutxabank sarean eta Getxoko kultur etxeetan. 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun