Getxoko Udalak adierazi duenez, udalerriko tradizio toponimikoan oinarrituta dago aretoaren izena. Izan ere, azaldu dute kokatuta dagoen eremua Muxikelanda deitzen dela, Getxoko leku-izenak liburuak jasotzen duenaren arabera.
Dirudienez, Muxike familiatik hartu zuen izena. Toponimoari, -barri atzizkia gehitu diote "Getxon oso sustraituta dagoen ohitura" baita eraikin zaharren gainean eraikitzen diren etxe berriek atzizki hori hartzea, udal-gobernuak dioenez. Euskaltzaindiaren arabera, bestalde, Muxika da jatorrizko izena, eta amaierako -e hori ahozko aldaera bat besterik ez da. Inguruan dagoen Muxikeaurrekoa kalea eta "koherentzia" kontuengatik Muxike formari eustea erabaki du Udalak.
Astelehen goizean egin dute eraikin berriaren aurkezpen-ekitaldia. Ibon Rodriguez EH Bilduko zinegotziak sare-sozialetatik kritikatu duenez, Getxoko udal-gobernuak komunikabideak gonbidatu ditu bisitaldira, eraikinaren izenaren eta programazioaren gaineko informazioa azaldu, eta beranduago deitu die oposizioko alderdi politikoei. Adierazi duenez, hilabeteak daroatzate kultura-eskaintzaren gaineko informazioa eskatzen, eta "ukatu" egin zaie.