2018ko udatik, udalerriko airearen kutsadura-mailak hilabete guztietan gainditu ditu Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatutako baloreak, Kike Prada Guk Getxoko zinegotziak azaldu duenez. Horrez gain, momentu batzuetan legeak ipinitako mugen gainetik ere egon dela esan du. Izan ere, legeak onartutako baloreen eta OMEk gomendatutakoen artean alde handia dagoela dio zinegotziak.
Kutsadura hori arriskutsua dela adierazi du Guk Getxok, bereziki umeentzat, gaixoentzat eta pertsona nagusientzat. Hala, Getxoko Udalari eskatu dio horren inguruko informazioa eta aholkuak emateko: "Mozio bi aurkeztu ditugu informazioa eta gomendioak aldarrikatzeko, eta biak ezeztatu ditu udal-gobernuak". Hortaz, arazoaren aurrean "isiltasuna" dela nagusi azaldu du Pradak: "Donostiako udal-gobernuak publiko egin ditu bertako airearen kalitatearen gaineko datu eta gomendioak, Getxokoak ez du nahi. Herritarron osasunarekiko interes falta izugarria da".
Kutsadura neurtzeko estazio bakarretik jasotzen ditu Getxoko datuak Eusko Jaurlaritzak. Aixerrota ondoan dago kokatuta, "Getxoko gune populatu eta kutsatuenetatik urrun", Pradak esandakoaren arabera. Hortaz, Areetako pasealekuan dagoen estazioko datuak jasotzeko eskatu du zinegotziak, "aire hori arnasten baitute udalerriko biztanle gehienek".
Udal-gobernuaren erantzuna
Getxoko udal-gobernuak demagogikotzat jo du Guk Getxok esandakoa, eta informazio hori gezurtatzeaz gain, gaur egun udalerriko airearen kalitatea "ona" dela adierazi du Jose Luis Landa zinegotziak: "Oraintxe, parametro guztiek, sufre dioxidoarena eta ozonoarena barne, adierazten dute airearen kalitatea ona dela, Eusko Jaurlaritzak Algortan paratutako kabinak ematen dituen datuen arabera". Horrez gain, azaldu du herritarren osasuna arriskuan jar dezakeen edozein gertaeraren aurrean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Sailak direla protokoloa indarrean jartzeko "erantzukizuna" dutenak.