Zelan piztu zitzaizun musikaria izateko grina?
Nire lagun batek materiala erosi zuen DJ izateko, inbidia eman zidan eta nik ere dendara jo nuen. Romoko Gaztetxean eman genituen gure lehen pausoak eta 2012. urtean jaietan jotzeko aukera luzatu ziguten. Horrela hasi zen Tekno Gaua ere.
Zenbat kide zineten taldearen hasieran?
Lau DJk sortu genuen proiektua eta gaur egun ni naiz gelditzen naizen bakarra. Lan-kontuak direla eta taldea utzi behar izan zuten beste kideek. Orain, beste musikari batzuek laguntzen didate kontzertuetan.
Bakarrik utzi zintuzten...
Lana da garrantzitsuena, eta eurek ezin zuten aldi berean proiektua gauzatu eta lan egin. Nik bai, baina ez naiz honetaz bizi, hobby-a da. Niri ere jaten ematen didana nire lana da, argi-teknikaria naiz.
Ez duzue etekin handirik ateratzen, beraz...
Hamaika urte daramatzat Romoko Jaietan jotzen eta ez dut euro bat ere kobratu. Ez dut sekula eskatu eta ez dut egingo. Nire auzoa da, eta uste dut ekarpena egin behar dudala. Kanpora goazenean, ordea, zertxobait kobratzen dugu, gutxi, hala ere.
Zer da Tekno Gaua, zehazki?
Euskal folklorea eta musika elektronikoa uztartzen dituen zuzeneko musikako emanaldia; txalaparta, trikitixa eta txistua sartu izan ditugu abestietan, besteak beste. Albokarekin ere zertxobait egin dugu, baina ez dugu emaitza eraginkorrik lortu, instrumentuaren soinu zorrotza dela eta.
Arrakasta izaten du urtero jaialdiak...
Bai. Jendez lepo egoten da plaza urtero Tekno Gauan egia esan, bikain funtzionatzen duen ekimena da. Hala ere, oso gaztea da gure publikoa, eta nik nahiago nuke gure kontzertuetara 25 eta 30 urte bitartean dagoen jendea etortzea.
Diskoteketan egon zara kontzertuak ematen, baita herriko jaietan ere. Zein gurago duzu?
Nik nahiago dut hamaika aldiz atari zabalean jo diskoteka barruan jo baino. The Image, NON, Sonora eta Feverren egon naiz musika ipintzen, besteak beste. Herriko jaietan; Erromon, Leioan, Portugaleten eta Basaurin. Mugitzen saiatu gara, baina musika mota hau herriko jaietan sartzea oso zaila da, konplexuengatik batez ere.
Zer dela eta?
Jendeari “musika elektronikoa” entzuten duenean izua sartzen zaio berehala gorputzetik, kontzeptua ez dator bat auzoetako jai herrikoiekin.
Zer esango zenieke herrietako jai batzordei eta ezagutzen ez zaituztenei?
Konplexuak albo batera utzi eta gure musika entzutera animatzen dut jendea. Gauza ezberdinak egiten ditugu guk, sekula ikusi ez direnak.
Zapatu honetan eman duzuen kontzertua, beraz, berezia izan da ere...
Hala da. Santana 27ra, adibidez, dantzariak eraman ditugu. Ez dugu ipintzen tipo bat musika jartzen kabinan, haratago goaz. Espektakulua egitea gustuko dugu, gauza ezberdinak, alegia.