Mobilizatzera deitu dute Getxon, gerraontziaren etorrera salatzeko

Ainhoa Bretos 2019ko mar. 21a, 11:51

Martxoaren 22an, barikua, ailegatuko da Juan Carlos I Espainiako armadako hegazkin-ontzirik handiena Getxora, eta bertan egongo da 24ra arte. Azaldu dutenez, ontzia bisitatu ahal izango du gura duenak.  

Askapenak, Ernaik, Sortuk eta Algortatik Hankak martxa herritarra antolatu dute gerraontziaren etorrera salatzeko. Martxoaren 23an, zapatua, egingo dute, goizeko 10:30ean Algortako kasinotik Kirol Portura. Idatzi duten adierazpenean azaldu dutenez, "Pertsiar golkoan maniobrak egin eta gero gurera bisitan datorkigun gerra ontziak hemen nork agintzen duen erakutsi nahi digu, eta boterearen kontra altxatzeak ekar ditzakeen ondorioak argi utzi".

Martxaren ostean, elkarretaratzea egitera deitu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Gerra Hemen Hasten Da dinamikak. 11:00etan egingo dute Getxoko Kaian. Diotenez, "bisita hau onartezina da, eta gure arbuiorik tinkoena adierazten diogu, bai gerra erakuskeria honi, bai herri urrunetako gerrekin aberasteko egiten den armen fabrikazio eta salerosketari".

Espainiako Estatutan eraikitako handiena da Juan Carlos I gerraontzia. Guztira 27.000 tonako pisua du, eta 232 metroko luzera. SH-3D helikoptero bat eta bost AV-8B Harrier hegazkin daroatza ontziak, pilotuak, itsas-infanteriako pertsonala eta bestelako langileez gain. Martxoaren 22an, barikua, ailegatuko da Getxora. Udaleko Bozeramaleen Batzordeak ohar bat zabaldu du bere desadostasuna agertzeko. Horren alde bozkatu dute EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Guk Getxo, kontra azaldu dira, aldiz, Ciudadanos/Herritarrak eta PP.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun