Ugartek Espainiako selekzioari uko egin dio

Erredakzioa 2019ko mai. 2a, 11:15

Ugarte goiko ilaran hirugarrena eskumatik hasita Euskal espedizioa, artxiboko irudian. © ALVARO SUSO - EKFB

Inhar Ugarte pilotari getxoztarrak uko egin dio Espainiako selekzioari, Asier Aspuru eta Ekhi Ziarrusta kideakaz batera. "Gara" egunkariak azaldu duenez, "Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren borrokan euren aletxoa jarri eta gaia gizarteratzeko asmoz" hartu dute erabaki hori.

Datorren urrian Estatu frantsesean jokatuko da Munduko kopa. Hala, hori prestatze aldera, Alfonso Sanz Espainiako trinket hautatzailearen deia jaso zuten hiru kirolariek apirilean. Hala ere, "Gara"k iragarri duenez, hirurek uko egin diote aukera horri, Espainiako selekzioak ordezkatzen ez dituelakoan.

Asier Aspuru abadiñarrak egunkari horri azaldu dionez, Munduko Kopa batean parte hartzea kirolari moduan arrakasta pertsonal bat lortzeko aukera ona izan daiteke. Baina, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko borrokan, pausotxo bat dela adierazi du.

Bizkaiko hiru pilotariek GRAVNIko finalak jokatuko dituzte asteburu honetan Hendaian, Bizkaia ordezkatuz. Aspuru bakarka arituko da, Ziarruste eta Ugarte bikotea osatuko duten bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun