Atzo iluntzean egin zuten, Algortako Fadura kiroldegian, “Getxo Sasoi-Sasoian” Kirol Sarien II Gala. Bertan, 2008ko kirolari getxoztarrik onena izendatu zuten Inhar Ugarte pilotari gaztea. Horretaz gain, Garazi Sanchez surflaria ere saritu zuten, “Getxo Kirol Berriak” atalean; eta Naiara Gomez piraguista eta Jonatan Larrañaga mendizalea “Getxo Kirol Sariak” atalean. Ekitaldira bildutako 500 bat lagunek botoa emanez aukeratu zuten, lau horien artetik, 2008ko kirolaririk onena: Inhar Ugarte, esan bezala. Pilotari gazteak 91 boto eskuratu zituen, Garazi Sanchezek 81, Naiara Gomezek 66 eta Jonatan Larrañagak 24. Imanol Landa alkateak galan nabarmendu zuenez, “berriro ere saritu nahi izan ditugu, profesionalak ez diren heinean, Getxon kirolarengatik eta kirolaren alde lan egiten duten gizabanakoen eta taldeen lorpen eta ahaleginak”. Oraindik 20 urte bete ez dituela, Inhar Ugarte algortarrak Yahaira Agirre ordezkatuko du kirolaririk onenaren tokian. Inhar bi-biko munduko trinkete txapelduna da Iker Gordon sopeloztarrarekin batera, joandako irailean Txileko Santiagon jokatutako txapelketan garaipena lortu eta gero. Argazkian, Inhar Ugarte Imanol Landa alkatearen eskutik saria jasotzen.